Lan merkatua

Motelaldi hotsei eusten ari zaie lan merkatua

Ohi bezala, irailean langabezia jaitsi egin da Hego Euskal Herrian, eta afiliazioa igo, hezkuntza sektorearen dinamikaren ondorioz. Industria eta zerbitzuak bultzatzen ari dira enpleguaren sorrera.

Industria sektoreko langile bat, Bilboko portuko lantegi batean. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 4a
11:00
Entzun

Lan merkatua izaten ari da ziurgabetasun egoerari hobeto eusten ari zaizkion adierazleetako bat. Ekonomia bolada onean izan den urteetan bezala, irail honetan ere langabeziak behera egin du, eta Gizarte Segurantzako afiliazioek, gora. Abuztuan baino 1.851 langabe gutxiago zenbatu ditu SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak, eta 6.639 afiliatu gehiago.

Guztira, 142.868 pertsona daude lanik gabe Hego Euskal Herrian, eta 1.276.089 pertsona Gizarte Segurantzan izen emanda. Kopuru horiek azken hamarkadako onenen artean jarraitzen dute. Konparazio baterako, joan den urteko irailean baino 9.312 langabe gutxiago daude, eta 23.505 afiliatu gehiago. 2008. urtetik irail batean zenbatutako langabe kopururik txikiena da, eta handiena afiliazioen kasuan.

Hori, hein handi batean, aurten pilatutako emaitza onen ondorio ere bada. Abuztuan, dena den, martxoan hasitako joera hautsi zen. Ohi denez, hilabete txarra izan zen abuztua: gora egin zuen langabeziak (2.085 gehiago), eta behera afiliazioek (13.621 gutxiago). Lanpostu horiek denak ez dira irailean berreskuratu, baina hala izan da aurreko urteetan ere, eta irail honetako kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira. Bereziki, urrian eta azaroan errekuperatzen dira abuztuan galtzen diren lanpostu gehienak. Orain, ikusteko dago udazkenera begira zabaltzen ari den ziurgabetasun ekonomikoak nola eragingo duen bilakaera horretan.

Industria eta zerbitzuak

Irail honetan, sektore guztietan murriztu da langabeen kopurua, eta industrian izan da jaitsierarik handiena: 512 langabe gutxiago daude. Urte hasieratik industria izan da euskal ekonomiaren motorra, hornidura arazoak desagertu ez diren arren. Pandemiak eragindako geldialdiari indartsu erantzun zion sektoreak urteko lehen erdian, baina joera hori apalduz joan da hurrengo hilabeteetan, lehengaien eta, bereziki, energien prezioen igoeragatik. Industria handi batzuetan, siderurgian esaterako, hasiak dira berriz ere aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteak ezartzen, eta kaleratze hotsak ere entzuten dira enpresa batzuetan. Baina, oro har, euskal industrien esportazio emaitzak oso onak izaten ari dira: urteko lehen erdian %25 handitu dira, eta oso eskura dute 2019ko marka haustea.

Aurten lan merkatua bultzatu duen beste sektore nagusia zerbitzuena izan da, eta irail honetan ere ere behera egin du langabeziak: 478 gutxiago. Inflazio handiak herritarren erosahalmenean izan duen eraginak ez dio oraingoz sektoreari eragin. Bereziki turismoak eta, horrekin batera, ostalaritzak urte oparoa izan dute. Eraikuntzan, berriz, 403 gutxiago zenbatu ditu SEPEk, eta lehen sektorean, 236 gutxiago, bereziki mahats bilketarako egindako kontratuengatik. Aurrez enplegurik gabe zeuden 222 pertsona irten dira langabeziatik.

Etxeko langileen afiliazioa

Datu horiek afiliazioarenekin osa daitezke. Ona izan da iraila hein handi batean, hezkuntza sektorearen dinamikaren ondorioz: uztailean eta abuztuan lanik gabe geratzen dira behin-behineko milaka irakasle, jangeletako langile, akademietako behargin eta halakoak, eta irailean eta urrian kontratatzen dituzte berriz. Beste sektoreetan ere gora egin du afiliatuen kopuruak, batean izan ezik: etxeko langileak. 159 gutxiago. Urrian sartuko da indarrean Espainiako Gobernuaren araudi berria: horren ondorioz, enplegatzaileek etxeko langileen langabeziarako kotizazioak ordaindu beharko dituzte.

Kontratu motari dagokionez, irailean 116.612 kontratu egin dira, eta horietatik 34.394 mugagabeak izan dira, hau da, sinatutakoen %29,24, inoizko kopururik handiena. Azken lan erreforma indarrean jarri eta aldi baterako kontratazioa mugatu zenetik, asko ugaritu dira kontratu mugagabeak; izan ere, aurretik %7-8 izaten ziren. Edonola ere, horietako asko aldizkako kontratu finkoak dira, eta ez dute urte osoko jardunaldia bermatzen.

ERREAKZIOAK

Eusko Jaurlaritza: «Datuek erakusten dute gure ehun ekonomikoa sendoa dela eta mehatxuei aurre egiteko gai dela».

Nafarroako Gobernua: «Oraingoz, enplegu maila nahiko egonkor dago, eta aurreikuspen ekonomikoek positiboak izaten jarraitzen dute»

ELA: «Kontratu berrien kalitatea ez da ona. Langile klasearen pobretze prozesu bat gertatzen ari da»

LAB: «Langabeziak behera egin du, prekaritate eta behin-behinekotasunaren igoeraren kontura»

CCOO: «Emaitza onak izan arren, ziurgabetasun handiko testuinguru bat larriagotzen ari da»

UGT: «Soldaten igoera eta langabezia prestazioen hobekuntza bermatzeko garaia da»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.