Lan istripua

Garraiolari baten heriotzaren berri eman dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta ENHE sindikatuek elkarretaratzea egingo dute Araian izandako lan istripua salatzeko.

Kamioiak errepide batean geldirik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2022ko urriaren 13a
11:50
Entzun

Portugaldar jatorriko garraiolari bat hil zen aurreko astean Araian (Araba) arrazoi ez-traumatikoengatik, sindikatuek jakinarazi dutenez. Lan istripu gehiagorik ez, prekaritateak hil egiten gaitu lelopean, protesta egingo dute bihar 11:00etan Gasteizen, Posta kaleko 9. zenbakian, SEA Arabako Enpresaburuen Elkartearen egoitzatik hurbil. Garraiolari horren heriotza salatuko dute sindikatuek ekintza horren bidez.

Aurten dagoeneko bederatzi garraiolari hil dira Euskal Herriko errepideetan, 62 lan istriputan. «Estatistika latz horren aurrean, euskal sindikatuek elkarretaratzea egin dute zorigaiztoko istripu bat gertatu den bakoitzean, prekaritateak hil egiten duela salatzen duen pankartari helduta», esan dute. Sindikatuek gogor salatu dute administrazioa garraiolarien lan istripuen estatistikak murrizten saiatzen dela, «gertaerak heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta». Sindikatuen arabera, horrelako ezbeharrak eta lan istripu gehienak «lan baldintza kaskarren ondorio» dira, «zalantzarik gabe».

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta ENHE sindikatuek azaldu dute «gero eta estuagoa» dela garraiolariaren lana; «bizimodua aurrera ateratzeko sektorean dauden zailtasunen, azpikontratazioen, lan jardunaldi luze eta estuen edota enpresek eragindako presa eta presioen ondorio dira gertaera hauek». Estres handiak bihotzeko arazoak sortzen dituela gogorarazi dute. «Horrelako gaitzek garraiolariengan duen eragin handia kontuan hartu beharko litzateke osasun politiketan eta laneko prebentzioan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.