Albistea entzun

Iriarte: «Zerbitzu publikoen degradazioa agerikoa da»

Goizean, EAJ-PSE gobernu akordioa goraipatu du Urkulluk, eta bost herri akordio eskaini ditu. 1979ko estatutua osorik bete dadin «konfiantza giroa berreskuratzeko», Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko batzorde iraunkor bat sortzeko eskatu du.

Maddalen Iriarte, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Maddalen Iriarte, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Raul Bogajo / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain - Iosu Alberdi -

2022ko irailak 22

* Iñigo Urkullu goizez aritu da hizketan, eta bost «herri akordio» eskaini ditu, aparteko egoerari aurre egiteko. Arratsaldean, 14:30ean hasita, talde politikoak ari dira.

em>* Urkulluk hitz egin eta gero, azkar hasi dira erreakzioak: Gobernuko alderdiek lehendakariaren hitzak babestu dituzte, eta oposizioa kritiko agertu da.

* 40 neurri aurkeztuko ditu Urkulluk, eta horietako zenbait aletu ditu. Besteak beste, esan du ogasunek errenta zerga deflatatuko dutela 2023an ere.

Zuzeneko kontakizuna

17:35

Gernikako Estatututaren betetzea eskatzen jarraitzeak «lotsa» ematen diola azaldu du Egibarrek. Erabakitzeko eskubideaz eta estatus berriaz, berriz, zailtasunak zein diren agerikoak direla adierazi du: «Aitortzen dugu Sanchezek ez digula kasu egiten».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:32

Egibarrek energia izan du hizpide bere hitzaldiaren zati handi batean. Azaldu du egungo kontsumoari erantzungo dioten neurriak hartu behar direla. Izan ere, adierazi du industria zaindu behar dela, eta oraingoz energia berriztagarriek kontsumoaren zati txiki bat hartzeko gai direla.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:17

Egibarrek gainerako alderdien adierazpenei erantzun die. EH Bilduri kritikatu dio politika «mihise zuri bat» balitz bezala jardutea. Besteak beste, Osakidetzari egindako kritikei aurre egin die, aurrekontua hazi dela argudiatuta.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:07

EAJko eledun Joseba Egibarrek du hitza, eta azaldu du autogobernu «hobea» eta «estatu egiturak» beharko liratekeela etorkizuna guztiz bideratzeko. Halere, uste du herritarrek eta euskal erakundeek egoerari «erantzun bikaina» eman diotela.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:01

«Urkullu jauna: Estatus berri bati uko egiten diozu?», galdetu dio Iriartek lehendakariari: «Prest gaude zuekin, Podemosekin, IUrekin, Geroa Bairekin, EH Bairekin eta nahi duten alderdi, sindikatu, unibertsitateekin, finean herriarekin, akordio horiek burutzeko Euskal Herri osoan». Hala, «euskal estatu itunak» burutzeko eskua luzatu dio EH Bilduk Urkulluri: burujabetza energetikoa, elikadura burujabetza, euskal lurraldeen bertebrazioa, zaintza, polizia eredua, aberastasunaren banaketa...

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:58

EH Bilduk «ongizate itunak» eskaini dizkio Eusko Jaurlaritzari, zenbait erronkari aurrera egiteko. Etxebizitza arloan, alokairuak mugatzearen aldeko eta hipotekak garestitzearen aurkako neurriak eskatu ditu, Euskal Herrian zein Madrilen. Hala, Etxebizitza Legean «posizio komunak» ezartzeko deia egin dio EAJri.

Zerga erreforma bat ere sustatu nahi du koalizio subiranistak, ondorengo helburuak lortzeko asmoz: errenta zergan progresibitatea aplikatzea, sozietate zergan enpresa bakoitzak «dagokiona ordaintzea», aberastasun gaineko «zerga eraginkorra indarrean sartzea» eta BEZaren kudeaketa euskal instituzioen esku egotea.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:51

