Renata Avila

«AEBek arma gisa erabiltzen dute legea, Assange suntsitzeko»

Komunikazioaren teknologian giza eskubideek duten tokia aztertu du Renata Avila abokatuak. Uste du ‘Wikileaks auzian’ epaitzen ari direna ez dela Julian Assange soilik: «Jokoan da adierazpen askatasuna bera».

Renata Avila abokatua, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 23a
19:16
Entzun

Ekainaren 17an, Erresuma Batuak baiezkoa eman zion Julian Assange kazetaria estraditatzeari. Londresen arabera, Wikileaksen sortzailea AEBetara bidaltzea ez litzateke «bateraezina giza eskubideekin», eta herrialde horretan «modu egokian tratatuko» lukete. Oso bestelako iritzia du Renata Avila abokatuak (Guatemala Hiria, 1981). Assangeren defentsa taldeko bozeramaile eta Open Knowledge fundazioko zuzendaria da Avila. Iruñean izan da egunotan, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politikako eta Justiziako Departamentuak gonbidatuta.

Zertan da Wikileaks auzia?

Helegitea aurkeztu genion estradizio aginduari, eta horren zain gaude oraintxe. AEBek, baina, beste atzerapen bat eskatu dute, eta baliteke erantzuna abenduan etortzea. Horren ostean, beste apelazio epe bat zabalduko da. Seguruenik, datorren urtera atzeratuko da behin betiko erabakia.

Nola dago Julian Assange?

Lau urte daramatza behin-behineko kartzelaldian, eta hori tortura da berez. Aurretik, Ekuadorko enbaxadan iheslari politiko gisa izan zen zazpi urtez, eta, gela batean itxita egonagatik ere, aukera zuen Internet erabiltzeko, lan egiteko eta bere ahotsa mundura zabaltzeko. Orain, berriz, segurtasun goreneko espetxe batean dago —Belmarsh espetxea, Londresen—, eta ukatu egin diote komunikatzeko aukera. Erabat bakartua daukate, segurtasun neurri izugarriekin. Askotan eskatu dugu bermea ordainduta aske gera dadila, baina behin eta berriro ukatu digute. Praktikan, hamabi urteko zigorra bete du dagoeneko, bere aurkako prozesua hasi aurretik ere.

Zergatik luzatu da hainbeste prozesua?

AEBek horrela nahi izan dutelako. Estrategia bat da. Legea arma gisa erabiltzen ari dira, pertsona bat suntsitzeko. Edozein amarru juridiko erabiltzen dute, epaiketak ahal bezainbeste iraun dezan. Atzerapen bakoitzak luzatu egiten du zigorra, bitarte horretan atxilotua sufritzen ari baita.

AEBetara eramanda Assange torturatua izateko arriskua dagoela salatu zenuten...

Ziur gaude horretaz. AEBetan oso ohikoa da presoek kartzelan bere buruaz beste egitea; salaketa gehienak ez dira ikertzen, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berak ere ebatzi zuen herrialde horretako espetxeak ez direla bateragarriak giza eskubideekin. Tortura guneak dira, eta gure esku dagoen guztia eginen dugu Julian ez dezaten halako zentro batera eraman.

Zeintzuk izanen dira hurrengo urratsak?

Egoera ez da baikor egoteko modukoa, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegira joko dugu. Borroka honek ez du etenik, eta urteetan luza daiteke. Horregatik uste dut AEBetako presidente Joe Bidenek har dezakeen erabaki onena dela auzia behingoz ixtea. Baita haren interesei begira ere.

Zergatik?

Imajina dezagun hemendik bi urtera egitekoak diren hauteskundeetan Alderdi Errepublikanoko integrista erlijioso bat iristen dela Etxe Zurira, eta, Assangeren aurrekaria oinarritzat hartuta, inork ezin diola kargu hartu, inork ezin duela ikertu, eta haren kontrako froga guztiak desagerraraz ditzakeela, kazetariak isilarazita... Hori nahi al dute benetan? Alderdi Demokratak herra izugarria dio Julian Assangeri, badakigu, baina uste dut komeni zaiela hori alde batera uztea, eta etorkizunean pentsatzea. Ikerketa kazetaritza zigortzea hanka sartze beldurgarria izanen litzateke. Hankan tiro egitea da.

Auzia, beraz, Julian Assangez harago doa.

Askoz harago. Horregatik ez gara konformatuko Julian aske uztearekin soilik. Espedientea erabat itxi behar da, beste sorgin ehiza baterako aurrekaria izan ez dadin. Oraintxe, gerra nuklear baten eta hondamendi klimatiko baten atarian egon gaitezke, eta jendeak eskubidea du jakiteko zer gertatzen ari den. Nor ari da erabakiak hartzen? Zergatik? Noren mesedetan? Norbaitek egin behar ditu galdera horiek, eta ikerketa kazetaritza isilarazi nahi izatea erabaki suizida da. Julian 175 urteko kartzelaldira zigortzen badute, beste kazetari askok birritan pentsatuko dute informazioa azaleratu aurretik.

