Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Cirmauto enpresako kaleratze kolektiboa

ELAk sententzia ospatu du, eta Nafarroako Gobernuaren «geldotasuna» kritikatu du.

Cirmautoko langileen elkarretaratzea, artxiboko irudia. ELA
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 6a
14:35
Entzun

Cordovillako (Nafarroa) Cirmauto kontzesionarioak egin nahi zuen kaleratze kolektiboa –28 pertsona langabezian utziz– bertan behera utzi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. ELA sindikatuak pozez hartu du erabakia. Izan ere, haren erranetan, sententziak mugatu egiten du «enpresek normalean kaleratzeak egiteko erabiltzen duten inpunitatea». Nafarroako Gobernuak egoera dela-eta izan duen «geldotasuna» ere kritikatu du sindikatuak, «zeinak enpresaren interesen alde egin zuen eta babesik gabe utzi zituen langileak», gehitu du.

ELAk azaldu duenez, enpresa jada ez dago martxan, beraz, «ezinezkoa izanen da langileak berriz hartzea». «Horrek esan nahi du Cirmautok bidegabeko kaleratze bati dagozkion zenbatekoak ordaindu beharko dituela, baita kaleratzearen egunetik (2021eko abenduaren 10a) epaiaren egunera arte (2022ko urriaren 3a) jaso ez diren soldatak ere. Gainera, 10.000 euro ordaindu beharko dizkio ELAri, greba eskubidea urratzeagatik», adierazi du ELAk.

Sindikatuaren erranetan, auzia «Cirmauton gertatutakotik haratago» doa, «ohar argia» delako patronalarentzat: «Lan erreformaren ondorioz enplegua erregulatzeko espedienteak errazago egiten ahal badira ere, denak ez du balio». Hala, enpresako langileek egindako lana nabarmendu du ELAk: «Langileen antolamendua da lan eskubideak defendatzeko tresnarik onena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.