TELEBISTA

Haurrentzako katalanezko kate berria, baliabidez eta mangaz betea

Kontsumo modu berrietara egokitu dute eskaintza, aplikazioen eta sare sozialen laguntzarekin. Podcastak ere sortu dituzte.

SX3 kateko 'Titó' saioa. TVC
urtzi urkizu
2022ko urriaren 10a
14:03
Entzun

Aurreko urteetan baino baliabide ekonomiko gehiagorekin, ahalegin teknologiko handia eginez, eta askotariko edukiak eskainiz, Kataluniako telebista publikoak neska-mutikoentzako kanala berritu du. SX3 du izena kate berriak, eta gaur goizean hasi ditu emankizunak.

Baina ez da telebista kate soil bat izango: SX3 kanal orotako proiektu transmedia eta multipantaila da. Telebista konektatuentzako aplikazio bat sortu dute, eta, horretan, S3ko eta X3ko telesailak eta saioak noiznahi ikusi ahalko dira —S3 haur txikiagoentzat da eta X3 ez hain txikientzat—. Sakelako telefonoetarako eta tabletentzako aplikazio berria ere martxan jarri dute. Gainera, aplikazio horretan, Super3 klubeko txartel birtuala gaineratu dezakete neska-mutikoek —gurasoek saio bakoitzaren denbora kontrolatzeko aukera izango dute—. SX3ren webgune berriak, bestalde, aukera emango die haurrei eta gurasoei ikus-entzunezko edukiak, jokoak, testak eta marrazteko baliabideak eskura izateko.

Alexa ahots bidezko morroian, gainera, tresna berria jarri dute. Horri esker, S3ko ipuin hautaketa bat entzun ahalko da Alexa bidez.

Sare sozialetan ahalegin berezia egin du Kataluniako hedabide publikoak: Youtuben S3ren eta X3ren kanalak jarri dituzte martxan, Instagramen eta Telegramen kontu berriak sortu dituzte, eta estreinaldia egin dute Tiktok sare sozialean.

Spotify plataforman estreinaldiko musika eta SX3ko musika historia osoa jarriko dute. Horrez gain, podcastetan eskaintza berezia egingo dute txikientzat eta nerabeentzat Spotifyn bertan, baita Apple Podcast, Google Podcast, Amazon Music eta Ivoox plataformetan ere.

Askotariko edukiak
Edukien artean, esan bezala, bereizi egingo dituzte S3koak eta X3koak. S3ko tartean, Numberblocks saioa estreinatu dute, haurrek jolasten eta kantuan ikas dezaten. Titó programan, berriz, Katalunia ezagutu ahalko dute neska-mutikoek: herrialdearen natura, kultura, katalanaren esamoldeak, herri kantak eta aktibitate fisikoa. Ingelesa ikasteko tartetxo bat ere izango du saioak. S3 munduan estreinatuko dituzte Jasmine & Jambo eta Uau Ka Kau saioak ere. Hilaren 17an, herri kanta katalanei eskainitako programa bat hasiko da.

SX3 kanal berriak, gainera, manga eta anime saio arrakastatsuak emango ditu; esate baterako, Guardians de la nit: Kimetsu no Yaiba manga laudatua eskainiko dute. Inazuma Eleven, Ronja, la filla del bandoler eta Haikyu!! izango dira animaziozko beste estreinaldi batzuk. Nerabeentzako magazin interaktibo transmedia bat ere sortu dute: Ràndom.

Datozen hilabeteetarako, sexuari buruzko programa batean ari dira lanean. Kataluniako historiari buruzko saio bat, K-Pop estiloko talent-show bat eta El Pop Petit taldearen ikuskizun bat ere iritsiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.