Eskozia

Eskoziako abokatuak Gorenari esan dio «azkenean argitu» dezakeela independentzia erreferendumaren afera

Eskoziako Parlamentuak independentzia galdeketa bat egiteko eskumenik ba ote duen argitzeari buruzko saioa hasi dute. Auzitegiko presidenteak azaldu du «zenbait hilabete» beharko dituztela erabaki bat hartzeko.

Dorothy Bain Eskoziako Gobernuaren aholkulari legal nagusia, gaur, Erresuma Batuko Gorenean. BERRIA
ander perez zala
2022ko urriaren 11
14:02
Entzun

Dorothy Bain Eskoziako Gobernuaren aholkulari legal nagusi eta abokatuak hasiera-hasieratik egin dio erreferentzia aferaren muinari: Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak baduela aukera independentzia erreferendumari eta Eskoziako Parlamentuaren eskumenei buruzko auzia «argitzeko». Bainen adierazpen horrek gutxi izan du kasualitatetik, ebazpenaren berri emango dutenean Goreneko bost epaileek badutelako aukera erabakirik ez hartzeko, argudiatuta Eskoziako Parlamentuak ez duela onartu galdeketari buruzko legea, eta, beraz, ez dutela hipotesi batez epairik emango. «Zuzenbideko galdera zilegi bat dago, erantzunik gabea. Auzitegiak argitasuna eta ziurtasuna eman diezaioke aferari, eta azkenean zehaztu Eskoziako Parlamentuak ba ote duen eskumenik independentzia erreferendum bati buruzko legeak egiteko [Londresen baimenik gabe ere]», adierazi die Bainek epaileei.

Gaur hasi dute ahozko saioa Erresuma Batuko Auzitegi Gorenean, eta bi egun iraungo du. Bi aldeek beren argudioak azaltzeko deitu zuten saio horretara, eta, Robert John Reed auzitegiko presidenteak gaur azaldu duenez, epaileek «zenbait hilabete» beharko dituzte erabaki bat hartzeko, egunotakoa «icebergaren tontorra besterik ez baita»; besteak beste, 8.000 orrialdeko «idatzizko materiala» aztertu behar dute. Eduki horiei buruzko zalantzak argitzeko eta argudioak helarazteko saioak dira egunotakoak.

Bainek esan duenez, «interes publikokoa» da Gorenak «Eskoziako Gobernuarentzat, parlamentuarentzat eta publikoarentzat argigarria» izango den erabaki bat hartzea, baita harentzat ere, ez baitu argi oniritzia eman diezaiokeen independentzia erreferendum bat egiteari buruzko legeari, Eskoziako Parlamentuak hori onartuko balu. «Ziurtasun legala» behar duela adierazi die epaileei: «[Auzitegiak] Galderari erantzun beharko lioke».

Ikusi gehiago:Eskoziako galdeketa Auzitegi Gorenean

Eskoziaren autonomia zehazten duen Eskozia Legearen interpretazioaren ingurukoa da bi aldeen eztabaida. Independentziak Erresuma Batuaren batasunarekin zerikusia lukeenez, Londresek argudiatu du afera horri buruzko legeak Erresuma Batuko Parlamentuak soilik egin ditzakeela, Eskoziako Parlamentuak ez baitu eskumenik, Eskoziako Legeak dioen modura, batasunari buruzko legeak egiteko.

Erresuma Batuan, herrialdearen batasuna erreserbaturiko auzietako bat da, defentsa, atzerri politika eta merkataritza bezala, esaterako. Hau da, soilik Erresuma Batuko Parlamentuaren esku dauden eskumenak eta aferak dira erreserbaturiko auziak, eta Londres errealitate hori erabiltzen ari da argudio gisa, ziurtatzeko Eskoziako Parlamentuak ezin dituela onartu independentzia erreferendum bati buruzko legeak bere baimenik gabe —2014koarekin hala egin zuten—.

«Ondorio legalik» ez

Bainek erantzun du Eskoziako Gobernuak aurkeztu duen lege proiektuak kontsulta moduko galdeketa bat aurreikusten duela, eta, hortaz, baiezkoak irabaziko balu, erreferendumak ez lukeela «ondorio legalik» eragingo Erresuma Batuaren batasunean —duela zortzi urteko galdeketaren eta 2016ko brexit-ari buruzkoaren antzera—. Eta, beraz, Eskoziako Parlamentua ez litzatekeela ariko erreserbaturiko auzi batez legeak egiten. «Ezerk ez dio Londresi erreserbatzen mota honetako erreferendum batera deitzeko eskubidea».

Iragan ekain amaieran, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak proposatu zuen datorren urteko urriaren 19an egitea bigarren independentzia erreferenduma. Berez, Sturgeonek 2014ko metodoa erabili nahi du berriz: Londresek baiezkoa ematea 30. sekzioa aktibatzeari, eta, beraz, Erresuma Batuak behin-behinean ematea Eskoziari galdeketa antolatzeko eskumenak. Baina orain arte ezezkoa jaso duenez, Eskoziako Parlamentuak auzi horretan dituen eskumenak argitzeko pausoa eman zuen, afera Erresuma Batuko Gorenera eramanda.

Auzitegiak ezetz erantzungo balu, hurrengo pausoa zera izango litzateke: Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeak —printzipioz 2024 amaieran egitekoak dira— afera horri buruzkoak bilakatzea; Eskoziako lehen ministroak deskribatu zuenaren arabera, «de facto erreferendum bat, Eskoziak herrialde independente bat» izan behar duen edo ez erabakitzeko.

Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkariek bihar erantzungo diote Eskoziako Gobernuaren aholkulari legal nagusiari, eta beren argudioak aurkeztuko dizkiete Auzitegi Goreneko bost epaileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.