LABek zazpi greba egunetara deitu du Bizkaiko egoitzetan ratioen egoeragatik

Agerraldia egin dute, grebara deitzeko. LAB
2022ko urriaren 7a
17:43
Entzun

«Egoitzen egoera itogarria da, eta egungo ratioak jasanezinak dira. Gure adinekoek logela partekatu behar dute intimitatea galduz, ez zaie eguneroko dutxa ziurtatzen, ez zaie gosaria edo afaria ordu onargarrietan ematen, fardel aldaketak edo postura aldaketak berandu egiten dira batzuetan...». Argazki hori azaldu du LABek, Bilbon egin duen agerraldi batean. «Nazkatuta» daudela esan dute, adineko egoitzetako langileen egoerak okerrera baino ez duelako egin. Horregatik, zazpi greba egunetara deitu dute, urriaren 26an eta 27an, azaroaren 17an eta 18an, eta abenduaren 14an, 15ean eta 16an.

Bizkaiko Foru Aldundiari eta zahar egoitzetako patronalei eskatuko diete lan baldintzak parekatzeko langile publikoenekin: «Gure lan bera egiten duen langile publiko batek baino %50 inguru gutxiago kobratzen dugu. Horrez gain, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez, hilean 300 euro inguru pobreagoak gara». Erretiroen alde egitea, ordezkapenak lehen egunetik osatzea eta lan osasunari buruzko neurriak hartzea ere aldarrikatuko dute grebaren bidez, patronalak eta diputazioak negoziatzeko borondaterik ez duela iritzita. Langileak aktibatu eta zerbitzuaren publifikazioa agendan sartu nahi dute.

Batasun sindikalaren alde egin dute: «Ez diogu inolako biderik ixten sektoreko langileen kolektiboa indartsuago bilakatuko duen edozein agertokiri». ELAk egin berri ditu hiru greba egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.