Udal hauteskundeak

Garmendiak dio PSE-EEk «lidergo berri bat» duela Donostiako alkatetza eskuratzeko

Ez Garmendiak eta ez Jose Ignacio Asensiok ez dute argitu Elorzak edo hura babestu dutenek Donostiako Udalerako hautagaien zerrenda osatuko duten.

Garmendia, atzo, emaitzen berri izan ondoren. GORKA ESTRADA / EFE
jon olano
2022ko urriaren 10a
11:33
Entzun

PSE-EEk atzo argitu zuen Donostiarako alkategaia nor izango den; Marisol Garmendiak militanteen botoen %66 eskuratu zituen, Odon Elorza alkate ohi eta diputatuari nagusituta. Garmendiak «pozez, esker onez eta arduratsu» hartu ditu emaitzak, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean adierazi duenez: «Bide berri bat, lidergo berri bat zabaltzen da Donostiako sozialistok alkatetza berreskuratzeko». Hauteskunde primarioek alderdian zauririk eragin ote duten galdetuta, ezetz esan du: «Alderdia bizi-bizirik dagoela adierazi dugu, demokratikoki jokatu dugu, eta indartsu eta gogotsu atera gara». Bi hautagaiek, ordea, ez dute hitz egin emaitzen berri jakin ondoren, Garmendiaren arabera.

Jose Ignacio Asensio PSE-EEko Gipuzkoako presidente eta alderdiko ahaldungai nagusiak eredugarritzat jo du prozesua, eta nabarmendu du bi hautagaiak «bikainak» zirela: «Orain, programa eta hautagaitza on bat egin behar dugu». Ikusteko dago zerrenda horietan zer leku izango duten Elorza babestu zutenek, baina, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Asensiok azaldu du ez dagoela bere esku Elorza zerrendan aurkeztea: «Diputatu sozialista da Madrilen; gobernu aurrerakoiaren gehiengo egonkor bat bermatu behar du. Lan zoragarria egiten ari da, eta nik nahi dut berak lan hori egiten jarraitzea».

Primarioetan galdu eta biharamunean, berriz, Elorzak defendatu egin du hautagaitza aurkeztu izana: «Politikan, bataila batzuk, suizidak diruditen arren, egin egin behar dira, norbere duintasunagatik eta sinesmenekiko koherentziagatik», idatzi du sare sozialetan.

Izagirre eta Iriarte hautagai

EH Bilduko Gipuzkoako eta Donostiako mahai politikoek Maddalen Iriarte eta Juan Karlos Izagirre proposatu zituzten, hurrenez hurren, ahaldungai nagusi eta alkategai izateko; horiek izan dira proposamen bakarrak, eta datorren ostegunetik larunbatera bitartean, bilkideek aukera izango dute proposamen horiei buruzko botoa emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.