Justiziaren plan estrategikoa

Justizia «azkarrago eta ulergarriago» egiteko plan estrategikoa aurkeztu dute

2028ra arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako justiziaren ibilbidearen noranzkoa adieraziko duen plan estrategikoa aurkeztu dute. 1.500 milioiko gastua aurreikusi dute.

Carmen Adan, Beatriz Artolazabal, Iñaki Subijana eta Blanca Rosa Barbero gaur Bilboko Auzitegi Nagusian. IREKIA
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko urriaren 5a
13:39
Entzun

Datozen urteotako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako justiziaren ibilbide orria aurkeztu dute gaur Bilboko Auzitegi Nagusian. Justizia organoen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren ondorioz sortu da Gure justizia: guztiontzako justizia. Plan estrategiko hori 2022 eta 2028an zehar egongo da indarrean, eta 1.500 milioi euroko gastua aurreikusi dute zazpi urteetarako. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkezpenean azaldu duenez, planaren xedea justizia «jendearekin eta jendearentzako» egitea da. Horregatik, eta edonorentzat eskuragarri egoteko, justizia ulergarriago bat sortu nahi da.

Artolazabalekin batera, EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea Iñaki Subijana, EAEko fiskal Nagusia Carmen Adan eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaria Blanca Rosa Barbero egon dira plan estrategikoaren aurkezpenean. Denak ados etorri dira justiziak zenbait arazo dituela, eta aurkeztutako plan berria horiei erantzuna emateko eratu dela baieztatu dute. Azaldu dutenez, hainbat gizarte eragilerekin batu ziren organo judizialak eta administrazio publikoa, guztien artean egun justizian dauden arazoak topatu eta horiei ahalik eta erantzunik hoberena emateko era aurkitzeko.

Subijanak adierazi duenez, «justiziaren ahulguneak ezagutzea nahitaezkoa da». Bi ahulgune azpimarratu ditu Auzitegi Nagusiko presidenteak: justiziaren abiadura eta herritarrek ulertzeko dituzten zailtasunak. «Berandu egiten den justizia ez da justizia», baieztatu du Subijanak, eta, horregatik, prozedura judizialen abiadura azkartzearen beharra azpimarratu du. Aurkeztutako ekintza planean aurreikusita dago justizia azkarrago bat eratzea. Horretarako, prozedurak eta betearazpenak bizkortuko dira eta etendako epaiketen kopurua murriztuko da, besteak beste.

Justizia ulerterrazagoa bihurtzeari dagokionez, azpimarratu du justizia «herritarrentzat» dela eta horien «egonezinei erantzuna ematea» duela helburu. Horregatik, helarazten zaien mezuen kalitatea hobetu behar dela adierazi du: «Mezua ulertu ezean, hausnarketa ezinezkoa da, eta horrek justizia herritarretatik aldentzen du». Justizia ulergarria ahalbidetzeko, beti era berean ekitea gomendatu du Subijanak. Horretarako, «erantzun homogeneoak» ematearen garrantzia adierazi du. Ekintza planean Subijanak adierazitakoa berresten da: «Antzeko gaiei epaileek emandako erantzunaren segurtasun juridikoa eta koherentzia bermatu behar da».

Justiziaren etxe berria

2022-2028ko ekintza planean egoitza jasangarriak eratzea aurreikusten da. Horretarako, eraikin eta instalazio judizialak eguneratuko dira, baliabide materialek «zerbitzuaren beharrizanei eta funtzioari erantzuteko». Zerbitzua hobetze aldera, instalazio «seguruagoak, irisgarriagoak, jasangarriagoak, funtzionalagoak eta erosoagoak» egingo dira.

Gainera, zerbitzuaren beharrei erantzungo dieten instalazio judizialak izateko proiektuaren barruan, Bilboko Ibañez kaleko Mapfre eraikinaren erosketa dago. Bertan, justizia jauregia eraikiko da. Urte hasieran bereganatu zuen Eusko Jaurlaritzak eraikina, 41 milioi euroren truke. Artolazabalek adierazi duenez, urte bukaeran izango dute eraikuntza lanen proiektua, eta hurrengo legealdirako prest egotea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.