Ikastolen jaiak

Kilometroak urriaren 2an egingo dituzte Ibarran, lehenengoz jai eredu berriarekin

Lau gune egongo dira aukeran: Sormena, Haurren hiria, Euskal musikaren ibilbidea eta Gastronomia. Ikastolako patioa egokitzeko erabili nahi dute festan lortutako dirua.

Artola, Sukia, Bengoa eta Ozaita jaia aurkezten, gaur goizean, Ibarran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 23a
17:02
Entzun

Pandemia osteko lehenengo Kilometroak jaia izango da urriaren 2an Ibarran (Gipuzkoa) egingo dutena. Jai eredu berria martxan jarriko duten lehen aldia ere izango da, eta Uztupe ikastola arduratu da antolakuntzaz. Festaren inguruko xehetasunak emateko, gaur egin dute prentsaurrekoa Nekane Artola Kilometroak Kultur Erakundeko lehendakariak, Usue Sukia eta Aitor Bengoa Kilometroen urteko Uzturpe Ikastolako zuzendariak eta Josu Ozaita Kilometroak jaiaren koordinatzaileak.

Eraldaketa izango da aurtengo jaiaren ezaugarri nagusia. Urriaren 2rako martxan jarrita dagoela azaldu du Bengoak. Izan ere, Gipuzkoako ikastolen aldeko egun handiaren aurretik, «ekitaldi asko» egin dituzte, kultura kontsumitzeko ez ezik, «esperimentatzeko, bizitzeko eta parte hartzeko»: «Aurten, artean, gastronomian, kulturartekotasunean, aniztasunean, ikasleen topaketetan, kirolean... jarri dugu arreta urtean zehar egin diren hamaika ekitalditan».

Eta prest daude urriaren 2rako ere. Ozaitak eman ditu xehetasunak. Lau gune izango dituzte aukeran bertara joaten direnek, baina ez dituzte «tematikoki» edo adinaren arabera banatu nahi herritarrak. Sormena izango da guneetako baten izena. Bertan, Euskal Eskultoreen Elkartearekin elkarlanean antolatutako Irribartea erakusketa egongo da ikusgai, eta bertsoak entzuteko eta botatzeko eta zirkua egiten ikasteko aukera ere egongo da, besteak beste. Haurren hirian, berriz, adibidez, Baso magikoa ekintza egongo da. «Ipuinak, fantasia, irudimena eta abentura izango dira protagonistak», Ozaitak azaldu duenez. Irene Caminosek bizikletarekin erakustaldia ere eskainiko du, eta Gipuzkoako hogei ikastolaren arteko topaketak ere egingo dituzte. Euskal musikaren ibilbidean, ez da musikarik faltako. Bizienea txokoa atonduko dute, eta nahi duen musikari orok aukera izango du hamabost minutuko emanaldia eskaintzeko. Gastronomia gunean, azkenik, jateko aukera ugari egongo da. 800 lagunentzat paella eta Lumagorri oilaskoa prestatuko dituzte, eta jada txartelak eros daitezke www.kilometroak.eus webgunean. Gainera, gune guztietan kontzertuak ere egongo dira: Xiberoots, Dj Bull, Gabezin erromeria, Andoni Ollokiegi, Goazen eta Dupla izango dira entzungai, besteak beste.

Ekintza horiez gain, hiru hitzaldi ere antolatu dituzte: Baratzetik gastronomiara: iraultza baterako gakoak mahai ingurua egingo dute Jakoba Errekondok eta Javi Riverok; Ekologista naiz, baina... hitzaldia emango du Gorka Egiak; eta Familia gatazka eta estresaren aurkako pilulak izeneko saioa eskainiko du Nerea Mendizabalek. Denak 10:45ean hasiko dira, eta www.kilometroak.eus webgunean apuntatzeko eskatu dute. Hala nahi duen orok Piperraren ibilbidea egiteko aukera ere izango du, eta 12:00etan, gune guztietan Txoriak Txori abestia kantatuko dute.

Ikastolako patioa eraberritzea izango da jaiaren xedea. Sukiak azaldu duenez, duela lau urte Uzturpe ikastolako eraikina eraldatzen hasi ziren, proiektu pedagogikora egokitzeko asmoz. Alabaina, obra egiten ari zirela, zimenduak ukitu zituzten, istripuz. Ondorioz, zailtasunak izan zituzten soldatak ordaintzeko ere, eta ikasleen erdiak barrakoietan jaso behar izan zituzten eskolak. «Bitartean, epaileek erabaki behar zuten horren kostua nork ordainduko zuen; epaiketa gure aldekoa izan bazen ere, eraldaketa ez zen guztiz burutu». Patioko eraldaketa, esaterako, egin gabe utzi zuten: «Tamalez, egungo ikastolako patioa ez da jolas egiteko, esperimentatzeko edota kirola egiteko toki aproposena, eta arriskutsua ere bada zenbait puntutan». Hori aldatu nahi dute festaren bidez.

Aldaketa «progresiboaren» ernamuina

Ibarrakoa izango da jai eredu berriaren lehen aldia. Baina zertarako erabaki zuten eredua aldatzea? Artolak jakinarazi ditu xedeak: «Jai eredu berri baterantz egin nahi genuela aipatu genuen orain hiru bat urte. Bide hori urratzen hasteko ardura Zubimusu Ikastolak hartu zuen bere gain 2020an, baina, COVIDa tarteko, ezin hasitako bideari nahi bezalako garapena eman. Baina oraingoan bai, hasi gara jaia eraldatzen». Azaldu duenez, eraldaketa horrekin «ikastolen berezko ezaugarriek» jaian isla handiagoa izatea dute xede. Horrenbestez, Artolaren hitzetan, jai parte hartzaileagoa izango da, Euskal Herri osoko ikastolei parte hartzeko aukera emango diena, aldarrikapenari toki handiago emango diona; euskalgintzarekin, kulturgileekin eta herri eragileekin elkarlanean sakontzea helburu duena... Aurten hasita, aldaketa «progresiboa» izango dela iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.