Quebeceko bozak

CAQek Asanbleako nagusitasuna sendotu du

François Legault lehen ministroaren koalizioak gehiengo osoa handitu du, 74 ordezkaritik 90era igota. PQk inoizko babesik eta ordezkaritzarik txikiena bildu du: hiru diputatu izango ditu.

François Legault (CAQ), parlamenturako hauteskundeetako garaipea ospatzen. EMILIE NADEAU / CAQ
ander perez zala
2022ko urriaren 4a
13:04
Entzun

François Legault eta haren indar politikoa, CAQ Quebecen Etorkizuna Koalizioa, hegemonia bat finkatzeko bidean dira. Aldaketaren mezua sustatuta iritsi zen agintera duela lau urte, Asanblea Nazionaleko aulkien gehiengo osoa bilduta, eta atzo egin zituzten hauteskundeetan nagusitasun hori sendotzea lortu du, 74 diputatutik 90era igota —125 aulki ditu parlamentuak—. Kanpaina immigrazioaren murrizketan eta frantsesaren defentsan oinarritzea estrategia baikorra izan da CAQentzat, zenbait gatazka, adierazpen arrazista eta hutsegite gorabehera, eta Legaultek bigarren agintaldia egingo du Quebeceko lehen ministro karguan. Frantsesez eta ingelesez, bi hizkuntzatan zin egin du agintariak, gaurko ordu txikietan, «quebectar guztien» agintaria izango dela.

Aurtengoa zatiketaren kanpaina izan da, eta hori agerian utzi zuten Legaulten iragan asteko adierazpenek, agintariak esan baitzuen bere burua gai ikusten zuela «batasuna» lortzeko. Baina errealitate hori CAQeko hautagaiak berak ere elikatua izan da, besteak beste, bere hauteskunde oinarriari begira –batez ere, frantses hiztunak, landa eremukoak eta helduak dira—: asteotan, esaterako, immigrazioaren eta «estremismoen» arteko lotura egin zuen —gerora barkamena eskatu zuen—; iragan astean, gainera, adierazi zuen frantsesa hitz egiten ez duten migratzaileak Quebecera eramatea «suizidio bat» litzatekeela. «Nahi ala ez, frantsesaren etorkizunak zerikusia du harrerarako gaitasunarekin».

Iragan agintaldian Lan ministro izandako Jean Bouletek ere antzeko adierazpenak egin zituen kanpainan, honako hau esan baitzuen migratzaileez: «Montrealera doaz, ez dute lanik egiten, ez dute frantsesez hitz egiten [ingelesa da nagusi hiri horretan] eta ez dute bat egiten Quebeceko balioekin». Hark ere barkamena eskatu behar izan zuen.

Halere, CAQ agintean dagoenetik, migrazioaren aferak garrantzi handia hartu du eguneroko politikan. Legaulten asmoa da immigrazioa 50.000 lagunera mugatzea urtero, baina horrek enpresariak haserrearazi ditu, langileak behar dituztelako —langabezia tasa %4,5 da—. Horrekin batera, agintariak kanpainan esan du klase ertainekoen zergak txikituko dituela inflazioari aurre egiteko —%7,5 da—, eta frantsesa babestuko duela ingelesaren aldean.

Azken helburu horri begirako erabaki garrantzitsuetako bat da iragan maiatzean onarturiko 96. Legea, helburu duena frantsesa babestea. Quebeceko hizkuntza ofiziala dela errepikatzeaz gain, gobernuaren legeak berritasun bat txertatu du, horretan baitio frantsesa dela herritarren «hizkuntza komuna»; besteak beste, 88.9. artikuluak zehazten duenez, frantsesa «immigranteen harrerarako eta integraziorako hizkuntza da, baita quebectar guztiei gizarte honetako bizitza publikoan eta horren garapenean parte hartzea ahalbidetzen diena ere».

Hauteskunde sistemaren eragina

Auzi horiez aritzeaz gain, hauteskunde sistemak ere mesede egin dio CAQi, botoen %41 (+3) bilduta parlamentuko aulkien %70 izango baititu. Quebec 125 hautesbarrutitan banatuta dago, eta ordezkari bakoitzak bere barrutia ordezkatzen du; hortaz, bozetan, babesik handiena lortzen duen hautagaiak lortzen du diputatu kargua.

Botoei erreparatuz gero, QS Quebec Solidarioa ezkerreko alderdi independentista izan da babesik handiena bildu duten indarretan bigarrena, botoen %15,4 jasota (-0,7), baina, hauteskunde sistemaren ondorioz, hirugarren alderdia izango da parlamentuan, 11 diputaturekin (2018an baino bat gehiago). Oposizioko lehen indarra, hortaz, PLQ Quebeceko Alderdi Liberala izango da oraindik ere, 21 eserlekurekin (-10); boto emaileen %14,4k (-10,42) egin duten arren horren alde.

CAQen garaipenaz gain, PQ Alderdi Quebectarraren emaitza izan da hauteskundeetako beste albiste nagusia. Itxura guztien arabera, mugimendu subiranistaren gidari izan zen indarra beheranzko joera amaigabean dago, eta horren erakusle da atzoko emaitza: inoizko babesik eta ordezkaritzarik txikiena lortu du.

PQri ere kalte egin dio hauteskunde sistemak. Boto gehien bildu duen hirugarren indarra izan den arren —%14,6, duela lau urte baino 2,46 puntu gutxiago—, hiru ordezkari izango ditu parlamentuan, sei gutxiago; behintzat, horietako bat Paul St-Pierre Plamondon alderdiko buruzagia da, zeina lehen aldiz sartuko den Asanblean.

Independentziaz, PQko buruak esan du CAQekoek eta PLQkoek aukera hori «gutxietsi eta mespretxatu» dutela, baina haren alderdiak helburu duela, oraindik ere, «gizarte proiektu» horrek «ametsak eragitea».

CAQen urteotako arrakasta Quebecen eboluzio politikoaren erakusle argia da. Independentziaren eta subiranismoaren aferak ez du XX. mendean izan zuen pisu eta garrantzia, eta egun arreta beste gai batzuetan dago jarrita, besteak beste «Quebeceko balioen defentsan», Legaultek hainbatetan argudiatu duen modura.

Agintaria PQko ministro izan zen bitan 2000ko hamarkadan, eta, horretatik atera ondoren, haren koalizioaren sortzaileetako bat izan zen: CAQ eskuineko indarra da, nazionalista eta autonomista. Hau da, Legault independentziaren aurka agertu da, baita Kanadako sistema federalaren kontra ere; hirugarren bidea deritzona defendatzen du, autonomia gehiago lortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.