Iriartek defendatu du EH Bildu izan dela egungo erronka nagusiak mahai gainean jarri dituen taldea: erronka demografikoa, erronka energetikoa, Europako funtsak... Bozeramaileak gaineratu du 2016tik herri itunak aldarrikatu dituela koalizio subiranistak, eta horiek gauzatzeko prest dagoela: «Herri akordioak egiteko aukerak baldin badaude, EH Bildu hor egongo da. Are gehiago, EH Bildu izango da itun horiek aurrera ateratzeko bermea». Halere, zenbait galdera egin dizkio Urkulluri: «Zer dira herri itunak? Nola planteatzen dira? Noren parte hartzearekin?».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:46

EH Bilduko bozeramaileak azaldu du zerbitzu publikoen «degradazioa» agerikoa dela, eta horren adibidetzat jo du Osakidetzaren «gainbehera». «Honen inguruan ez diozu herri honi ezer berririk planteatu». Era berean, egoera demografikoak ongizate egiturak, lan merkatua zein hezkuntza sistema arriskuan jarri dituela azaldu du, eta zaintza krisiari ere nabarmen eragin diola. Afera horri ere heltzeko eskatu dio.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:42

Iriartek bi gako eman ditu. Batetik, «baliabide fosil merkeen aroa» amaitu dela. Bestetik, enpresa handien «irabazi goseak» mugatu behar direla. Horretarako, energia itun bat behar dela azaldu du: «Arnas luzeko estrategia energetiko bat behar dugu».



Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:39

Iriartek adierazi du kanpo energiarekiko menpekotasuna «jasanezina» dela, eta kritikatu du energia berriztagarrien hedapen «oso eskasa» dela: «Jaurlaritzaren energia politikek zeresan handia izan dute, baliabide fosilekiko apustua irmoa izan baita».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:37

EH Bilduko eledun Maddalen Iriarteren txanda hasi da. Adierazi du «konbultsio handiek markatutako garai historiko berri bat» dela egungoa, baina gehitu du ezin zaiola heldu «pasako den krisi baten» ikuspegitik. «Urteetako hautu politikoen ondorioak dira honaino ekarri gaituztenak, tartean baita zure gobernuarenak ere. Eta hau ez onartzeak diagnostiko partekatu eta zehatza egitea zailtzen du», leporatu dio Urkulluri.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:32

Gernikako Estatutuaren defentsa egin du Anduezak, eta azken legealdian bost eskumen eskualdatu dituztela defendatu du. Hala, uste du ezin dela esan azken urteetan atzera egin denik. Haren hitzetan, transferentzien egutegia «orientatzailea» da, eta Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari adierazi dio negoziazioetan fase berri baten sartzeko garaia dela.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:28

Aurrekontuei begira, adierazi du haiek herritarren beharrei erantzun behar dietela. «Aurrekontuez hitz egitea zerbitzu publikoez hitz egitea da», azaldu du, eta osasungintzan eta hezkuntzan indar egin behar dela gehitu. Hezkuntza arloan, itunean zenbait oinarri txertatzeko lan egin dutela esan du; besteak beste, publikoaren zentralitatea eta hizkuntza aniztasuna. Osasun arloan, berriz, «euskal osasun sistemaren estandarrak» mantentzeko lanean ari direla adierazi du.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:20

Anduezak balorazio «positiboa» egin du legealdiaren lehen erdiaz, eta helburu nagusiak bete dituztelakoan. Aurrera begira, berriz, Hezkuntza legea, Memoria Historikoaren legea eta Enplegu legea aipatu ditu erronka nagusien artean.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:18

«Eskura ditugun baliabide guztiak erabili jendea babesteko. Hori da oinarrizkoa». Bide horretan, Anduezak azaldu du energia plan bat ezartzea dela lehentasuna: «Trantsizio energetikoak ez du atzerapenik onartzen». Haren esanetan, ezin da onartu energia berriztagarrietatik eratorria Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %16 soilik izatea. Hala, PSE-EEko idazkari nagusiak gehitu du Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea dela legealdi honetako erronka nagusia.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:11

«Ez da gauza bera eskuinak agintzea edo sozialistak gobernu guztietan egotea». Hala, «gizartearen gehiengoarentzat» lan egin dutela adierazi du, «ezkutu sozial bat» sustatuz. Espainiako Gobernuaren zenbait neurriren garrantzia ere nabarmendu du; hala nola, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak, gasolinaren prezioari ezarritako laguntzak eta lan erreforma aipatu ditu. Azken horren kasuan, EAJri eta EH Bilduri leporatu die aurka bozkatu izana.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:07

