Pintaketa homofoboak egin dituzte Tuteran

Ortzadarraren koloreekin margotutako banku bat pintatu dute, eta 'maricones' (maritxuak) hitza idatzi dute

Ortzadarraren koloreekin margotutako banku batean pintadak egin dituzte. TWITTER
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 29a
11:32
Entzun

Eragile andanak salatu dituzte joan den asteartean Tuteran (Nafarroa) agertu ziren pintaketa homofoboak. Queiles pasealekuko banku bat ortzadarraren koloreekin margotuta zegoen, LGTBIQ+ kolektiboaren koloreekin. Norbaitek pintura urdina bota dio, eta maricones (maritxuak)hitza idatzi du lurrean. Ekintza, bada, ez da oharkabean pasatu, herriko zenbait eragilek sare sozialen bidez egin baitituzte adierazpenak.

Izquierda-Ezkerra taldeak, erraterako, ekintza gaitzetsi du Twitterren bidez: «Haien gorrotoaren aurrean gure duintasuna babesten jarraitu behar dugu». Alderdiaren bozeramaileak, berriz, Olga Risueñok, Facebook bidez egin ditu adierazpenak: «Gizarte gisa ezin dugu hau onartu. Jende hau gorrotatuz bizi da, eta ez dakite zer galtzen duten. Maitasun gehiago eta gorroto gutxiago». Tuterako EH Bilduk bere Twitter kontuaren bidez egin ditu adierazpenak: «Eskuin muturra normalizatzen denean, harekin itunak egitea erabakitzen denean, edozer egiteko gai diren munstroak askatzen dira». Politika arlotik kanpo jarduten dutenek ere adierazpenak egin dituzte. Union Tutera kirol taldeak, erraterako, honako hau zabaldu du bere Twitter kontuan: «Homofobiak eta intolerantziak ez dute lekurik ez gure hirian, ez gizartean». Tuterako Independenteen Kolektiboak, berriz, irudi bat zabaldu bere sare sozial guztietan, eta esaldi hau irakur daiteke bertan: «Ezin bagara eseri, zutik jarri beharko dugu. Tutera gorrotoaren kontra!».

Ez da lehenbiziko aldia

Antzeko pintaketak egin zituzten joan den apirilean. Lehenbiziko ekintza hartan ez zuten bankua margotu, atzeko pareta baizik. «Zuen harrotasunak ez dio Espainiari jaten ematen» esaldia idatzi duten, eta Bastion Frontal izeneko talde ultraeskuindarrak sinatu zuen. Apirilean ere, Tuterako zenbait talde politikok salatu zuten ekintza. Alejandro Toquero alkateak, adibidez, zera adierazi zuen: «Nire gaitzespen osoa. Gizalegearen kontrako ekintza bat izateaz gain, ekintza homofoboa ere bada. Hau ez da Tutera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.