Hezkuntza Legea

Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak Hezkuntza Legearen kontrako manifestaziora deitu du azaroaren 5erako

Iruditzen zaie Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Hezkuntza Legeak ez diola lehentasunezko traturik emango sare publikoari. Kritikatu dute, halaber, ez direla hizkuntza ereduak gaindituko.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren agerraldia, gaur goizean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 13a
13:14
Entzun

Zerbitzu publikoak pribatizatzearen aldeko apustua egitea, sareen dualtasunari eustea, euskalduntzerako «atzerapausoa» izatea eta laikotasuna ez bermatzea. Arrazoi horiek emanda, Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak agerraldia egin du gaur goizean Bilbon, Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legeari «ezezko borobila» emateko. Eta protestara deitu dute: azaroaren 5ean manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean Bizkaiko hezkuntza ordezkaritzatik abiatuta.

Plataformak hogei eragile baino gehiagoren izenean hitz egin du. Hain zuzen, taldean daude, besteak beste, zenbait herritako hezkuntza publikoko taldeak, EHIGE, Heize, Ikasle Abertzaleak, Ikama, Steilas, CCOO eta ESK. Hezkuntza Legeak eskola publikoa defenda dezala dute xede, eta salatu dute irailean publiko egin zuten aurreproiektuaren lehen zirriborroa ez doala bide horretatik: «Sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du». Kontrara, uste dute Eusko Jaurlaritza ikastetxe pribatuen aldeko neurriak «etengabe» hartzen ari dela. Pribatuen finantzaketa handitzea eta 2 urteko haurren gelak ere itundu izana jarri dituzte adibide gisa.

Ez dute bat egiten, halaber, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroan ageri den Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoarekin ere —ikastetxe publikoak eta itunpekoak egongo dira bertan—. Adierazi dutenez, testuak ondorioztatzen du batzuei eta besteei finantzaketa bera dagokiela. Kritika egin diote: «Honek argi eta garbi adierazten du ez dela erraztuko eskola publikoaren hazkundea eta ez zaiola lehentasunezko traturik emango».

Publikoa, euskalduna eta laikoa

Egungo proposamena irakurrita, beste ildo batetik jo behar dela uste dute, eskola publikoa sistemaren «benetako ardatz» izan dadin, «gizarte kohesioa eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortzeko». Horretarako, kritikak ez ezik, proposamenak ere egin dituzte zenbait arlotan. Publikotasunari dagokionez, sare publikoa «sendotzea eta handitzea» nahi dute. Horretarako, «zentzuzko planifikazioa» egitea galdegin dute, «eskola postuen eskaintza errealitatera egokituta» eta eskola pribatuen «gehiegizko eskaintza» ez itunduta. Gainera, ezinbestekoa iruditzen zaie sare publikoari «beharrezko baliabide guztiak» ematea, baita ikastetxeak publifikatzeari bideak zabaltzea ere: «Sare publikoaren finantzaketa handitu behar da, eta sare itunpeko-pribatuaren finantzaketaren kontrolerako auditoria eta ikuskaritza zorrotzak behingoz ezarri behar dira, baldintzak betetzen ez dituztenei itunak kenduz».

Gainera, kohesioa erdiesteko oztopotzat dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «sistema publiko-pribatu duala»: «Sistemaren erdia itunpeko-pribatua da, eta, ondorioz, segregazioa etengabe sortzen eta areagotzen ari da». Nabarmendu dute legeak eredu hori gainditu beharrean «betikotu» egingo duela, «ikasle zaurgarriak itunpeko sarearen finantzaketa handitzeko salerosketako produktu bihurtuta».

Euskalduntzearen inguruan ere badute esatekorik: «Ikasleen euskalduntzean erreferente izaten jarraituko duen eskola publikoa izan nahi dugu». Hori horrela, gaitzetsi dute aurreproiektuak ez duela jasotzen murgiltze eredua, ezta hizkuntza ereduak gainditzea eta euskal curriculuma ere. Arlo horretan zehaztasun falta ere ikusten diote: «Irteera profilak zehazten dituen arren, ez da argitzen nola lortuko duten ikasle guztiek euskarazko B2 maila».

Azkenik, aldarrikatu dute hezkuntza sistemak laikoa izan behar duela. Legeak, ordea, justu aurkakoa planteatzen duela diote: «Erlijioaren eskaintza derrigorrezkoa izango da eskola publikoan, eta ideia erlijiosoak dituzten itunpeko ikastetxeek eskola publikoen finantzaketa bera jasoko dute».

LABek eta ELAk, manifestaziorako deia

LAB sindikatuak bat egin du manifestazioarekin, aparteko ohar baten bidez, eta bertan parte hartzeko deia egin du. LABen iritziz, «eredu berri baterako» trantsizioa egiteko tresna izan beharko luke Hezkuntza Legeak, hezkuntza sistema burujabera, euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze sistemara, eta sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berri batera bidea egiteko. Ordea, zirriborroan ez dute horretarako asmorik ikusten. Izan ere, haien irudiko, ez ditu aintzat hartzen eskola publikoaren beharrak. Hura babesteko eskatu dute: «Hamarkadetan utzikeria handiz jokatu du Eusko Jaurlaritzak, eta bada garaia eskola publikoari zor zaiona emateko, bada garaia eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa indartzeko». Itunpeko sareari dagokionez, salatu dute zirriborroan ez dagoela jasota zer baldintza bete beharko dituzten, eta ez dago kontrol mekanismorik zehaztuta horiek betetzen direla bermatzeko.

Sindikatuari egokia iruditzen zaio Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortzea, ikastetxe orori eskubide eta betebehar berak emanez, baita ikastetxeei eskumen gehiago ematea ere: «Urrats bat izan liteke Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren norabidean, hau da, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizaturako bidean, baldin eta trantsizio gisa ulertzen bada, eta ez amaierako egoera gisa». Alabaina, legearen zirriborroa aztertuta, esan dute «argi» ikusten dutela EAJk ez duela inolako asmorik horrelako trantsizio bati bide emateko; alegia, hezkuntza sistema duala «betikotu» nahian dabilela, «zerbitzu publikoen gainean duen ikuspegi neoliberalean oinarrituta».

ELAk ere atxikimendua adierazi du, eta manifestaziora joateko eskatu die militanteei. Izan ere, sindikatuak ez du bat egiten aurreproiektuaren zirriborroarekin. Uste du legeak tresna izan behar duela lan baldintza duinak izango dituen euskal eskola publiko burujabea eta inklusiboa eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.