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere zerbitzu publiko indartsuen beharraz hitz egiten hasi du bere hitzaldia. Haren ustez, PSE-EEren eta PSOEren rola garrantzitsuak izan dira kogobernantza sustatzeko: «Gu gabe gauzak ezberdinak izango litzateke».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:03

«Segurtasuna dirua bermatzeko errenta bat ere bada, eta zaintza sistema publiko bat», adierazi du Martinezek. Hala, fiskalitate justuago bat sustatzeko eskua luzatzeko prest agertu da Elkarrekin Podemos-IUko kidea: «Botere publikoaren lehentasuna. Hor aurkituko gaituzu».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:01

Iñigo Martinez ari da orain hizketan. «Katastrofismoaren aurrean esperantza aldarrikatu nahi dugu». Planeta, herritarrak, zaintza... erdigunean jarriko dituen politiken alde egin du, eta gizartea «modu kolektiboan» pentsatu behar dela gehitu. «Egoerak eskatzen du gobernuak jendearen alde egitea», esan du, eta Jaurlaritzari kritikatu dio langileen aurka eta enpresen alde egin izana.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:57

Autogobernuarena herri itun bat merezi duen gai bat dela azaldu du Elkarrekin Podemos-IUko eledunak. Estatutua zerbitzu publikoak bermatzeko tresna dela adierazi du, eta hura haien mesedetan erabiltzera dei egin du. «Zer autogobernuz ari gara euskal herritarren oinarrizko beharrak arriskuan badaude?».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:53

Gorrotxategik gogoratu du lehentasunezko ondasun bat dela energia, eta egungo egoerari aurre egiteko ezinbestekoa dela energia oligopolioen eredua baztertzea. Hala, energia berriztagarrien enpresa publiko bat sustatzeko beharra berretsi du. Era berean, gai horren inguruko itun batek bi oinarri izan beharko lituzkeela azaldu du: justizia soziala eta klima larrialdiari aurre egitea.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:50

Osasungintza hizpide, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak azaldu du zerbitzu publikoak direla «ongizatearen bermea», eta herri itun bat ez dela hala ez bada publikoa babesten. «Gure ustez, herri itun bat ezin da arlo publikoaren, herritar guztien interesen, justiziaren babesaren eta sustapenaren, eta gizarte kohesioaren aurka joan. Izan ere, hori da guretzat herria eraikitzea eta indartzea».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:43

Hezkuntza itunean sartzeko lan egin zutela azaldu du Gorrotxategik, hezkuntza publikoa indartzeko eta segregazio arazoari egiteko bide bat izan zitekeelakoan. Itunean hori lehenetsi zitzaiola uste du, baina ez duela bere horretan aurrera egin. «Jaurlaritzaren araudiaren garapena ez dator bat. Horien helburua sektore pribatua sustatzea da», kritikatu du, eta gehitu aldaketek egungo «segregazio egoera» mantentzen laguntzen dutela.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:40

Itunak «Euskadi justuago baten» mesedetan erabili behar direla azaldu du, eta horretarako zerbitzu publikoen «defentsa, hobekuntza eta zabalkuntza» erdigunean jartzeko deia egin du: «Ongizate estatua egoera larrian dago». Publiko-pribatu elkarlana zerbitzu publikoak pribatizatzeko «aitzakia» gisa ez erabiltzeko eskatu du, eta azaldu erakunde demokratikoek ezarri behar dutela, besteak beste, energiaren prezioa. «Gure ekintza parlamentario guztia publikoa babestera bideratuta egongo da».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:35

Iturgaizen hitzaldia amaituta, Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik hartu du hitza. «Herri itunak asko eta asko entzuten ari gara». Kontzeptua ontzat jo du Gorrotxategik, baina hura bere «esanahi garbia» galtzen ari dela uste du. Politiken oinarrira jotzeko eskatu du, edukia formatuaren gainetik jartzeko: «Itunez hitz egitea, nahi dugun herri ereduaz hitz egitea baita».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:31

