Hezkuntza Legea

EH Bilduk hartu-eman fase bat hasiko du hezkuntza eragileekin legeaz eztabaidatzeko

Ikoitz Arrese legebiltzarkideak «patxada eta ausardia» eskatu dizkio Jaurlaritzari.

EH Bilduren legebiltzarkide Ikoitz Arrese, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 30a
14:01
Entzun

«Erronka kolosala». Horixe da EH Bilduren aburuz Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legea. Apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrean lortutako hezkuntza akordioa «historikoa» da, Ikoitz Arrese legebiltzarkideak gaurko osoko bilkuran nabarmendu duenez, baina, akordio politikotik harago, hezkuntza eragileen parte hartzea bermatu asmo dute: «Konpromisoa hartzen dugu gaur hezkuntza komunitatearekin batera hartu-eman fase bat irekitzeko, eta haien ekarpenak behar bezala jasotzeko».

Hezkuntza Legea eragileen eskutik egiteko asmoa dute, beraz, Arresek azaldu duenez: «Orain arte, [hezkuntza komunitateari] parte eman diogu, eta parte izan behar du». Eta, bide horretan, Eusko Jaurlaritzari «patxada eta ausardia» eskatu dizkio: «Badakigu presak ez direla onak, eta, lege honen tramitazio guztian, denbora eta lasaitasuna behar-beharrezkoak ditugu». Gainera, ausardiaz joka dezatela nahi du, hainbat jomuga jarrita: «eraldaketarako» jauziak egitea, «hezkuntza sistema propio baterako» trantsizioa abiatzea, euskaran sakontzea, euskal kulturaren transmisioa legez ere bermatzea, Euskal Hezkuntza Zerbitzua «behar bezala» definitzea, eta «deszentralizazioren eta gobernantza eredu berri baten» alde egitea.

Arreseri iruditzen zaio gaur egungo aukera ezin dela galdu: «Hezkuntza akordioari fidelak izanik, aukera hau baliatu behar dugu». Horretarako, «behar beste» zuzenketa egiteko prest agertu da. «Arduraz, seriotasunez eta zorroztasunez ekingo diogu Hezkuntza Lege hau osatzeko prozesuari».

Orain, ekarpenak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek esan du eragileen parte hartzea bermatuta egongo dela: «Ja hasita dago testuari ekarpenak egin nahi dizkioten gizarte eragileen parte hartzerik handiena bermatzeko garrantzi handiko tramitea». Hain zuzen, urriaren 13ra arte izango dute ekarpenak egiteko aukera. Arreseren eskaerei erantzunez, nabarmendu du bi urte daramatzatela legea ontzen, ehunka pertsonarekin bildu direla, eta horrela jarraitzeko asmoa erakutsi du. «Aurrera egin dugu, eztabaidarako testu bat dugu, baina bide luzea dugu oraindik aurrean. Lan horren berri ematen jarraituko dugu gardentasun osoz, eta elkarrizketarako eta lankidetzarako espazioei eutsiko diegu, ganbera honen aurrean hartutako konpromisoari erantzun egokia emate aldera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.