Urriaren 16an izango da Nafarroa Oinez ikastolen jaia

Hilaren 16an ospatuko dute aurten Nafarroa Oinez jaia, Tafallan. Igandea izango da egun nagusia, baina larunbatean, urriare 15ean, tailerrak, kontzertuak eta jolasak ere egongo dira.

Gaur aurkeztu dute Nafarroa Oinez jaia. NAFARROA OINEZ
iraia vieira gil
2022ko urriaren 6a
13:27
Entzun

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du urriaren 16an Nafarroa Oinez jaiaren 41. edizioa. Ikastolak berak 50. urte bete ditu aurten, eta Erdian Erein lelopean, mende erdiz euskararen alde egindako lana eta gaur egun seme-alabak euskaraz hezten jarraitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dute. Era berean, gogorarazi nahi dute ikastolek hezkuntza eredu berrietara egokitzeko tresnak behar dituztela, baita ikasleentzako espazio ireki gehiago izan beharko liratekeela ere.

Asteburu osoko jaia izango da aurtengoa, nahiz eta egun nagusia igandea, urriaren 16a, izango den. Gozatzeko aukerak, hori bai, anitz izango dira bi egun horietan. Hasteko, urriaren 15ean, dianak izango dira 10:00etan; artisauak eta taloak ondoren. Eguerdian, erraldoiak, euskal dantzak eta herrian zeharreko kantupoteoa izango dira. Arratsaldea ere tailerrez beteta egongo da: umeentzako ipuinak, Pasadizoko kontzertuak, liburu aurkezpenak, eta abar.

Igandean, lau eremutan bananduko dute Tafalla –Sustrai, Hazi, Zuhaitz eta Kimu–, eta eremu bakoitzean ikuskizun eta ekintza desberdinak izango dira. Irekiera ekitaldia, adibidez, Zuhaitzen egingo dute. Sustraien, bestalde, jota tailerrak, txalapartariak edota herri kirolak izango dira. Horrez gain, musikaz gozatu ahalko dute bisitariek Kimuan, eta Skabidean edota Rotten XIII taldeen kontzertuetara joan. Amaitzeko, zirkua eta ingurumen eta zoru margotze tailerrak izango dira, besteak beste, Hazin.

Oinez Berdea

Topaketa handiek, askotan, ingurunea hondatu besterik ez dute egiten. Ondorioz, natura babesteko helburuarekin, eskaera zerrenda bat argitaratu dute antolatzaileek. Bizikleten antzeko garraio iraunkorrak erabiltzeko, hondakinen edukiontziak erabiltzeko, birziklatzeko eta uraren eta energiaren kontsumo arduratsua egiteko eskatzen diete bertan jaiaz gozatu nahi dutenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.