Zenbait akordiotara iristeko prest agertu da PP-Cs-ko eleduna. Besteak beste, zergak jaisteko akordio bat egin nahiko lukeela azaldu du. Kontuan hartuz gero, bidean aurkituko direla adierazi du: «Horretarako luzatuta duzu gure eskua duela bi urtetik, gutxietsi duzun esku hori, nahiago duzulako euskal sanchisten mauka eta Bilduren hartzaren besarkada».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:23

Gernikako Estatutuaren inguruko irakurketa ugari egin daitezkeela adierazi du Iturgaizek, eta gehitu EAJrena ez dela «legitimoa» den bakarra. Era berean, jeltzaleei kritikatu die eskumenen eskualdaketa Espainiako aurrekontuen inguruko negoziazioekin lotu izana.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:20

Hezkuntza itunak zenbait aldaketa behar dituela azaldu du Iturgaizek; hala nola, ikastetxea aukeratzeko askatasuna izatea eta hizkuntza guztientzat %25eko gutxieneko langa. Aurkakoa «sektarioa» izango litzatekeela adierazi du.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:17

Iturgaizek EH Bilduri ere zuzendu dizkio kritikak, ETAri eta azken hilabeteetako zenbait gertakariri erreferentzia eginda; besteak beste, bere semeari egindako ustezko erasoa. Kritika horiek baliatu ditu lehendakariari eskatzeko ez dezala akordio gehiago egin koalizio subiranistarekin. Horien artean hezkuntza ituna aipatu du. «Akats bat da inposizio linguistikoa», adierazi du, euskarak Hezkuntza lege berrian izan dezakeen lekuagatik.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:13

Udan «alarma guztiak» piztu zirela adierazi du Iturgaizek, eta udazkenarekin egoerak okerrera egin duela. Espainiako Gobernuaren erabakiekin lotu du egoera, eta Urkulluri eskatu dio «Espainiako historiako presidente txarrena» babesteari uzteko.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:05

PP-Ciudadanos

PP-Ciudadanos talde parlamentarioko eledun Carlos Iturgaizek hartu du hitza. «Kezka» adierazi du egungo egoera sozioekonomikoagatik, eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu du. «EAJren kudeaketa onaren mitoa amaitu da».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:03

Amaitu du bere txanda Voxeko Amaia Martinezek. Eskuin muturreko alderdiaren ohiko gaitegia izan da bere hiltzaldiaren ardatza: «euskararen inposizioa», ETA, Espainiaren batasuna...

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

14:41

Hasi da arratsaldeko saioa

Iñigo Urkulluren txanda izan da goizean, eta talde politikoena orain. Ordezkaritza gutxien dutenekin hasiko da saioa, eta gehien dutenekin amaitu. Orain VOXeko legebiltzarkide bakarra ari da hizketan, Amaia Martinez.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

10:57

Taldeak, arratsaldean

Amaitu da politika orokorreko osoko bilkuraren goizeko saioa. 14:30ean hasiko da berriro, taldeen txandarekin.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:56

Amaitzen ari da hitzaldia lehendakaria. Berretsi du elkarrizketarako eta adostasunerako oinarri gisa bost herri akordio eskaintzen dizkiela taldeei. "Azken urteotan oso garai gogorrak bizi izan ditugu. Badakit oraindik garai zailak biziko dituguna. Iraganean gai izan gara sortu zitzaizkigun zailtasunak gainditzeko. Itxaropena ez ezik, konfiantza eta uste osoa ere badaukat: berriz ere gaindituko dugu aurrean dugun erronka eta indartuta aterako gara". Horrela amaitu du hitzaldia lehendakariak.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:52

Lehendakariak uste du "inflexio puntu" batean dagoela autogobernua, eta ezinbestekoa dela hura sakontzea, eguneratzea eta zabaltzea. Transferentzien egutegia betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta "konfiantza" giroa berreskuratzeko ezinbestekotzat jo du Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko batzorde iraunkor bat sortzea 1979ko estatutua osorik bete dadin.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:47

Autogobernua

Urkulluk "kezka" agertu du 1979ko estatutuaren betetze mailarekin. "Alde bakarreko estrategiak" alboratu eta "alde biko akordioak" bilatzearen alde egin du. "Negoziazioa eta akordioak bilatu behar ditugu. Horiek dira arauak", esan du. Gernikako estatutua osorik bete arte lanean jarraituko du Jaurlaritzak, eta estatuarekin "harreman eraikitzailea" bilatuko du adostasun hori lortzeko.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:44

