Ipar Koreak bertze bi misil jaurti ditu Japoniako itsasora

Misiletako batek 350 kilometro egin ditu Japoniako itsasora erori baino lehen, eta bertzeak, 800 kilometro.

KIMIMASA MAYAMA / EFE. HERRITAR BAT IPAR KOREAK HERENEGUN JAURTITAKO MISILAREN IBILBIDEA IKUSTEN, TOKION
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 6a
09:52
Entzun

Ipar Koreak irismen laburreko bi misil jaurti ditu Japoniako itsasora gaur goizean –asteazken gaueko bederatziak aldera Euskal Herrian–, herenegun irismen luzeko misil balistiko bat jaurti eta gero. Hego Koreako armadaren erranetan, Ipar Koreak bi misil mota berri erabili ditu, horietako bat Errusiako iskander jaurtigaiaren bertsio hobetu bat. Ibilbide irregularra izatea eta altuera txikian ibiltzea dira misil horren ezaugarririk nabarmenenak. Yonhap albiste agentziaren erranetan, misiletako batek 350 kilometroko ibilbidea egin du, eta 80 kilometroko altuera hartu du: bertzeak 800 kilometro egin ditu, eta 60 kilometroko altueraraino iritsi da. Ekintzaren ondorioz, areagotu egin da bi eremuen arteko tentsioa.

Azken hamar egunetan Ipar Koreak egin duen seigarren jaurtiketa da gaurkoa, Ameriketako Estatu Batuek eta Hego Koreak egindako azken jaurtiketari erantzuna emateko. «Koreako Herri Errepublika Demokratikoa ikusten ari da AEBak mehatxu larria direla Koreako penintsularen egonkortasunerako», azaldu du Ipar Koreako kanpo ministerioak. Izan ere, Ipar Koreak herenegun egindako jaurtiketaren ondoren, Hego Koreak eta AEBek osatutako aliantza militarrak irismen ertaineko lau misil balistiko jaurti zituen atzo Japoniako itsasorantz. Hego Koreako armadak ohar batean jakinarazi zuenez, «aurreikusitako helburu birtualak» jo zituzten misilek. Ez dirudi, horrenbestez, alde guztiak Koreako penintsularen desnuklearizazioan aurrerapausoak emateko moduan direnik.

Japoniaren jarrera

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua Piongiangek jaurtitako azken misilaz hitz egiteko bildu zen atzo arratsaldean New Yorken. Japonia Kontseiluaren banaketaz kexatu zen: «Tamalgarria da Kontseiluak ekintza probokatzaile horiei ezin aurre egin ahal izatea; beraz, nazioartearekin lankidetzan jarraituko dugu, Ipar Koreak Kontseiluaren ebazpenen betebehar guztiak bete ditzan», adierazi du Seiji Kihara Japoniako Gobernuko bozeramaile ordeak prentsaurreko batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.