Euskal presoak

«Erabaki honek Frantziako justiziak egin duen ikuspegi aldaketa erakusten du»

Bakegileek eta Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek adierazi dute bazekitela gaurkoa «egun erabakigarria» izango zela, eta Parot eta Esnal baldintzapen aske utzi izana txalotu dute. Foro Sozialak ere erabakiaren balorazio positiboa egin du.

Bakegileak eta Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi, gaur, Baionan eman duten prentsaurrekoa. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Ekhi Erremundegi Beloki - Paulo Ostolaza
2022ko irailaren 22a
17:09
Entzun

«Hainbeste denbora itxarondako erabakiak iritsi dira». Horrela hasi du Anaiz Funosasek Bakegileek eta Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek Baionan egin duten agerraldia. Bazekiten gaurkoa «egun erabakigarria» izango zela, eta Parisko Dei Auzitegiaren erabakia txalotu dute.

Izan ere, sinatzaileen iritziz, Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu izana «inflexio puntu bat» da: «Erabaki horrek erakusten du Frantziako justiziak 2011. urtean abiatu zen bake prozesuaren inguruko ikuspegia aldatu duela». Azpimarratu dute erabaki horrek bidea erraztu behar diola «presoen eta iheslarien auziaren eta gatazkaren ondorioen konponbide orokorrari».

Bi urte dira Frederic Haranburu Xistor presoa aske gelditu zela. Haren kasuan bezala, bakegileek eta hautetsiek iragarri dute zaintza talde bat osatuko dutela; helburua da erabakia edozein izanik ere erantzun bateratua ematea.

Filipe Aramendik eta Jean Rene Etxegaraik irakurri dute adierazpen bateratua. Lehenik eta behin, erabakia txalotzeaz gain, goraipatu egin dute abokatuek eta gizarte zibilak urtez urte egindako lana. Azken urteetan emandako aurrerapausoak zerrendatu dituzte gero, eta salatu dute Parotek eta Esnalek lehenago irten behar zutela espetxetik: «Biek 71 urte baino gehiago dituzte, eta 32 igaro dituzte preso».

Aieteko Konferentziatik «determinazio handiarekin lanean» aritu diren guztiei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete. Esan dute etapa bat gainditu dutela, baina oraindik «bururaino» eraman behar dutela euren lana. Horretarako, bake prozesuan aktiboki inplikatzeko eskatu diete Frantziako eta Espainiako gobernuei, «justizia transnazionalari begirako dispositibo bat martxan jarriz»: «Horrek bermatuko ditu biktima guztien onarpena, haien eskubideen onarpena, egia eta gatazkaren iturrien identifikazioa», adierazi dute.

Amaitzeko, berretsi dute gatazkaren konponbidea elkarrizketaren bidetik helduko dela, eta bide hori errazteko eskatu diote Emmanuel Macroni, Frantziako presidenteari.

Balorazio positiboa

Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu izana «positiboa» da, Foro Sozial iraunkorraren iritziz. Foroaren arabera, adostasun «instituzional, politiko eta sozial handia» zuen eskera horrek, eta «gizatasunez eta zentzuz hartutako erabakia» da: «Familiari lasaitasuna ekarriko dio», azpimarratu du.

Horrez gain, Foro Sozialak aukera baliatu du Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren lana goraipatzeko. Batez ere Bake Bidearen eta Bake Artisauen lana aipatu dute, «indarkeria zikloen ondorioen konponbidean eta urte horietan hainbat gaitan izandako aurrerapenetan egin duten ekarpenagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.