Indarkeria matxista

Espainiako Auzitegi Gorenak zortzi urte jaitsi dio espetxe zigorra Maguetteren hiltzaileari

Kartzelan urte gutxiago pasatu beharko ditu ez dutelako frogatu bi alabei kalte psikologikoak eragin zizkienik. Orotara, 29 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra bete beharko du.

Maguette Mbeugouren hilketaren epaiketaren saio bat, artxiboko irudian. MIGUEL TOñA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 4a
15:49
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 37 urteko zigorra ezarri zion abenduan Bara N.-ri, haren emaztea zena, Maguette Mbeugou, hiltzeagatik. Orain, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak zortzi urte gutxiagoko zigorra jarri dio; hain zuzen, 29 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra. Izan ere, epailearen hitzetan, ezin dute zigortu adin txikiko bi alabei kalte psikologikoak eragiteagatik, tratamendu psikologikoa jaso bazuen ere ez dagoelako frogatuta medikuren batek hala agindu ziela. Gizonak Bilbon hil zuen Mbeugou, 2018an, eta bertan zeuden haien 4 eta 2 urteko bi alabak ere.

Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzian zenbait delitu egozten dizkiote: hilketa —ahaidetasun eta genero astungarriekin—, bi delitu adin txikikoak abandonatzeagatik —bikotekidea zena hil eta bi alabak bakarrik utzi zituen gizonak— eta beste delitu bat tratu txarrak emateagatik: aldiz, alabei kalte psikologikoak egiteagatik ezarritako bi delituak indargabetu dituzte. Izan ere, sententzian jaso dutenez, bi adin txikikoek terapiara joan behar izan zuten; alabaina, ez zien mediku batek agindu tratamendu hori. Gainera, esan dutenez, «aukera asko daude» adin txikikoek amaren hilketa ikusi izateko, «baina ez da erabat frogatuta geratu».

Hilketaren ostean, alabetako batek trauma osteko estresari lotutako eragin psikologikoa jasan du, eta bestea hitz egiten ez duela geratu da, eta bestelako eragin emozionalak ere baditu. Sententziaren arabera, ordea, ez dago argi kalte horiek justu zerk eragin zituen; alegia, hilketaren hotsak entzun ote zituzten edo hilketaren ostean gizonak etxetik alde egin zuenez zazpi ordu baino gehiagoan bakarrik egoteak egin ote dien kalte. Abandonatzeagatik jada gizona zigortuta dagoenez, esan dute ezin dutela kalteengatik zigortu.

Zigor arinagoa

Beraz, azkenean, zigorra arindu diote hiltzaileari: 29 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri diote. Alaben tutoretza ere kendu diote 32 urte eta erdirako, eta ezingo du haiengandik 500 metrora baino gutxiagora egon, ezta haiekin komunikatu ere 35 urtean. Gainera, 780.000 euro eman beharko dizkie haurrei, eta 25 urteko inhabilitazioa ezarri diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.