Estatu laguntzak

Bruselak estatu laguntzen araudia malgutu nahi du 2023. urtean ere

Gobernuei tarte handiagoa eman nahi die, Ukrainako gerraren ondorioak eta energiaren prezio altuak pairatzen dituzten enpresak babesteko. Pandemiatik ari da bere araudia malgutzen   

Margrethe Vestager Europako Lehiarako komisarioa, ezkerrean, aurreko astean Europako Parlamentuan eginiko agerraldi batean. ULIEN WARNAND (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 10a
19:22
Entzun

Enpresentzako estatu laguntzei buruzko zalantzak agerian geratu ziren beste behin joan den astean, Alemaniako Gobernuak 200.000 programa bat iragarri zuenean. Europako Batasuneko gobernu askoren kritikak eragin zituen, denek ez dutelako Berlinek izan dezakeen gaitasun ekonomiko bera bere industria laguntzeko, eta Margrethe Vestager Lehiarako komisarioak esan zuen estatu kideei proposamen bat bidaliko ziela. Hiriburuetara bidali duen dokumentuan Batzordeak proposatu du estatu laguntzen araudia malgutzea beste urtebetez, datorren urtearen amaierara arte, eta enpresek estatu baten partetik jaso ditzaketen zenbatekoak handitzea. Ikusteko dago zein izango den gobernuek proposamenari ematen dioten erantzuna, itxuraz, Berlinen neurrira egindakoa irudi duelako.

Estatu laguntzei buruzko Europako araudia funtsezkoa da 27 herrialdeen arteko lehia leiala izan dadin eta merkatu komuna babesteko. Bruselak mugak jartzen dizkie gobernuei beren herrialdeetako enpresak diruz laguntzeko, beste herrialde batzuen aldean abantaila izan ez dezaten. Martxoan, arau horietako batzuk malgutu zituen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren; Bruselak estatuei baimena eman zien enpresei diru laguntza zuzenak, maileguak eta bermeak emateko —antzera egin zuen koronabirusaren krisian—. Era berean, enpresek energia fakturak ordaintzeko eta berriztagarrietan inbertsioak egiteko laguntzak baimendu zituen.

Bruselak jarritako baldintza horiek kontuan hartuz, herrialde gehienek abiatu dituzte beren planak, bakoitzak bere ahalmen ekonomiko eta, bereziki, zorpetzeko gaitasuna kontuan hartuz. Urteko bigarren erdian, besteak beste, kontinenteko bi enpresa energetiko handi erreskatatu dituzte gobernuek: Frantziako EDF eta Alemaniako Uniper.

Diru gehiago

Martxoan zehaztutako malgutasun neurriak, baina, urte amaieran iraungiko dira, eta Bruselak eskaini du beste urtebetez luzatzea. Horrekin batera aldaketa batzuk zehaztu ditu. Adibidez, Errusiari jarritako zigorrengatik eta horien ondorioengatik zuzenean kaltetutako enpresek jaso dezaketen zuzeneko laguntzaren gehieneko kopurua 500.000 eurotik 750.000 eurora izatea, eta nekazaritza sektoreko enpresentzat eta arrantza sektorekoentzat, muga hori orain artekoa baino %50 handiagoa izango litzateke, 93.000 eta 112.500 eurora artekoa, hurrenez hurren.
Horrez gain, energien merkatuko gorabeherei erantzuteko laguntzei ere eutsi nahi die Bruselak. Orain arte, gobernuei baimena ematen zien enpresek alor horretan zituzten gastuen %30 ordaintzen laguntzeko, 2 milioi euroko gehienezko kopuruarekin; horrekin lotuta, aldaketa bat proposatu du Batzordeak. Muga hori urtekoa izatea: hau da, aurten muga hori gainditu duten enpresek hurrengo urtean ere eskatu ahal izatea.

Orain arte bezala, laguntzak jaso ahal izateko bere kontuetan errentagarritasun irizpide gehigarri eta espezifiko batzuk betetzea eskatuko du Bruselak. Zehazki, enpresa baten EBITDAk —interesen, zergen, balio galeraren eta amortizazioaren aurreko mozkinak kontuan hartzen ez dituena— positiboa izatea 2021ean, eta erakustea 2022ko otsailetik bere irabaziak gutxienez %50-60 murriztu direla.

Galerak dituzten enpresen kasuan ere, horiek erreskatatzeko aukerari eusten dio Bruselak, eta kasu horretan, laguntza ezin izango da 25 milioi eurotik gorakoa izan, orain arte bezala.

Horrez gain, Batzordeak ez ditu estatuko laguntzak mugatu nahi likidezia arazoak dituzten enpresen epe laburreko biziraupena bermatzera, baizik eta epe ertainean zorra ordaintzeko arazoak dituztenen eskura ere jartzea proposatu du. Hala ere, egoera eta baldintza jakin batzuetan bakarrik betetzen direnean: Bruselak bere proposamenean dio laguntzak ezin duela izan enpresaren bideragarritasuna ziurtatzeko beharrezkoa den gutxienekoa baino handiagoa, eta enpresa taldeen kasuan taldeak jaso beharko lukeela laguntza eta ez enpresa bakoitzak bere aldetik. Gainera, uste du estatu laguntzak jaso dituztenek estatuari «arrazoizko ordainsaria» eman behar diotela: etorkizuneko irabazien «zati egoki bat», adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.