Lurraldetasuna

Frantziak Bruselari eskatu dio atzera ditzala mugetako kontrolak 2023ko apirilera arte

Kontrolak zorroztu dituzte azken urteetan, eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide itxi zituzten 2021eko urtarrilean. Horiek irekitzeko eskatu diote erakundeetako ordezkariek Frantziako Gobernuari aste honetan.

Frantziako Poliziaren kontrola  Irun eta Hendaia arteko mugan. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urriaren 7a
12:41
Entzun

Galderari erantzutea saihestu zuen Dominique Faure Ekologia, Energia eta Lurraldeetako Frantziako estatu idazkariak asteazkenean. Baionako antzokian iragan zen MOT mugaz gaindiko operazio misioaren biltzar nagusiaren karietara etorria zen, eta estu hartu zuten Mathieu Berge Akitania Berriko hautetsiak eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugaldeko pasabideen irekitzeari buruz. Bereziki aipatu zuten muga hori pasatzen entseatzen diren migranteen egoera, eta gogoratu urte bakarrean hamar lagun hil direla. Estatu idazkariak izkin egin zien, erranez ez zuela «horren berri», baina hitzeman zuen eskaera ministeriora helaraziko zuela. «Nirekin kontatu dezakezue beharrik baduzue».

Ezin jakin egun hartan gezurra erran zuen, ala ez den entzuna izan. Baina Frantziako Gobernuak Bruselari eskatu berri dio luza ditzala mugetako kontrolak azaroaren 1etik 2023ko apirilaren 30era. Hala jakinarazi du Gerard Sadik Cimade elkarteko kideak Twitter sare sozialean. Zabaldu duen dokumentuaren arabera, 2015eko abendutik sei hilean behin berretsi du eskaera Frantziak. Orduan, mehatxu terroristagatik eskatu zuen –dozenaka hildako utzizituzten eraso jihadistak izan ziren 2015eko azaroan Parisen–, baina, geroztik, COVID-19aren pandemia, legez kanpoko migrazioa eta bestelako argudioak ere eman izan ditu bere eskaeretan.

Azken honetan, hauek aipatzen ditu: «mehatxu terrorista berriak, krimen antolatua, kontrabandorako talde antolatuak, errefuxiatuen joan-etorrietan mehatxu bat sor lezaketen pertsonen etorreraren arriskua, legez kanpoko migrazioa, bigarren mailako mugimenduak, kanpoko mugako egoera (Ukrainako gerra)». Horregatik, barne muga guztiak, eta itsasoko eta aireko mugak kontrolatzeko eskatu du.

2021eko urtarrilean harago joan zen Frantziako Gobernua, eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide itxi zituzten. Ordutik, horietako lau berriz ireki badituzte ere, ofizialki itxiak daude oraindik ere hauek: Hendaiako merkantzien zubia (Lapurdi), Izpegiko lepoa, Aldudeko RD58 errepidea (Nafarroa Behera) eta Larraineko Iturzaetako lepoa (Zuberoa). Hala ere, BERRIAk bildu dituen lekukotasunen arabera, horietako batzuetatik inolako arazorik gabe iragan daiteke gaur egun, baina kontrolak ezarri ohi dituzte tarteka. Orain dela hiru aste, adibidez, igande goizean, Jendarmeak Larraineko lepoan ezarri ziren, Nafarroatik heldu ziren autoei pasabidea eragotziz. Era berean, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan, hesi batek oztopatzen du merkantzien zubiko pasabidea. Eremu horretan ikus daitezke, bereziki, Frantziako Poliziaren kontrol zorrotzak egunerokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.