GERRA UKRAINAN

Zelenskik berretsi du ez duela Putinekin negoziatzeko asmorik

Errusiako goi ganberak Ukrainan okupatutako lurrak anexionatzeko hitzarmenak onartu ditu, aho batez. Putin gaur da legeak promulgatzekoa.

Okupatutako lurren anexioen hitzarmenak onartzeko saioa egin dute, gaur, Moskun, Errusiako goi ganberan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 4a
17:06
Entzun

Gerran jarraitzeko erabakiak hartu zituzten Errusiak eta Ukrainak joan den ostiralean. Ukrainan partzialki okupatutako eremuak anexionatzeko hitzarmenak sinatu zituen Errusiako presidente Vladimir Putinek, eta jarraian heldu zen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren erantzuna: urgentziazko prozedura erabilita, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko eskaera egingo dute. Nabarmendu zuen, gainera, Ukrainak ez diola muzin egiten Errusiarekin negoziatzeari, baina ez duela Putinekin hitz egingo. Eta gaur hori bera berresten duen dokumentu bat plazaratu du Kievek.

Ikusita Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk Ukrainako eskualdeetan Moskuk hauspotutako eta nazioarteak ukatutako galdeketak egin zituztela, eta Kremlin horien anexioa gauzatzekoa zela, Ukrainako Segurtasun Nazionalerako Kontseilua bildu zen ostiralean. Onartu zuen dekretuaren lehen klausulan hau jaso du: «[Ukrainak] Erabaki du ezinezkoa dela Errusiako Federazioko presidente Vladimir Putinekin negoziatzea». Zelenskik ostiralean adierazi zuen Kremlineko buruak ez dakiela zer diren «duintasuna eta zintzotasuna». Dekretu horretan zehaztu dute, besteak beste, jarraitzea Mendebaldeari laguntza militarra eskatzen.

Eta Kievek pauso horiek ematen dituen bitartean, Errusiako goi ganberak ere Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko itunak onartu ditu, gaur, behe ganberak atzo egin bezala. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero egiten duen agerraldian aurreratu duenez, Putin gaur da lege horiek promulgatzekoa. Ukrainaren azaleraren %15 inguru bereganatuko du Errusiak, eta 1945ean Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik Europan indarrez egindako anexiorik handiena izango da.

Ikus gehiago: Errusiak ez du kontrol osorik anexionatu duen eskualde bakar batean ere

Halere, aintzat hartu behar da Errusiak ez duela argi zeintzuk diren anexionatutako lurretako batzuen mugak. Peskovi horri buruz galdetu zioten atzo, eta erantzun zuen Donetskek eta Luhanskek 2014ko mugak edukiko dituztela —orduan ere, Ukraina ekialdean gerra hasi eta gutxira, Mendebaldeak aitortu ez zituen erreferendumak egin zituzten bi eremu horietan—, eta Khersonen eta Zaporizhiaren kasuan jarraituko dutela herritarrei mugei buruz «kontsultatzen». Ez zuen argitu, ordea, zer-nolako kontsultez ari zen.

Egun, Luhansken %66 inguru dauka kontrolpean Errusiak, eta Donetsken %60; Zaporizhiaren eta Khersonen kasuan, berriz, %66 dago Errusiako indarren menpe. Ukrainak azken egunetan jakinarazi du, gainera, Errusiaren kontrolpean zeuden eremu batzuk berreskuratu dituela Khersonen eta Donetsken.

200.000tik gora, mobilizatuta

Gaur, Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak herrialdeko agintari militarrei jakinarazi die Putinek joan den irailaren 21ean agindutako «mobilizazio partzialaren» harira jada 200.000 herritar baino gehiago errekrutatu dituztela. Xoiguk berak duela bi aste aurreratu zuenez, mobilizaziorako deiak 300.000 bat erreserbistari eragingo die.

Defentsa ministroak zehaztu du 80 esparru militarretan eta sei instrukzio gunetan ari direla aurrera eramaten «prestakuntza lanak», eta aginduak eman dituela mobilizatutako guztiek «beharrezko ekipamendua» jaso dezaten. Xoiguk adierazi du, gainera, boluntario asko beren kabuz ari direla izena ematen mobilizatzeko.

Irailaren 21ean nabarmendu zuenez, «gaitasun militar bereziak» dituztenak edo borrokan eskarmentua zuten 18 eta 35 urte bitarteko gazteak deituko zituzten. Baina hedabide askok frogekin erakutsi dutenez, eskarmenturik gabekoak ere deitzen ari dira. Horren erakusle, Kremlinek atzo hartutako erabaki bat: Khabarovsk eskualdeko komisario militarra kargutik kendu zuen, milaka herritar «modu irregularrean» mobilizatzeagatik. Putinek iragarpena egin zuenetik, herritar ugarik alde egin dute Errusiatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.