udal hauteskundeak

Dagoenarekin jarraitu edo lehenera itzuli

Donostiako PSEko militanteek Garmendia eta Elorza hautagaien artean aukeratu beharko dute igandean. Lehenak Gascoren babesa du; besteak, Itxasorena.

Marisol Garmendia, ostegunean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 7a
17:49
Entzun

PSE-EEren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietarako eta hiriburuetarako hautagaitzak azken urteetako bidearen jarraipena dira. Donostian ere hala izatea zen asmoa, Marisol Garmendia bigarren alkateordeak zerrendaburu izateko nahia adierazi ostean. Halere, ezusteko aurkari bat topatu du bidean, Odon Elorza alkate ohi eta Espainiako Kongresuko diputatuarena. Biek aurrez aurreko eztabaida bat egingo dute gaur, ateak itxita, eta Donostiako sozialisten 452 afiliatuek igandean erabakiko dute nor izango den euren alkategaia.

2019ko bozetarako, sozialistek Ernesto Gasco hautatu zuten zerrendaburu. Hark, baina, 2020ko urtarrilean utzi zuen udala, Espainiako haur pobreziaren aurkako goi mandatari kargua hartzeko. Garmendiak hartu zuen hark bigarren alkateorde eta PSEren eledun karguetan utzitako lekua betetzeko ardura. Beraz, haren esku geratu zen sozialistek eta EAJk itxitako gobernu akordioari jarraipena ematea.

Elorza bestelako ideia batekin itzuli da. Eneko Goia alkatea eta jeltzaleak izan ditu jomugan azken asteetan. Udal gobernutik kanpo egoteak emandako askatasuna baliatuta, Goiaren kudeaketa «txarra» kritikatu du, eta erabakiak hartzeko orduan «autokonplazentziaz» aritzea leporatu dio.

Elorzak argi du maiatzeko bozetarako aurkari nagusiak Goia bera eta EH Bilduren hautagai eta alkate ohi Juan Karlos Izagirre izango direla, baina uste du sozialistek badutela aurre egiteko aukera: «[Eurek] hegemonia lortzeko lehiatzen diren bitartean, sozialistok esfortzua egin behar dugu alkatetza berreskuratzeko». Horretarako «konfiantza eta lidergoa transmititzen dituen» hautagai bat behar dela uste du. Hau da, bera. «Koalizio gobernu baten buru izateko gaitasuna duen hautagai bat», gehitu zuen Elorzak, baina hori nortzuk osatuko luketen zehaztu gabe.

Garmendiak, aldiz, udalean sozialisten «ahotsa» izateko eskatu du babesa: «Donostiako alkatetza berreskuratzeko, zuek ordezkatzeko, harrotasun sozialista guztiarekin». PSE-EEren eledunak «batasuna» ere eskatu du, primarioen irabazlea dena dela ere. Halere, Elorzak bere hautagaitza aurkeztearekin, Garmendiak adierazi zuen haren garaiak jada pasatu zirela, eta orain «gogoa, ilusioa eta anbizioa dituen emakume batek» lekukoa hartzeko ordua dela.
Argudio hori erabili du Gascok ere udalean taldekide izandakoa babesteko: «EAJk, EH Bilduk, PPk eta Ahal Dugu-k Donostiako alkatetzarako gizonezkoak aurkeztuko dituztela jakinda, urriaren 9an PSEtik aukera dugu primarioetan emakumezko hautagai baten alde bozkatzeko».

Babesean

Gascoren eta Garmendiaren arteko harremana ona da. Bigarrena 2011ko bozen ostean iritsi zen Donostiako Udalera. Orduan, Elorza izan zen zerrendaburua, baina Gascok hartu zuen sozialisten gidaritza hura diputatu hautatu zutenean. Hala, Garmendia, besteak beste, Europako Kultur Hiribururako hautagaitzaren arduradun izan zen, eta 2015ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietara salto egin arren, 2019an berriz itzuli zen udalera, Gascoren eskutik.
Horrez gain, beste 57 militanteren babes esplizitua ere jaso du Garmendiak. Horien artean daude Duñike Agirrezabalaga, Cristina Lage eta Ane Oiarbide zinegotziak, eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultur eta Kirol diputatua. Halere, uko egin dio bere burua «aparatuaren» hautagai gisa aurkezteari.

Elorza babestu dutenen artean Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria dago. Hark alkate ohiaren eskutik egin zuen politikarako jauzi, 2003ko udal hauteskundeetan, eta haren konfiantzazko taldeko kide izan zen aurrerantzean. Hala, Itxasok adierazi du Elorzak bozetan baliagarria izan daitekeen «ondare politiko eta elektorala» duela.

Izan ere, Elorza hogei urtez izan zen Donostiako alkate. 1991n iritsi zen kargura, EAJrekin egindako akordio bati esker. 2011ra arte mantendu zen, jeltzaleekin eta PPrekin akordioak eginda. Urte hartan, Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, eta Izagirre izendatu zuten alkate.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.