Hezkuntza

Eskola publikoetako zuzendariek baimena izango dute urtebetean eskolarik ez emateko

Jaurlaritza ontzen ari den dekretu batean jaso dutenez, zortzi urte karguan egon ostean eskola publikoetako zuzendariek ez dute eskolarik eman beharrik izango urtebetean. Gainera, ikastetxean nahitaez egon beharreko ordutegia malgutuko diete, eta lehentasuna izango dute beste ikastetxe bat aukeratzeko.

Jokin Bildarratz Donostiako ikastetxe batean, ikasturte hasieran. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 27a
16:18
Entzun

Ez da erabaki finkoa; asmo bat erakusten du, ordea. Ikastetxe publikoetako zuzendaritza eginkizunetarako sarbidea, prestakuntza, ebaluazioa, aintzatespena eta zuzendaritzen kargu uzteak arautu asmo ditu Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, eta horren zirriborroa eskuratu du BERRIAk. Zenbait berrikuntza jaso dituzte testuan, baina bat da bereziki aipagarria: zuzendari postuan zortzi urte igarotzen dituzten ikastetxe publikoetako zuzendariek urtebetean ez dute irakaskuntzarik eman beharko.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu duenez, «funtsezkoa den figura baten lana aitortzea» dute xede. Besteak beste, zuzendaritzak aukeratzeko prozesuak, haien prestakuntza eta ordainsariak arautuko dituzte oraindik onartzeko dagoen dekretuaren bidez, eta prestigioa eman nahi diote postuari. Izan ere, sarri arazoak edukitzen dituzte ikastetxeetarako zuzendariak aurkitzeko. Hori horrela izan ez dadin, Jaurlaritzak neurri sorta bat proposatu du. Esaterako, eskola publikoetan bi agintaldi bete dituzten zuzendariek, hau da, zortzi urtean postuan egon direnek, urtebetean ez dute eskolarik eman beharko, betiere haien lanaren balorazio positiboa izaten badute. Bildarratzen hitzetan, baina, ez da atsedenerako urtea izango, eta beste lan batzuk egin behar dituzte. Hala jaso dute dekretuan ere. Bertan ageri denez, «hobekuntza profesionaleko ikasketak» egiteko edota hasiberriak diren zuzendaritza taldeak prestatzeko erabiliko dute urte hori. «Irakaskuntza kargarik gabeko» urtea izan arren, ordainsaria jasoko dute.

Beste pizgarri batzuk ere aipatzen ditu dekretuak. Hala nola kargua utzitakoan ikastetxea aukeratzeko lehentasuna edukitzea. Hain zuzen ere, jarraian egindako bigarren agintaldia amaitzean ebaluazio positiboa jaso duten zuzendariek lehentasuna izango dute, ikastetxez aldatzea aukeratzen badute, beste eskola publiko bat aukeratzeko «Eusko Jaurlaritzak egindako deialdiko lehenengo bi lehiaketetan, libre dauden lanpostu hutsen arabera». Eta zuzendaritza karguan daudenentzat ere badago aipamenik: jaso dute ikastetxean nahitaez egon beharreko egutegia eta ordutegia malgutu ahal izango dutela. «Karguari dagozkion zereginak egiteko ikastetxearen ohiko ordutegi eta egutegitik kanpoko jardueretan emandako denbora konpentsatzeko». Gainera, Hezkuntza Sailak sariak eta aipamen espezifikoak sortzea sustatuko du. Ordainsariei dagokienez, orain arte bezala, zuzendaritza kargua dutenek aparteko ordainsariak jasoko dituzte.

Prestakuntzari ere erreparatu diote. Hezkuntza Sailak zuzendaritza funtzioarekin, hezkuntza kudeaketarekin eta hezkuntza lidergoarekin lotutako prestakuntzak eskainiko ditu, eta, zuzendaritza funtzioa betetzen hasteko, beste ikastaro bat ere gainditu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.