Zergak

Espainiako Gobernua aberastasun handien gaineko zerga bat prestatzen ari da

Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren arabera, 2023ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta soilik behin-behinean.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa, gaur, Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 22a
13:05
Entzun

Bankuen eta energia enpresen gaineko zerga berezien ondoren, Espainiako Gobernua beste bat lantzen ari da: aberastasun handien gainekoa. Koalizio gobernuko kiderik txikienak proposatu zuen, UP Unidas Podemosek, baina PSOEn ere bidea egiten ari da proposamena.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak (PSOE) azaldu du gobernuko teknikariak «proposamena lantzen» ari direla, eta zerga berria «arrazoizko epe batean» jarri beharko dela indarrean. Epe hori 2023ko urtarrilaren 1a izan beharko litzatekeela uste du Monterok. Hasieran, aldi labur baterako zerga berezi bat izango litzateke, baina ministroak ez du baztertu luzatu behar izatea: «Egoerak esango du».

Zehazki zer zergapetuko den ikusteko dago, Espainiako zerga sisteman —eta Hego Euskal Herrikoetan ere— dagoeneko badagoelako ondare zerga bat. Haren bidez, kopuru jakin batetik gorako ondasunak zergapetzen dira, hala nola etxeak, akzioak eta bankuko kontuak.

Ondare zergari buruzko eztabaida puri-purian dago oraintxe. Izan ere, autonomia erkidegoen esku dago haren kudeaketa, eta Andaluziako Juntak iragarri berri du ondare zergari %100eko hobaria emango diola; hau da, inork ez duela ordaindu beharko. Madrilek aspaldi hartutako bideari heldu dio horrela Andaluziak, eta Murtziak ere iragarri du asmo hori duela. PP dago hiru erkidego horietako gobernuan. Andaluziaren erabakiak kezka sortu du beste erkidegoetan, Madrilekin gertatu den bezala, herritar aberats asko han erroldatuko diren beldur direlako.

Monterok berak gogor kritikatu du Andaluziako Juntaren erabakia eta Murtziakoaren iragarpena. «Zentzugabea da, eta sekulako arduragabekeria, Espainiako Gobernuari etengabe finantzaketa handiagoa eskatzea eta, aldi berean, beren esku dagoen zerga bat kentzea. Are gehiago, herritarren %0,2ri zerga bat kentzea, haren bilketak %99ri mesede egiten baitie». Haren kalkuluen arabera, Andaluziak 120 milioi euro gutxiago bilduko ditu zergetan, eta 6.000 euroren oparia egingo die «gehien duten %0,2 horiei». Montero andaluziarrak gogorarazi duenez, Andaluzia da biztanleko osasunean eta hezkuntzan gutxien inbertitzen duen erkidegoetako bat.

Eta Euskal Herrian, zer?

Ez dago garbi Monterok iragarritako zerga horrek zer eragin duen Hego Euskal Herrian. Zuzeneko zergen gaineko eskuduntza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek eta Nafarroako Parlamentuak dute, eta lurralde horietako ogasunei dagokie zerga horiek biltzea.

Baina Espainiako Gobernuak badu beste aukera bat: zerga izendatu beharrean, «ondarearen prestazio publiko bat» izendatzea. Horrela eragotz ditzake haren aurkako auzibideak, eta izkin egin foru ogasunen eskuduntzari.

Hori bera egin dute PSOEk eta UPk Espainiako Kongresuan aurkeztu dituzten energia konpainien eta bankuen gaineko tasa bereziekin. Eusko Jaurlaritzak eta EAJk protesta egin dute, eta ikusteko dago zer gertatuko den tasa horien bilketarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.