Herri akordioak

Bost herri akordio proposatu ditu lehendakariak, "aparteko eta aurrekaririk gabeko testuinguru historiko, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko": 2023ko aurrekontuen gainean, lehen mailako arreta indartzeko, hezkuntza hitzarmenaren gainean, erronka demografikorako, gazteriarako eta emantzipaziorako estrategian eta energia itunaren inguruan.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:40

Krisi energetikoa

Prezioen igoerari eta energiaren garestitzeari aurre egiteko, Hitzartuz Programa abian jartzea proposatu du Urkulluk. Programa horrek 400 milioi euroko kostua izango du, eta hainbat neurri jasotzen ditu. Besteak beste, gizarte larrialdietarako laguntzak %10 handituko dira, elikadura sektoreari laguntzak emango zaizkio, eta energia efizientziarako laguntzak ere bai. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren deflaktazio berria egingo da, halaber: Urkulluk iragarri du aldundiei proposatuko diela deflaktazio berria ezartzea urtarrilaren 1etik aurrera, urte osorako aurreikusitako azpiko inflazioaren eragina gutxitzeko asmoz. Datorren hilean Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilerara eramango ditu.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:32

Gazteen ikuspegia Eusko Jaurlaritzaren ekintzaren ardatz nagusia izatea nahi du gobernuak, eta horregatik Gazteria Zuzendaritza Lehendakaritzaren egituran txertatuko du datorren astean, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren baitan. Bestetik, erronka demografikorako estrategiarekin bat eginez, Gazteen Legean eta gobernu programan aurreikusitakoa beteaz, gobernu kontseiluak Emantzipaziorako Estrategia onartuko du aurten.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:25

Krisi klimatikoari eta erronka demografikoari aurre egiteko neurriekin ari da orain. Erronka demografikoari heltzeko asmoz, neurri sorta iragartzen ari da Urkullu: Euskal Unibertsitate Sistemaren eta Lanbide heziketako plan berriak abiatuko ditu Jaurlaritzak, eta erronka demografikorako estrategia ere bai.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:18

40 neurri

Hiru krisi globalei aurre egiteko Jaurlaritzak ikasturte honetan martxan jarriko dituen 40 neurri zehatz aleatzeari ekin dio Urkulluk. Horien artean honakoak daude: Etxebizitzaren Itun Soziala 2026; Osasun Plan berria; Lehen arreta indartzea; Osasun mentalerako estrategia berria; Finantzen Euskal Kontseiluaren Institutuaren egituraketa berria; Osakidetzako langileria egonkortzea eta handitzea; Hezkuntzako plantillaren egonkortzea; ...

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:11

"Herri helburuak" betetzen ari da Jaurlaritza, baina denak ez daude betetzen ari gobernuak nahiko lukeen erritmoan, Urkulluk aitortu duenez. Batetik, azpimarratu du garapen egokiak dutela langabeziari dagokion helburuak (%10 baino apalagoa izatea), berotegi efektuko gasen emisioak %30 gutxitzeak edota genero berdintasunaren indizerik handiena duten Europako sei herrialdeen artean kokatzeak. Ordea, modu apalagoan ari dira betetzen beste helburu batzuk: besteak beste, jaiotza tasa %10 handitzea eta energia berriztagarrien kuota azken kontsumoaren %20 izatea. Azken helburu horri dagokionez, trantsizio energetikoa bizkortzearen alde egin du lehendakariak, eta horretarako, akordio zabalen alde egiteko eskatu die taldeei.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

10:01

Orain dela urtebete politika orokorreko bilkuran gobernuaren izenean hartutako hogei konpromisoak banan-banan aletu ditu lehendakariak. Besteren artean, demografiari aurre egiteko neurriak, gazteen aldekoak, klima aldaketari aurre egitekoak eta berdintasunaren aldekoak aipatu ditu. Duela urtebete hartutako hogei konpromisoak bete dituztela ziurtatu du.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

