Kuba

Kuban erreferendum bat egingo dute sektore zaurgarrien eskubideak bermatzeko

LGTBI mugimenduaren eta feminismoaren hainbat eskakizun sartu dituzte Familien Kodearen barruan. Eztabaida piztu du transen eta ez-bitarren eskubideak ez bermatzeak eta haurdunaldi subrogatua arautzeak.

Erreferendumean baietz bozkatzearen aldeko kanpaina egiten ari da Kubako Gobernua. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko irailaren 22a
18:03
Entzun

Igande honetan, Familien Kodeari baiezkoa edo ezezkoa eman beharko diote Kubako herritarrek. Familien Kodea lege multzo bat da, helburu duena gizarteko zenbait sektore zaurgarriren eskubideak bermatzea. Besteak beste, arautzen ditu sexu bereko pertsonen ezkontza, indarkeria matxistaren biktimen babesa eta haurren eta zaharren zaintza.

Herritarrekin bilerak egin ostean bozkatuko dute lege multzoaren 25. zirriborroa. Mugimendu feministak eta LGTBI mugimenduak egindako hainbat eskari daude kodearen barruan, baina zenbait atal ere kritikatu dituzte mugimendu horiek. Batetik, haurdunaldi subrogatua arautuko dute –«solidarioa» da legean–, eta, bestetik, pertsona transgenero eta ez-bitarren eskubideak ez ditu bermatuko. Eliza katolikoa eta oposizioa lege multzoaren aurka daude, eta ezetz bozkatzeko edo abstenitzeko eskatu dute.

1959ko iraultzatik Kuban antolatu duten hirugarren erreferenduma izango da igandekoa. Aurreko biak 1976an eta 2019an egin zituzten, konstituzioa erreformatzeko. Kubatarrek lehen aldiz bozkatuko dute, beraz, lege multzo bat erreferendum bidez. Miguel Diaz-Canel Kubako presidentearen arabera, «berritzailea» izango da Familien Kodea, «denon artean eta guztion onerako egina» da eta.

Ezkontza parekidea

Sexu berekoen ezkontzak legezkoak izango dira erreferendumean baiezkoak irabazten badu. Gainera, bikote horiek haurrak adoptatzeko aukera izango dute, eta osasun sistema publikoak ugalketa lagundua eskainiko die. Orain arte, bikote zisgenero heterosexualek baino ez dituzte izan eskubide horiek.

LGTBI mugimenduaren eskakizun historiko bati erantzun dio horrela Familien Kodeak. 2018ko konstituzioaren aurreproiektuan aurreikusita zeuden eskubide horiek, baina, Eliza katolikoaren presioaren ondorioz, proiektutik kanpo geratu ziren. Oraingoan ere, Kubako gotzainek neurri horren aurka egin dute.

«Aurrerapen garrantzitsu bat»

«Familiaren barruan» indarkeria matxista jasaten duten emakumeek euren esku izango dute babes judiziala, igandean kodea onartzen badute. Mugimendu feministaren arabera, «aurrerapen garrantzitsu bat» da, baina ez da nahikoa: indarkeria matxistaren biktimentzako aterpeak eta «erreparazio integrala» egiteko mekanismoak ere eskatu dituzte, baina legeak ez ditu aurreikusten.

Adingabeen arteko ezkontzak, berriz, legez kanpo geratuko dira. Gaur egun, 14 urte baino gehiago dituzten emakumeek eta 16 urte baino gehiago dituzten gizonek ezkontzeko aukera daukate. Azken datuen arabera, lau emakume kubatarretik bat 18 urte bete aurretik ezkontzen da.

Haurren eskubideak «bermatzeko» helburua du lege sortak, eta horregatik debekatu dituzte adingabeen arteko ezkontzak, baita beste zenbait eskubide bermatu ere. Haurrek eskubidea izango dute beren identitatea libreki garatzeko, beren ongizatea eta garapena erraztuko duen informazioa jasotzeko, intimitatea izateko, etxean entzunak izateko eta familiako erabakietan parte hartu ahal izateko, baita indarkeriarik gabeko giro batean hazteko ere.

Gainera, zainduak izateko eskubidea izango dute haurrek, zaharrek eta aniztasun funtzionala dutenek. Senideen gain uzten du legeak zaintzaren ardura, baina senidetasuna bera ere ez du mugatzen odolkidetasunera. Esaterako, legearen aurrean haur baten guraso izan liteke harekin lotura estu eta konstantea duen pertsona bat, nahiz eta odol berekoa ez izan edo lotura hori adopzioaren bidez ez egin.

Haurdunaldi «solidarioa»

Familien Kodeak haurdunaldi subrogatua ere arautzen du. «Haurdunaldi solidarioa» deitu diotena legezkoa izango da haurdun gelditu ezin direnentzat: gaixotasun bat dela medio, edo gizon bat edo bi gizonezko izateagatik guraso izan nahi dutenak.

Polemika handia piztu du haurdunaldi subrogatua lege multzoan sartu izanak. Kubako mugimendu feministak ez du espresuki salatu, baina militanteek denetariko iritziak dituzte. «Emakumeen gorputzen esplotazioa» bultzatzen duela salatzeaz gain, «pobreziaren feminizazioa» handitzeko arriskuaz ohartarazi dute askok. Beste batzuen iritziz, berriz, «bi aldeen eskubideak» bermatzeko, legeztatzea «beharrezkoa» da.

Legearen arabera, haurdun geratuko litzatekeen emakumeak guraso izan nahi dutenen senidea edo «gertukoa» izan beharko du, eta ezingo da transakzio ekonomikorik egin, «haurdunaldiak eragindako gastuak kenduta». Emakumeen sexu esplotazioa eta haurren salerosketa eragozteko kontrolak aurreikusten ditu legeak.

Eliza katolikoak kritika egin dio lege multzoari. Kubako Gotzain Katolikoen Konferentzia kodearen aurka azaldu da, «genero ideologia bultzatzen duelako». Oposizioak ere erreferendumean ezetz bozkatzeko edo abstenitzeko eskatu du, «baiezkoa ematea erregimena legitimatzea izango litzatekeelako nazioarteko iritzi publikoaren aurrean». Familien Kodea onartu edo ez, Kubako herritarrek erabakiko dute igandean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.