Ezbeharra

50 urte bete dira Andeetako tragedia gertatu zela

Txilera 45 bidaiari zeramatzan hegazkin bat Andeetan erori zen 1972ko urriaren 13an. Bizirik atera zirenek hildakoen gorpuak jan behar izan zituzten bizirik irauteko. 72 egunez elur eta harkaitz artean egon ondoren, 3.570 metrora, soilik hamasei atera ziren bizirik.

Andeak, Canessak eta Parradok Sergio Catalan mandazaina aurkitu zuten lekutik ikusita. ELVIS GONZALEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko urriaren 13a
07:59
Entzun

Andeetan 1972ko urriaren 13an gertatutakoa beti oroituko den istorio horietako bat da. 50 urte bete dira Uruguaiko armadako T-517 hegazkin batek mendi bat jo, eta, hegalik eta isatsik gabe magal batean 725 metro irristatu ondoren, glaziar bat jo zuela. Hamaika aldiz kontatutako tragedia bat da, eta irakurri, entzun edo pantaila batean ikusi duenaren memorian tokia izango du oraindik bizirik atera zirenek bizitakoa. Gauza bat baita istripu batetik bizirik ateratzea, eta beste bat elur eta harkaitz basamortu batean, Argentina eta Txile arteko mugan, 3.570 metrora bizirik irautea.

Abenduaren 23an erreskate zerbitzuak hegazkinera iritsi ziren unea.Carlos Paezek utzia.

Andeetan abenduaren 22ra arte iraun zuten bizirik Andeetako elurretan tragedia hartatik atera zirenek. 11 lagun istripuan hil ziren; bost, hurrengo orduetan; eta beste hamahiru, 72 egun horietan. Zero azpiko 30 gradu arteko tenperaturekin eta jatekorik gabe, artean bizi zirenek hildakoak jan beste aukerarik ez zuten izan.

«Momentu batean batek esan zuen: ‘Uste dut erotzen ari naizela, gure lagunak jatea pentsatzen ari bainaiz’. Erotuta zegoela esan zioten, ez genuela hori egingo, ez ginela kanibalak bihurtuko. Ni medikuntza ikaslea nintzen, eta haragia, gantza, proteinak eta karbohidratoak ikusi nituen. Niretzat, oso zaila izan zen nire lagunen pribatutasuna hautsi eta euren gorputzaren zati batzuk moztea. Euren intimitatea bortxatzen ari nintzela sentitzen nuen. Eta batek esan zuen: 'Jesu Kristok azken afarian ‘hartu nire gorputza eta odola’ esan bazuen, ondo dago. Niretzat, ez zen azken afaria, baina, gero, neure buruari galdetu nion zer pentsatuko nukeen ni banintz hildakoetako bat. Harro egongo nintzen nire lagunek gorpua bizirik irauteko erabiliko bazuten. Gorpuak jatea zailagoa izan zen batzuentzat, beste batzuentzat baino. Askotan pentsatzen dut giza esperimentu bat izan zela. Gero, ohikoa bihurtu zen bizirik irauteko haragia partekatzea», kontatu zion Roberto Canessak 2016an BBCri. Numa Turcattik uko egin zion hildakoak jateari, eta bera izan zen hiltzen azkena, abenduaren 11n; 25 kilo pisatzen zuen.

Hegazkinaren hondakinen argazkia.Elvis Gonzalez, EFE

Hegazkineko bidaiariak Montevideoko Old Christinas Club errubi taldeko hemeretzi jokalari eta euren senide, zale eta lagunak ziren —berrogei guztira—, tripulazioaz gain (5). Santiagon (Txile) Old Boys Club taldearen kontra jokatzekoak ziren, eta Uruguaiko armadako hegazkin bat kontratatu zuten; jokalariez gain, senide eta lagun batzuek eman zuten izena bidaiatzeko. Hegazkina urriaren 12an aireratu zen Carrascon (Uruguai), baina Mendozan (Argentina) lurreratu behar izan zuen, ekaitz baten ondorioz. Urriaren 13an aireratu zen berriro, 14:18an. Ordubete eta hamasei minutu geroago izan zuen istripua. Laino artean ikusmenik gabe, pilotuak behar baino lehenago hasi zen jaisten, eta hegazkinak Andeen kontrako jo zuen, 4.200 metrora. Izenik gabeko glaziar batean geratu zen azkenean, baina, harrezkero, Malkoen glaziarra esaten diote.

Erreskate taldeek zortzigarren egunean utzi zuten bilaketa. Hegazkinaren kolore zuria elurrarekin nahasten zen, eta, hegazkinak haren gainetik pasatu baziren ere, ez zuten ikusi. Istripua izan zutenak saiatu ziren ezpainetako margoarekin SOS seinalea marrazten hegazkinean, baina ez zuten nahiko margo horretarako. Istriputik bizirik ateratzea eta baldintza horietan bizirik irautea ezinezkoa zelakoan, urriaren 21ean amaitu zituzten bilaketa lanak. Udan ziren gorpuen bila joatekoak, hego hemisferioan, abendutik aurrera.

Sergio Catalan mandazainak Canessa eta Parrado aurkitu zituen zubia.Elvis Gonzalez, EFE

Oraindik ere bizirik zeudenek irrati txiki batean entzun zuten bilatze lanen amaieraren albistea, hamargarren egunean. Orduan erabaki zuten euren kabuz atera beharko zutela handik. Elur jauzi batek harrapatu zituen, gainera, hegazkinaren hondakinetan. Hala, beste saiakera baten ondoren, abenduaren 12an azken espedizioa abiatu zuten Canessak, Nando Parradok eta Antonio Vizintin. Hamar egun eta 38 kilometroren ondoren, Canessak eta Parradok Sergio Catalan mandazaina topatu zuten Los Maitines herritik gertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.