Suteak

Sute bat piztu da Ezkaba mendian

Suhiltzaileen kamioiak eta helikopteroak joan dira, Antsoain herriaren eta Txantrea auzoaren artean piztu den sua itzaltzeko

Ke zutabea Ezka mendian. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz - Iñaut Matauko Rada
2022ko irailaren 20a
17:49
Entzun

Sute bat piztu berri da Ezkaba mendian (Nafarroa), Antsoain herriaren eta Iruñeko Txantrea auzoaren arteko zuhaizti batean. Antsoaingo etxeetatik oso gertu daude sugarrak, eta dagoeneko han dira suhiltzaile ibilgailu ugari, sua itzaltzeko lanetan. Hasieran Nafarroako suhiltzaileak ibili dira itzaltze lanetan, baina, suaren hedapenaren abiadura ikusita, Nafarroako Gobernuak laguntza eskatu dio Madrili, Baso Suteek eragindako Larrialdien Babes Zibilerako Planaren bigarren maila aktibatuz. Hala, bi gobernuetako lau hegazkin eta sei helikoptero daude itzaltze lanetan. Zehazki, koordinazio hegazkinaz gain, Noaingo parkeko bat eta Agoncilloko bi mugitu dituzte; helikopteroak, berriz, Nafarroako Gobernuaren bi, eta Baso Suteen Errefortzurako Brigadetako lau.

Iparraldeko saihesbidea itxi du Foruzaingoak, eta trafikoa herrietatik eta Iruñetik desbideratzen ari dira, eta N-121-A errepideko Ezkabako tunelak ere itxi egin dituzte. Mozketa horien ondorioz, buxadurak egon dira Iruñerriko errepideetan. FCC enpresak, Iruñerriko hiri garraioaren kudeatzaileak, handik gertu dauka billabesak gordetzeko aparkalekua, autobusak eta bertako langileak atera dituzte.

Suak laborantza etxe bat kiskali du. Ordu gutxiz izan bada ere, Antsoainen eta Txantrean argindar mozketak egon dira, suek kable elektrikoei eragin baitie. Iruñeko Babes Zibilak sutearen inguruko eraikinetako ateak eta leihoak ixteko gomendatu die herritarrei, baita sutearen inguruetara ez gerturatzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.