Garraioa

Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzara eraman dute aldiriko tren zerbitzuaren eskaera

Arabako eta Nafarroako 50 toki erakundek udaberrian abiatutako prozesuari jarraikiz bildu dira Arabako ordezkariarekin, AHTaren aurkako alternatibaren berri emateko.

Tokiko erakundeetako ordezkariak, gaur, bilerara sartzean. BERRIA
2022ko irailaren 28a
17:42
Entzun

Egungo trenbide azpiegiturak modernizatzea eta aldiriko tren zerbitzu publiko bat martxan jartzea. Bi eskaera horiek bideratzeko, Arabako eta Nafarroako 50 toki erakundek manifestu bat aurkeztu zuten udaberrian, eta gaur Espainiako Gobernuak Araban daukan ordezkariordeari helarazi diote. Asparreneko, Dulantziko eta Argantzongo alkateek eta Munaingo Kontzejuko lehendakariak hartu dute parte bileran, eta Araba eta Nafarroa arteko AHT abiadura handiko tren proiektua alboratzea galdegin dute: «Uste dugu abiadura handia ez dela gure herrietarako soluzioa. Azpiegitura horiek kalte handia eragingo dute gure hiriguneetan, baita gure landa eremuan ere, eta ingurumen inpaktu asko dituzte. Bitartean, gure garraio publikoaren gabeziak gero eta handiagoak dira; kalitatezko aldiriko tren baten aldeko apustua egiten dugu».

Zehazki, Miranda Ebro (Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) arteko tren korridorean aldiriko zerbitzu publiko bat egitea proposatu dute toki erakundeetako ordezkariek. Izan ere, martxoan abiatutako prozesuaren helburua da «trenbide sarea birpentsatzea, merkantzien eta bidaiarien garraioari benetako konponbidea emateko, helmugako denborak hobetzeko, eta lurralde kohesioa eta egituraketa errazteko». Hala, egungo trenbide proiektuaren plangintza «berriz bideratzeko beharra» azpimarratu dute.

Era berean, gogora ekarri dute herri mugimendua ere «alternatiba bat» lantzen ari dela, eta, Adifeko eta Renfeko sindikatuekin batera, Espainiako Gobernuari eskatua diotela «trenaren gaur egungo trazadurak egokitzeko eta hobetzeko». Are, tren «sozial, publiko, efiziente eta iraunkor» baten proposamena aurkeztu zuten ekainean Espainiako Kongresuan: «Alternatiba hau ministerioaren proposamena baino 1.500 milioi euro gutxiago kostatuko litzateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.