Azpiegiturak

Noraino hel zaitezke bost orduan trenez?

Europako edozein geltokitik bost orduan nora hel daitekeen jaso du Benjamin Td ingeniariak mapa interaktibo batean. Tren zerbitzuan ere agerikoa da Euskal Herriaren banaketa administratiboa.

Euskal Herriko hiriburuetatik trenez bost ordutan iritsi daitezkeen lekuen mapa.
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 20a
16:16
Entzun

Errepidean gidatzera ohituta dagoenak jakin badaki gutxi gorabehera noraino heldu litekeen bost orduan. Errepidearen, ibilgailuaren, abiaduraren eta atsedenaldian arabera, Euskal Herritik 500 kilometrora dauden tokiak bisitatu daitezke. Gutxik jakingo du, ordea, noraino irits daitekeen denbora tarte berean trenez. Euskal Herriko banaketa administratiboaren eraginez, gainera, Iruñetik Donibane Garazira edo alderantziz trenez nola bidaiatu litekeen ere ez da erraza jakitea.

Baina galdera horren erantzuna Chronotrains.com atarian aurki daiteke orain. Egon badago modua Nafarroako bi hiriburuen artean trenez bidaiatzeko. Ez, ordea, bost orduan edo lehenago. Webgune horretan, Europako edozein geltokitik bost orduan nora irits daitekeen jaso du Benjamin Td ingeniariak. Denbora hori ez da erabat zehatza, ez baititu jasotzen tren batetik besterako itxaronaldian pasa beharreko minutuak edo orduak. Kalkulua egiteko, batez beste, hogei minutuko itxaronaldiak kalkulatu ditu. Denbora horri gehitu egin dio hiri batean zenbat desborra behar den geltoki batetik bestera joateko oinez, bizikletaz edo autobusez; zenbait kasutan eskuz berak sartutako kalkuluak direla ohartarazi du.

Horiek alde batera utzita eta trenean egin beharreko denborari erreparatuta, adierazgarria zer gertu dauden hegoaldeko geltokiak Espainiatik eta zer urrun, aldi berean Ipar Euskal Herritik. Eta gauza bera gertatzen da alderantziz. Esate baterako, Gasteiztik trenez denbora eremu berean daude Donibane Garazi (200 kilometro inguru errepidez) eta Villanueva de Cordoba herria (Espainia; 700 kilometro inguru errepidez).

Chronotrains mapa interaktibo bat da, eta gerturatuz eta urrunduz mugitu daiteke batetik bestera. Geltoki bat aukeratzeko, nahikoa da sagua gainetik pasatzea edo klik egitea. Bost eremutan margotzen ditu orduak: laranja da ordubetean iritsi daitezkeen tokiak hartzen dituena. Kolore maila bakoitza ordu bati dagokio: zenbat eta kolore argiagoa izan, ordubete gehiago behar da horra iristeko.

Aldi berean, mapan argi ikusten da nola dauden Europako estatutuetako tren zerbitzuak hiriburu nagusietan zentralizatuta. Madrildik eta Paristik, esate baterako, trenez Espainiako eta Frantziako mutur guztietara iritsi daiteke ia, Pirinioak salbu.

Egileak berak azaldu duenez, Direkt Bahn Guru mapa ikusita bururatu zitzaion lan hori egitea. Alemaniako hiri nagusietatik ateratzen diren trenak noraino heltzen diren eta zenbat denbora behar duten erakusten du horrek. Benjamin Td-k Europa osora zabaldu du bere mapa, eta bost orduko tartea aukeratu du erakusteko, Deutsch Bahn tren konpainiak Europako geltoki guztietako datuak jasotzen dituela baliatuta.

Dena ez da urre, ordea. «Oso mapa eskasa da. Bilbotik Santanderrera [Espainia] joateko aukera dago, eta ez da agertzen...», adierazi du Gontxalo Torre Facebookeko erabiltzaileak sare sozial horretan BERRIAren postari erantzunez. Eta ez zaio arrazoirik falta: Bilbotik hiru tren ateratzen dira egunean Santanderrera, eta, Renferen webgunearen arabera, 2 ordu eta 56 minutu behar ditu iristeko. Bilbo eta Santander arteko tren zerbitzu hori, ordea, ez da ageri Chronotrains.com mapan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.