ELBk eta Lurzaindiak auzitara joko dute Arbonako lurren aferan

Laborantza lurren 12 hektareak erosi dituena «jukutrian» ari dela diote. Hiru etxeak erostekoak zituen Parisko bikoteak gibel egin du

ELB eta Lurzaindiaren agerraldi bat, Arbonako lurren salmenta salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urriaren 10a
16:47
Entzun

Lehen garaipena. Arbonako (Lapurdi) Berruetako hiru etxeak eta lau hektarea lur erosi nahi zituen Parisko bikoteak gibel egin duela jakinarazi dute ELBk eta Lurzaindiak. Ahoz jakinarazi die Caritie jaunak, eta idatzizko frogaren beha dira. Azken asteetako presioak emaitzak eman dituelako pozik agertu dira bi eragileetako kideak, baina abisua ere eman du Dominika Ameztoi Lurzaindiko eledunak: «Ekintzak prest ditugu. Salmentatik erretiratzen direla baieztatzeko idatzia eskuratzen ez badugu, berriz ekintzara pasatuko gara». Halaber, laborantza lurren 12 hektareak erosi dituen Pauline Desurmont laborariaren kontra auzitara jotzeko borondatea agertu dute, SAFER egiturak esku hartu ez zezan «jukutrian» aritu dela uste baitute.

Agerraldia egin dute Bidarten (Lapurdi), Desurmonten postontziaren aitzinean; familiako etxea dute bertan. Laborantza lurrak erosterako orduan, laborari gisa aurkeztu zen Pauline Desurmont, eta laborantzako bere egoitza nagusia helbide horretan zuela deklaratu zuen. ELB eta Lurzaindiko kideek erakutsi nahi izan dute hori ez dela hala. «Egoitza nagusia Larribarren (Nafarroa Behera) du, Berruetako lurretatik 80 kilometrora», salatu du Maryse Cachenaultek. Laborantzako lurrak babesteko xedez mobilizatuak diren militanteen hitzetan, ohiko prozedurak desbideratzeko azpikeriatan aritu da lurren eroslea.

Gisa horretako salmenta bat gertatzen denean, SAFER egiturak lehentasunez erosteko parada du, eta laborari ezberdinen hautagaitzak aztertu ondoren erabakitzen dute nori joan behar zaizkion lurrak. «Desurmontek jadanik baditu lurrak, eta Arbonakoetatik urrun dira; ez zen lehentasunetan izanen», Cachenaulten hitzetan. Joan den astean lurren jabetza soila erosi zuen Desurmontek, 200.000 euroan, gozamen eskubiderik gabe. «Baina alokairu kontratu bat izenpetu zuen oraingo jabearekin. Eta pentsatzen dugu hiru urteko epean gozamen-eskubidea erosten entseatuko dela. Lurren jabea izanik lehentasuna izanen du». SAFER egituraren prozeduren desbiderantze hori eraman nahi dute auzitara.

Horrez gain, ELBk eta Lurzaindiak zalantzan ezarri dute Pauline Desurmont zinez laboraria ote den. «Galdera egin nahi dugu: zer da laboraria izatea? Guretzat, laboraria da bere lurraren mozkinetatik bizi dena», adierazi du Ameztoik, eta ohartarazi 12 hektarea horiek berez balio dutenaren prezio bikoitzean erosi dituztela. «Ingalaterrako erreginak ere laborari estatusa zuen», oroitarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.