Auziak lehen lerrora ekarri du espioitzaren eta pribatutasunaren auzia ere. Posible al da giza eskubideak bermatzea, herritarren datuak eskuragarri badaude?

Demagun igande arratsalde batean aspertuta zaudela eta, zure etxe ondoko parkera joan beharrean, merkataritza gune handi batera zoazela. Zuk pentsatzen duzu, funtsean, gauza bera dela, baina ez: parkean zaudenean, aplikagarri dira ohiko arauak, zure udalak jarri dituenak, eta denontzako berberak dira; merkataritza gunean, ordea, enpresa pribatu baten arauak onartzen ari zara, ohartu gabe: segurtasun pribatua daukate, kamerak daude txoko guztietan, eta denda bakoitzak erreserbatua du nahi duen orori sarrera ukatzea. Ez baduzu ordaintzen, alde egin beharko duzu. Bada, gauza bera gertatzen da sare sozialetan: webgune edo aplikazio batean sartzean, enpresa pribatu baten arauak onartzen ari zara. Ez da espazio publiko bat, kontrakoa sinetsarazi nahi dizuten arren; eta, jakina, ez da doakoa: ordaintzen ari zara. Agian ez dirutan, baina bai zure arretarekin, denborarekin edo informazio pribatuarekin.

Ez al da hartu-eman libre bat?

Hori argudiatu liteke, baina benetan al da askea? Erakunde publikoek Facebook, Whatsapp edo Twitter soilik erabiltzea informazio publikoa gizarteratzeko. Hori askatasuna da? Herritarrak behartzen ari dira enpresa pribatu baten plataforman izena ematera denon eskura egon beharko lukeen informazio bat jaso ahal izateko. Horrek informaziorako eskubidea urratzen du, eta areago: herritar asko eskubide horretatik bazter uzten ditu.

Zer arrisku du horrek?

Pertsona baten egoera, jarduerak, mugimenduak eta beste hainbat datu jasotzen dituzte etenik gabe. Lan esparruan, adibidez, oso arriskutsua da, bidalketa enpresa batzuek halakoak erabiltzen dituztelako langileak kontrolatzeko. Langilearen sakelakoak huts egiten badu eta ez baditu erregistratzen egun osoan eginiko ibilbideak eta entregatutako paketeak, beharginak ez du egun horretako soldata kobratuko. Sare informatizatu batek zure lan harremana baldintzatzen badu, noraino da hori askatasuna?

Zaila da, ordea, teknologiari aurre egitea...

Kontua ez baita teknologiari aurre egitea. Nik behar dut teknologia nire egunerokoan, eta erabilera itzelak ditu komunikazioaren, ingurumenaren, osasunaren edo lan arriskutsuen automatizazioaren alorretan. Teknologiaren defendatzaile sutsua naiz! Baina gakoa da teknologia erabilgarri izan behar dugula geure irizpideen arabera, herritarren mesederako. Nire auzoan kamera bat jartzen badute eta material hori erabiltzen bada kolektibo bat estigmatizatzeko edo baztertzeko, teknologia horren erabilera makur bat ari gara egiten. Sektore pribatuak gehiegikeria asko egin ohi ditu teknologia baliatuta, ekoizpenaren eta eraginkortasunaren izenean.

Nola borrokatu egoitza beste herrialde batean duen multinazional baten aurka?

Zaila da, baina gizarte zibilak baditu mekanismoak eta baliabideak halako egoerei buelta emateko. Adibide bat jarriko dizut: duela gutxi, Salba dezagun Whatsapp kanpaina antolatu genuen gizarte zibileko zenbait eragilek, kontsumo elkarte eta eskubide digitalen elkarte batzuekin batera. Izurriaren erdian, Whatsappek erabiltzaileak behartu nahi izan zituen pribatutasun politika malguago batzuk onartzera, kontua blokeatzeko mehatxupean. Latinoamerikako herrialde pobreetan, saltoki eta negozio txiki askorentzat hondamendia zen hori, Whatsapp bidez funtzionatzen baitzuten. Kanpaina eraginkorra antolatu genuen 25 herrialdetan, praktika horiek salatzeko. Eta irabazi genuen: Brasilen, Argentinan eta Turkian, auzitara eraman zuten enpresa, baina ez genuen epaiketaren beharrik izan irabazteko, Whatsappek berehala amore eman zuelako. Hortaz, egin daiteke: garaitu dezakegu munstroa, baina ezin zaigu ahaztu erakunde publikoek badutela boterea eta eragina, eta haien betebeharra dela herritarron eskubideak eta askatasunak defendatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.