Homosexuala izateagatik jazarri dioten langile batek bi enpresaren kontrako auzia irabazi du

Keolis eta Transdev garraio enpresek, orotara, 15.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote langile ohiari. Garraio arloko CGT sindikatuko ordezkariek lan auzitegiaren erabakia txalotu dute.

CGT sindikatuaren manifestazio bat, artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko irailaren 20a
11:03
Entzun

Hamar urtez lankideen jazarpena jasan behar izan zuen autobus gidariak: homosexuala delako, eta CGT sindikatuko kidea delako. Hala aitortu du Paueko lan auzitegiak ere (Okzitania), eta hori ikusita deus ere ez egiteagatik kondenatu ditu Keolis eta Transdev garraio enpresak. Bakoitzak 7.500 euroko kalte ordaina eman beharko dio langile ohiari. Lapurdiko BAM eremuko Chronoplus garraio sarean egiten zuen lan.

Garraio arloko CGT sindikatuko ordezkarien arabera, lan auzitegiaren erabakia «arduratsua eta erralista» da. Izan ere, ekainean epaitu zuten afera, eta atzo eman zuen erabakiaren berri epaileak. Honela mintzatu da Fabrice Michaud CGTko ordezkaria Sud Ouest egunkarian: «Jazarpena biziki zabaldua da enpresetan, baina arras gutitan zigortua da. Ez da erraza mintzatzea, are gehiago enpresak ez direlarik gertatzen denaren larritasunaz jabetzen».

CGTk salatu du, halaber, 2020an kanporatu zutela autobus gidaria. Muturreko egoera horretara iritsi baino lehen, lankideek irainak egin zizkioten bere orientazio sexualagatik, Aña Mari Mendiburu haren abokatuak esplikatu duenez. 2016tik, lan geldialdian zen langilea, eta, CGTko ordezkarien arabera, CGTko kide izateak «haren egoera okertu du», kanporatzeraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.