ELAk hezkuntzako lan baldintzez aritzeko mahaia eratzeko eskatu dio Jaurlaritzari

ELAk ekarpenak egin dizkio Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroari. Negoziaziorik ezean, prest daude mobilizatzeko eta grebara joateko.

ELAren, LABen eta Steilasen protesta bat, Eusko Legebiltzarraren atarian, hezkuntza akordioa egin zuten egunean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 20a
15:50
Entzun

Beste hainbat eragilek bezala, ELA sindikatuak ere argitu du zer ekarpen egingo dizkion Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroari. Prest agertu da horien inguruan Eusko Jaurlaritzarekin eta Eusko Legebiltzarreko alderdiekin eztabaidatzeko, eta, bide horretan, lan baldintzei buruz jarduteko mahai bat eratzea galdegin dio Jaurlaritzari. Ordea, negoziaziorik egon ezean zer egingo duen ohartarazi du: «[ELAk] Hezkuntza komunitateko beste eragileekin batera, mobilizazioak eta grebak sustatuko ditu, hezkuntza eredu propio baten alde eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko lan baldintzen alde». Hezkuntzarako diru publiko gehiago jartzea ere nahi dute: BPG barne produktu gordinaren %4,7 hezkuntzarako erabiltzea dute jomuga.

Sindikatuak zenbait gairen inguruan duen ezinegona jarri du mahai gainean, «hutsuneak» ikusten baitizkio dokumentuari. Lan baldintzei erreparatuta, sindikatuen parte hartzea jaso behar duela iruditzen zaie, «norberaren ordezkaritza errespetatuz». Sindikatuen eskaera historiko bati ere egin dio aipamena; egonkortasuna lortu beharrari, alegia: «Ibilbide zehatz bat adostu behar da hezkuntza publikoan behin-behinekotasuna hiru urtean %8tik behera kokatzeko». Itunpekoko baldintzei dagokienez, uste dute sare publikokoarekin parekatu behar direla bost urtean, baita langileak kontratatzean gardentasuna bermatu behar dutela ere, besteak beste. Eta, oro har, hezkuntzan lanpostu gehiago behar direla nabarmendu dute.

Hezkuntza ereduaren aldaketaz ere badute zer esana. Iruditzen zaie curriculuma bertan ondu behar dela, eta curriculum hori Espainiako Gobernuaren aurrean defendatzeko akordio soziopolitiko bat erdietsi beharko dela. Halaber, ikasmaterialgintzan ere autonomia galdegin dute, baita euskara gehiago eskaintzea ere: «Irakats hizkuntza izateaz gain, euskararen presentzia eskolaren jarduera guztietan bermatu behar da —jantokian, eskolaz kanpoko ekintzetan, jolas orduen zaintzetan, autobus zerbitzuetan...—, baita euskararen erabilera neurtu ere».

Beste gai gatazkatsu bati ere heldu dio sindikatuak, sare publikoaren eta itunpekoaren garrantziari. Esan du hala nahi duten itunpeko ikastetxeei publifikatzeko bidea zehaztu behar zaiela. Gainerako itunpekoek, berriz, doakoak izan beharko dute, eta gardentasunez arituko dira: «Finantzaketa publikoa jasotzen duten eskolek kontuak argitaratu beharko dituzte, eta Gardentasun Mahai bat sortu beharko da sindikatuekin, guraso elkarteekin eta alderdi politikoekin». Doakotasunaren arloan, zehazgabetasunak sumatu dizkiote testuari, eta eskatu dute, esaterako, argi uzteko azpiegiturak nola ordainduko dituzten. Kuotarik ez dutela kobratzen ziurtatzeko gutxienez 30 ikuskari hartzea ere nahi dute.

Segregazioari aurre egiteko neurriak ere baditu sindikatuak: ikasle zaurgarriak eta zaurgarriak ez direnak modu proportzionalean banatzea —proportzio horrek eta herrikoak berdinak izan beharko dute—, eta eskola orok ikasle zaurgarrientzako lekuak gordetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.