Jaiak

Iruñeko Udalak laguntza kendu dio Alde Zaharreko jai batzordeari

San Fermin Txiki jaietan egindako euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldi bat erabili du argudio moduan. Jai batzordeak, hortaz, itzuli egin beharko du jasotako dirua. 5.791 euroko laguntza esleitu zion udalak.

Erraldoiak San Fermin Txiki jaien txupinazoan, iragan ostiralean. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko irailaren 30a
18:45
Entzun

Iruñeko Alde Zaharreko jai batzordeari 5.791 euroko laguntza emana zion udalak, San Fermin Txiki jaiak antolatzeko, baina diru hori erretiratzea erabaki du orain, egitarauan euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldi bat sartzeagatik. Udalaren arabera, diru laguntzen deialdiaren irizpideen kontra egiten du horrek.

Irailaren 22an Merkaderes kalean egin zuten ekitaldi bat erabili du argudiotzat udalak. "Etxerako bidea gertu" izeneko ekitaldia programatu zuen jai batzordeak egun horretarako, baina, udalak adierazi du ekitaldi horretan egingo zutena ez zuten zehaztu udalari laguntza eskatzerakoan. "ETA talde terroristako presoen aldeko ekitaldi bat" izan zen, azkenean, haren arabera. Udalak gaineratu du, ekitaldi hori diru laguntza jasotzeko eskaeran sartu izan balute, ez zuketela onartuko.

Udalak jakinarazi du, halaber, laguntzen banaketa aldatze aldera, deialdiaren irizpideak aldatu dituela. Hala, haren ustez balio jakin batzuk urratzen dituzten ekitaldiak ez dituzte diruz lagunduko; honako hauek, zehazki: "Giza eskubideak eta pertsonen bizikidetza errespetatzen ez dituzten proiektu eta jarduerak", "herritarrentzat iraingarriak izan daitezkeen ikurrak edo elementuak dituztenak", "euren duintasuna urratzen edo indarkeriaren justifikazioa iradoki dezaketenak" eta "politikoki oso markatuak diren alderdi edo elkarteek antolatutako ekitaldiak".

Irizpide horietan oinarrituta, jai batzordeari laguntza kentzea erabaki du udalak. Bere horretan utziko ditu, aldiz, San Fermin Txiki jaietarako banatutako gainerako laguntzak. Udalak laguntza moduan emandako diruaren %75 aurreratua zien elkarteei. Hortaz, jai batzordeak itzuli egin beharko du zati hori: 4.343,83 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.