Garraioa

Bizkaiko AP-8a eta Supersurra %10 merkeagoak izango dira kamioientzat

Horrez gain, erabilera maiztasunaren araberako deskontuak %13rainokoak izango dira, eta motor alternatiboak erabiltzen dituzten kamioiek %25ekoa izango dute gehienez. Aldundiak 5,5 milioi gutxiago jasoko ditu.

Kamioi bat AP-8 autobideko bidesari batean. GARI GARAIALDE / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 6a
12:42
Entzun

Bizkaiko AP-8 eta Supersur autobideak %10 merkeagoak izango dira kamioi astunentzat. Deskontua 2023ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta mugagabea izango da. Aldundiak kalkulatuko du hiru milioi euro biltzeari utziko diola horregatik.

Deskontu horrez gain, diputazioak beste batzuk aplikatuko ditu, erabilera maiztasunaren eta motor motaren arabera. Erabileragatik, gehieneko deskontua %13koa izango da; hori da Europako Batzordeak baimentzen duen muga. Supersurren aplikatzen da jada, eta lurraldeko ordainpeko errepide guztietara zabalduko da, baita datozen hilabeteetan kamioientzat ordainpekoak izango diren bost errepideetan ere.

Motorrari dagokionez, %25eko deskontua egongo da O eta ECO etiketa duten kamioi elektrikoentzat, hibridoentzat eta gasa erabiltzen dutenentzat; % 20koa EURO 6 etiketa dutenentzat; eta %15ekoa EURO 5 etiketa dutenentzat. Neurri horiek direla eta, diputazioak ez ditu jasoko beste 2,5 milioi euro.

Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak esan duenez, neurri horiekin sektoreari lagundu nahi zaio kostuen igoerei aurre egiteko eta flota modernizatzeko. Eusko Jaurlaritzak 34.000 eurorainoko laguntzak emango ditu kamioiak berritzeko.

Martxoan bi astez egon zen geldirik garraioaren sektorea Hego Euskal Herrian, erregaien prezioaren igoeragatik protestan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.