Energia

Energia merkatzeko lehen neurrien ondoren, urrunago joateko presioa du Bruselak

Kontsumoa jaistea, energia konpainiak zergapetzea, eta berriztagarrien sariak murriztea onartu du EBk. Gasari gehienezko prezioa jartzeko eskatu dute EBko hamabost kidek, baina Europako Batzordeak eta Alemaniak ez dute nahi.

Kadri Simson EBko Energia komisarioa, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 30a
12:17
Entzun

Energiaren garestitzea hasi zenetik urtebete baino gehiago igaro den arte itxaron du Europako Batasunak prezioak jaisteko neurri sorta bateratua onartzeko. Dagoeneko badu, eta hiru osagai ditu: argindar kontsumoa %10 gutxitu beharko du EBko kide bakoitzak, erregai fosilen mozkin gehigarriak zergapetu ahal izango dituzte, eta energia berriztagarriak, nuklearra eta lignitoa gehienez 180 euroan ordainduko zaie megawatt-ordua.

Baina EBko kideen gehiengo batek uste du motz geratu direla, eta hamabostek —tartean Espainiak eta Frantziak— eskatu diote Europako Batzordeari gas inportazioei gehienezko prezio bat jartzeko. Bruselak eta Alemaniak, ordea, ez dute urratsa egin nahi, beldur direlako Errusiak gasaren iturria guztiz itxiko duela —Ukrainako gasbideak oraindik irekita daude—, eta beste hornitzaileek gasa beste leku batzuetara eramango dutela.

Gasaren eta argindarraren prezioak kalkulatzeko sistema berriak ere aurkeztu behar ditu Batzordeak, baina aurrerago.

EBko Energia ministroek ordubete baizik ez zuten behar izan lehen neurriak ontzat hartzeko. Funtsean, Batzordeakduela bi aste aurkeztutako neurriak dira, baina puntu bat gehituta: EBk atea itxi dio argindar konpainiek iraganeko galerak argudiatzea zerga arintzeko —zerga kredituak edo kreditu fiskalak—.

Espainiarentzat —eta Hegoaldeko ogasunentzat ere bai— garrantzia izan dezake puntu horrek, energia konpainiek 14.600 milioi euroren kreditu fiskalak dituztelako. Horiek erabil ez zitzaten, Madrilgo gobernuak diru-sarrerak zergapetzea erabaki zuen, eta ez mozkinak. Zehazki, legegaiak dio beren fakturazioaren %1,2ko zerga ordaindu beharko dutela hidrokarburo enpresek eta argindar konpainiek. Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikoko ministroak esan zuen legegaia moldatuko zutela EBren arauetara.

142.000 milioi euro

Batzordeak kalkulatu du EB osoan 142.000 milioi euro bil ditzatekeela energia konpainien gaineko zerga bereziak. «Elkartasun ekarpena» deitu du Bruselak, eta, haren bitartez, %33ko zerga ordaindu beharko dute petrolio eta gas enpresek eta findegiek jasotako «aparteko irabaziek». Azken lau urteetako batez besteko mozkinak baino %20 gehiago irabaztea hartuko da aparteko irabazi gisa.

Bildutako dirua erabili beharko dute energiaren prezio handietatik babesteko familiak, eta enpresak jasotzen ari diren laguntzak finantzatzeko.

Gauza bera argindar ekoizleen diru sarrerei jarriko dizkieten mugekin: haien bitartez 117.000 milioi euro bil daitezkeela uste du Europako Batzordeak. Haren bidez, berriztagarriak, nuklearra eta lignitoa baliatzen dituzten argindar konpainiek estatuei eman beharko dizkiete megawatt-orduko 180 eurotik gorako prezioan jasotako irabazi guztiak.

Azken neurri horrek ez du eraginik izango Hego Euskal Herrian, ez baitu indargabetzen salbuespen iberiarra izenekoa. Udaz geroztik indarrean dagoen sistema horren ondorioz, muga bat du argindarra sortzeko baliatzen den gasaren prezioak (40 euro megawatt-ordua, hasieran), eta, ondoren, kalte ordaina jasotzen dute argindarra sortzeko gasa erre duten konpainiek. Madrilen arabera, sistema horrek %18 merkatu du argindarraren prezioa.

Puntako orduetan, %5

Energia aurrezteari dagokionez, EBko 27 kideek hitz eman dute neurriak indarrean jarriko dituztela beren argindar kontsumoa %10 murrizteko. Puntako orduetan gutxienez %5 gutxitu beharko dute, orduan erabiltzen dute gehien gasa, eta, ondorioz, orduan izan ohi da garestien.

Euskal Herrian bada aldea Hegoaldearen eta Iparraldearen artean. Espainiako REEren arabera 10:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 22:00etara izaten da kontsumorik handiena; lehenengoan, ordea, prezioak ez dira hainbeste igotzen, fotovoltaikoak orduan egiten baitu ekarpenik handiena —%20 ingurukoa azken egunotan—. Iluntzean eta gauaren hasieran, ordea, ekarpen txikia egiten du eguzki energiak, eta orduan erretzen da gas gehien.

Frantziako RTEk ere 10:00etatik 14:00etara neurtzen du kontsumorik handiena, baina han afari garaiko igoerak 19:00an jotzen du goia, eta 20:00ak aldera amaitzen da.
Aparteko neurriak direnez, aldi baterakoak izango dira. Argindar kontsumoaren derrigorrezko murrizketa 2021eko abenduaren 1etik 2023ko martxoaren 31 arte izango da indarrean. Erregai fosilen ekoizleen gaineko zergak, berriz, 2022ko eta 2023ko irabaziak zergapetuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.