Jone Uriak irabazi du Donostiako final-laurdena

706 puntu eskuratuta irabazi du saioa, eta Onintza Enbeita izan du atzetik, 688 punturekin  

Jone Uria, gaur, Donostiako Viktoria Eugean. IñIGO URIZ / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2022ko urriaren 8a
19:40
Entzun

Gaur arratsaldean jokatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta Jone Uria izan da, nabarmen, denetan nagusi, 706 puntu eskuratuta. Horrenbestez, finalaurrekoetara zuzenean pasatuko da Uria, eta Iruneko Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa) kantatuko du azaroaren 5ean, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabalekin batera. Hala geratu da, bestalde, gaurko sailkapen osoa:

1. Jone Uria, 706 punturekin.
2. Onintza Enbeita, 688 punturekin.
3. Aitor Etxebarriazarraga, 682,5 punturekin.
4. Maddalen Arzallus, 678 punturekin.
5. Eñaut Martikorena, 674,5 punturekin.
6. Beñat Iguaran, 659 punturekin.

Goraino bete da gaur Viktoria Eugenia antzokia. 888 lagun batu dira, denera, Donostiako final-laurdenean; orain arteko saioetan baino gehiago. Giroa, ordea, aurrekoetan bezain gori sumatu da antzokian; nabaria izan da entzulearen bertso-gosea. Bisak errepikatu dituzte eta bertsoak gogotik txalotu. Baita tarteka-tarteka barre algaraka aretoa lehertu ere. Bertsolariek lortu dute bero zegoen publikoarekin konektatzea, nahiz eta behetik gorako prozesua izan den hori.

Zozketak hala aginduta, honela eseri dira sei bertsolariak, hurrenez hurren: Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Onintza Enbetita, Maddalen Arzallus, Eñaut Martikorena eta Jone Uria. Hasierako agurrak kantatu ondotik, ohi gisara, zortziko handiko ariketari ekin diote. Enbeitaren eta Arzallusen bertsoaldia izan da, ziurrenean, txalotuena. Ekonomikoki oso une lazgarria bizitzen ari den berrogeina urteko bikote baten larruan jarri behar izan dute. Onintzak guraso izan nahi duela zehaztu du Leire Garatxena gai-emaileak, eta, Maddalenek, aldiz, ez duela uste une egokia denik. Ondo heldu diote gaiari biek ala biek. «Ta igual ondo beteko dugu/guk umearen demanda/gu biongandik zerbait kenduta/berari asko emanda». Kolpe hori bota du Enbeitak, eta hala erantzun dio Arzallusek: «Bi sartzen diren tokian hiru/sartzen dira, badakigu/baina ez gara bi sartzen eta/ezin gara sartu hiru».

Zortziko txikiari ere ederki erantzun dio Arzallusek. Martikorenarekin batera osatu du bertsoaldia. Gaiaren arabera, pisukideak izan dira ariketa horretan. Arzallusi tipuladun patata tortila gustatzen ez zaiola jakitun, berriro ere horixe jarri dio afaltzeko Martikorenak. Bere indargunetik jo du Martikorenak; umorez josi baititu hiru bertsoak. Bigarren bertsoan algaraka lehertu da aretoa. Maddalen kexu zen berriro ere afaritarako gauza bera jarri izanagatik, eta hala arrazoitu du Martikorenak kantuz: «Euskal kulturan honek/esan nahi du hala:/ilargira ta bueltan/maite zaitudala».

Nabarmentzekoa da plaza bihurtu duela antzokia Martikorenak. Izan ere, txapelketako tentsio horiei guztiei iskin egin, eta aise lortu du publikoarenganaino iristea; errealitate eta umore zantzuz josiz bertso guztiak.

Nolanahi ere, nabarmentzekoa batez ere Uriak egindako saioa izan da; bikaina, hasi eta buka. Puntuazioa da horren erakusle; erori gabe, zutik eutsi baitio oholtzari. Ariketa guztietan utzi ditu ale politak, baina ganbarakoa egin du borobilen. Honakoa izan dute hiru bertso kantatzeko gaia: «Badakizu min egingo diola, baina pentsatzen duzuna esatea erabaki duzu». Lagun baten drogekiko adikzioa eraman du bertsotara. Eta, hain zuzen, ondorengoa izan da lagunari esatea erabaki duena: «Aldatu beharko luke/behingoan bere brujula/hala esan diot hartuz/ahots goxo ta ahula/ez al zara konturatzen/arazo bat daukazula?» .

Ondo merezita gailendu da saioan, nahiz eta denen artean lortu duten saio gozagarri bat osatzea. Amaierako agurrean deskribatu du irabazleak zer den Txapelketa Nagusia bertsolarientzat:

Azken hiru astean nahiko
komentario ikusi da:
«Honen bete lana eskas»,
«Hau ez dabil itsu, ba»
Bertso denen letra txiki
kakotsak eta kurtsiba
nork hanka sartuko ote
nork emango esklusiba
gu erdi borrero
eta gu erdi suizida
gure autoestimen dantza
eta zuen ikusmira
ongi etorri berriro
Txapelketa Nagusira

Bihar Lizarran

Bihar bertan jakingo da, aurreko saioetako irabazleez gain, zein izango diren finalaurrekoetara pasatuko diren bertsolariak. Lizarrako Los Llanos aretoan (Nafarroa) izango da gaurko saioa, eta ondorengo bertsolariak arituko dira kantuan: Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.