Energia

Nord Streamen gas isuri nagusia eten egin da Baltikoan; bigarrena ez

Suediak dio ihes handiaren arrastorik ez dela ikusten itsasazalean. Europako gas eskaerak %10 egingo du behera 2022. urtean, IAEren arabera.

jarraia218974.jpg
xabier martin
2022ko urriaren 3a
10:21
Entzun

Suediako itsas guardiak jakinarazi du Nord Stream 1 gasbidean dagoen ihesik handienaren arrastorik ez dagoela jadanik Suediako urazalean, baina bigarren ihesak emaria handitu duela, «arin bada ere». Gasbide horren eta Nord Stream 2ren aurkako sabotajeak lau gas isuri eragin zituen aurreko astean. Horietako bi Suediako uretan gertatu dira, baina ihes nagusiak ez du burbuilarik igortzen jada. Bigarrena 30 metro diametroko azaleran sumatu daiteke, Bornholm uhartetik gertu.

Iparraldeko herrialde horretako agintariek iganderako aurreikusi zuten isuria amaitzea, eta ihesik handienaren kasuan bete egin da epemuga. Bigarrenarenean ez, ordea. Nord Stream 2 ez zuten martxan jarri bere garaian, baina metanoz beteta zeukan hodia. Gas hori oso kutsakorra da atmosferan, eta oraindik zehazteko dago hondamendi ekologikoaren neurria, isuriak direla eta.

Bien bitartean, Nord Stream gasbideen presioa egonkortu egin dela berretsi du Gazpromek. Errusiako gas konpainiak ohar bat kaleratu du informazio zehatzarekin: «Nord Stream 2aren A lerroan eta Nord Stream 1aren bi lerroetan egonkortu egin da presioa gertakarien ondoren eta ihesaldiak eten egin dira». Gaspromek dio lanean ari dela Nord Stream 2 gasbidearen B lerroan presioa apaltzeko; «hori dela eta, hodian gas naturalaren jarioa apaldu egin behar da». Neurri horrek ahalbidetuko die teknikariei «segurtasunez aztertzea lerroaren osotasuna eta ingurmenarentzako ahalezko arriskuak».

Gas eskaera, behera Europan

IAE Nazioarteko Energiaren Agentziak gasaren eskaerari buruzko hiruhilekoko txostena argitaratu du, eta argi utzi du Europak gas gutxiagorekin moldatu beharko duela 2022. urtean. Eskaera %10 jaitsiko dela aurreikusi du IAEk; prezioen gorakada izugarriarengatik eta Errusiako iturria ixten ari delako gertatuko da eskaeraren beherakadaren errekor hori.

Energiaren agentziak «ziurgabetasun handiko agertokia» aipatzen du aurreikuspenak egiteko traba gisa, baina, hala ere, gas eskaeraren inguruko aurreiskupen horiek apaldu egiten ditu, baita 2023. urterako ere: -%4. Hasteko, aurten 54.000 milioi metro kubiko gutxiagorekin moldatu beharko du Europak, eta horrek %0,8ko jaitsiera eragingo du mundu mailan. Prezio garestiak eragina izaten ari baitira mundu osoan.

Urteko lehen zortzi hilabeteetan, Europak nabarmen apaldu du gas eskaera aurreko epe berarekin alderatuz gero: -%10. Etxebizitzetan eta saltokietan jaitsi da gas eskaera (-%12), baina erabilera industrialean are gehiago (-%15). Argindarra sortzeko, ordea, 2021. urteko maila berean erre dute gasa Europan, abuztura arte. Lehorteak zentral hidroelektrikoen sorkuntza asko apaldu du Europako hegoaldean, eta Frantziak bere erreaktore nuklearren geldialdia konpentsatu behar izan du, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.