09:58

Lehendakariak adierazi du Ukraniako gerraren testuinguruan Eusko Jaularitzak erantzun "azkarra" eman duela eta neurri "zehatzak" abiatu dituela. Eta orain arte arlo ekonomikoan, sozialean eta energetikoan hartutako neurriak aletu ditu.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

09:53

Egonkortasuna eta akordioa. Horien alde Jaurlaritzak egin duen eta egingo duen ahalegina azpimarratu ditu lehendakariak. Besteak beste, hezkuntza akordioa aipatu du akordio horren isla. Hitzarmen horrek eskola publikoaren papera bermatzen du, lehendakariaren esanetan.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

09:48

Akordioez mintzo da orain Urkullu. EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioa goraipatu du, eta akordioak zabaltzeko eskua luzatu du lehendakariak.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

09:43

Legealdiaren erdia gaindituta, orain arte egindako lanaz eta aurrera begirako erronkaz mintzatuko da lehendakaria. Ezinbestekoa dugu testuinguru politiko, ekonomiko eta soziala behar bezala interpretatzea ezinbestekoa dela uste du, aurrera egiteko.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

09:39

Azken hamarkadetan hiru krisi ari dira arrastoa uzten, Urkulluren esanetan. Krisi ekonomikoa, pandemiarena eta Ukraniako gerra aipatu ditu. "Joera globalen handien" eraginpean gaudela esan du. Jorra sozio-demografikoa aipatu du, biztanleriaren zahartzeari aipamen eginez. Krisi ekologikoa ere hizpide izan du: energia berriztagarrietarako trantsizioaren beharra azpimarratu du. Azkenik, joera ekonomikoari egin dio aipamena, eta nazioartean lankidetzan aritzea funtsezkoa dela esan du.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

09:35

COVID-19aren pandemia gogoan hartuta ekin dio Urkulluk hitzaldiari. Pandemiak utzitako hildakoak oroitu ditu, eta erakundeen eta euskal gizartearen sufrimendua oroitu. Garai latzenak gaindituta, "itxaropenerako" aukera zabaldu dela esan du.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain

09:29

Ikasturte politikoari hasiera

Hastear da Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko osoko bilkura. Legealdiaren erdia gaindituta, pandemia osteko lehen bilkura izango da. Ohiko itxura du ganberak, gonbidatu ugari ikus daitezke palkoan, eta maskaratrik ez. Iñigo Urkulluren hitzaldiak emango dio hasiera bilkurari, bi minutu barru.

Edurne Begiristain

Edurne Begiristain


Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Anbizio handiko erreforma fiskal bat lortzeak ase gaitu»

Iosu Alberdi

Beti daude egindakoa hobetzeko moduak, baina Garrido gustura dago Espainiako aurrekontu negoziazioek emandako emaitzekin. Beste zenbait alorretan, ordea, PSOE mugiarazteko zailtasun gehiago dituzte.

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea hitz egiten hasi aurretik, atzo. ©BERRIA

EAJk eta PSEk oposizioaren zenbait zuzenketa partzial onartuko dituzte

Xabier Martin

30 milioi euroren balioa dute aurrera aterako diren proposamenek. EH Bilduk dio «errealitateak aurrean eraman» duela gobernua. EP-IUk «EAJren eredu politikoari» egin dio osoko zuzenketa

Aingeru Zudairek begi bateko ikusmena galdu zuen pilotakada baten ondorioz, artxiboko irudia ©Jagoba Manterola / Foku

Aingeru Zudaireren kasua aztertu zuen epailea Gironara lekualdatu dute

Isabel Jaurena

Fermin Otamendi magistratuak Nafarroako zenbait kasu esanguratsuren ikerketan parte hartu du: garbitzaileen sektoreko protesten ondorioz egon ziren atxiloketak, 'Osasuna auzia', 'Cervera auzia', 'Davalor auzia' eta Aingeru Zudaireren kasua.

 ©GUILLAUME FAUVEAU

Ezkerreko abertzaleen Bil Gaiten talde politikoa aurkeztu dute 27 hautetsik

Ekhi Erremundegi Beloki

EH Baiko hautetsiek bultzatu dute elkargoko taldea, baina guziak ez dira barne izango. Hautetsien lana «errazteko» beharra nabarmendu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...