Korsika-Frantzia

Korsikako hautetsien eta Frantziako Gobernuaren arteko negoziazioak, oinarri bila

Darmaninek atzeratu egin du bihar uhartera egitekoa zuen bisita, «eztabaida bare baterako baldintzarik» ez dagoela argudiatuta. Protestak antolatu dituzten gazte mugimenduek aho batez eskatu dute elkarrizketak hausteko.

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua elkarri eskua ematen, iragan uztailean, negoziazioen lehen bilkura amaitu ostean, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
ander perez zala
2022ko urriaren 5a
13:52
Entzun

Bi hilabete eta erdi besterik ez da pasatu Korsikako hautetsiek eta Frantziako Gobernuak uhartearen etorkizun instituzionalari buruzko negoziazio sorta hasi zutenetik, baina dagoeneko sentsazio ezkor bat finkatzen ari da uharteko mugimendu nazionalistan: elkarrizketetarako estrategia aldatu beharra dagoela, edo, behintzat, solasaldien oinarriak moldatu behar direla. Pierre Alessandri preso nazionalistari baldintzapeko askatasuna hirugarrenez ukatu izanak haserrea eragin du irlan, eta, herritarren eta Asanblearen kexen ostean, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak erabaki du Korsikara bihar egitekoa zuen bisita atzeratzea, argudiatuta ez dagoela «baldintzarik eztabaida bare baterako».

Darmaninen erabakiak, Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuarekin batera harturikoak, ez luke eragin nabarmenik izan beharko elkarrizketa sortan, eta espero da bi aldeek egutegiari eta negoziazioen helburuei eutsiko dietela. Halere, hilabeteotako adierazpenek, aurrerapausoek eta gertakariek uharteko mugimendu nazionalistako sektore batzuen ezinegona eta zalantzak elikatu dituzte, batez ere Frantziako Estatuari begira; Simeoni jakitun dago horretaz, eta solasaldietan parte hartzen ari diren hautetsiekin berriz biltzeko asmoa du, «jarrera komun bat» finkatze aldera.

Korsikako gobernuburuak ez du egiteko erraza izango, tentsioa pixkanaka handitzen ari baita oposizioko alderdi nazionalisten artean. Kasurako, Core in Fronte independentistaren jarrera, Alessandriri buruzko erabakia jakin eta berehala azaldu baitzuen, iragan astean, Parisekin abiaturiko elkarrizketetatik aterako zela; Corsica Libera independentistak jarrera moderatuagoa hartu du, eta mahaiaren inguruan jarraitzeko asmoa du, nahiz eta adierazi zuen oraingoz negoziazioek bertan behera geratu behar dutela.

Femu a Corsica autonomista –Simeonirena— elkarrizketekin segitzearen alde agertu da, eta, printzipioz, jarrera hori gailenduko da, nahiz eta aurtengo manifestazioak antolatu dituzten gazte mugimenduek ere aho batez eskatu zuten, atzo gauean, negoziazioak behin betiko hausteko. Ultimatum bat ere eman diote Korsikako gobernuburuari: «Bide bakarra da posible: indar harremana. Boterean daudenek ez dezatela ahatz agintean daudela militanteak borrokatu direlako eta ondorio larriak jasan dituztelako. Haiek ez dute ahaztu. Guk ere ez».

Egoera bideratzeko, Simeonik «adierazpen indartsu bat» nahi du Frantziako Estatuaren, Barne ministroaren eta gobernuaren partetik, argi uzten duena gaur egun Korsikan badaudela «baretzerako baldintzak». Korsikako gobernuburuaren ustetan, Alessandriren eta Ferrandiren «berehalako» askatasunak egon beharko luke tartean, «modu naturalean eta zuzenbidea aplikatuta».

Bi militante nazionalista horiek Claude Erignac prefetaren hilketagatik zigortu zituzten, 2003an, eta, baldintzapean aske geratzeko aukera duten arren, ezetza eman diete behin eta berriz; hori bai, Yvan Colonnaren heriotzaren ondoren, uharteko kartzela batera lekualdatu zituzten, iragan apirilean.

Macroni eskaria

PNC Korsikako Nazioaren Alderdia autonomistaren buruzagi Jean-Christophe Angelinik ere keinu bat espero du Parisen partetik. Are, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esku hartzea ere nahiko luke: «Badakigu prozesuak hasieratik enbarazu forma bat sortu duela, eta horrek funtzionatzeko eta arrakasta izateko trinkotasun politiko handiagoa behar duela. Adierazpen presidentzial bat behar da».

Angeliniren ustetan, Frantziako presidentearen «adierazpen indartsuaz» harago, Korsikako herritarrek «ahots indartsu batez» hitz egin behar dute egungo egoerari erantzuteko, Frantziako Estatuari «determinazio mezu bat» bidaltzeko, Alta Frequenza irratian adierazi duenez.

Aldiz, Korsikako Asanblean eskuin erregionalista eta jakobinoa elkartzen dituen Un Soffiu Novu talde parlamentarioaren buruzagi Valerie Bozzirentzat, «domaia» da Darmaninek bisita atzeratu behar izatea. Hura ere negoziatzen jarraitzearen alde agertu da, eta esan du beharrezkoa dela «prozesuaren esparrua zehaztea» elkarrizketek «hobeki» segitzeko.

Darmaninek bi eguneko bisita bat abiatu behar zuen bihar, eta Korsikako auzapezekin zen biltzekoa energiaz eta uraren eta zaborren kudeaketaz aritzeko. Christophe Bechu Trantsizio Ekologikorako ministroa ere parte hartzekoa zen bilkura horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.