Paul Baudry Basusarriko auzapez ohiari ezarritako zigorra berretsi du Paueko Dei Auzitegiak

24 hilabeteko kartzela zigorra gibelapenarekin eta hamar urteko inhabilitazioa mantendu diote, baina isuna 100.000 eurotik 15.000 eurora jaitsi diote.

Paul Baudry. ISABELLE MIQUELESTORENA
Iñaut Matauko Rada - Ekhi Erremundegi Beloki
2022ko urriaren 13a
16:17
Entzun

2020ko irailean Baionako Auzitegiak ebatzi moduan, Paueko Dei Auzitegiak kargu guztiengatik errudun jo du Paul Baudry Basusarriko (Lapurdi) auzapez ohia, eta bi urteko kartzela zigorra gibelapenarekin eta hamar urteko inhabilitazio eskaera mantendu du. Hala ere, haren aurkako isuna 100.000 eurotik 15.000 eurora jaitsi du auzitegiak. Baudry 25 urtez izan zen Basusarriko auzapez.

Baionako Auzitegiak 2013. eta 2018. urteen artean egindako hainbat ustelkeria kasurengatik epaitu zuen 2020ko ekainean Paul Baudry. Kargu publikoa bere intereserako erabiltzea, ondasun sozialez abusatzea, zerga iruzurraren zuritzea, eta Bizi Publikoaren Gardentasunerako Goi Aginteari ondasunak ez aitortu izana leporatu zioten auzapezari. Besteak beste, PMB konpainia sortu zuen auzapezak Vinci etxe eta terrenoen salerospenerako konpainiarentzat, «aholkularitza lanetan» aritzeko. Lurrei buruzko informazioak ematen zizkion konpainiari.

Akusazioaren arabera, kargu publikoa bere intereserako erabiltzen zuen PMB konpainiaren bidez. Bestalde, PMBko diru funtsa bere zor pertsonalak pagatzeko baliatu izana leporatu dio auzitegiak. Diru hori Espainiako Estatuko banku batera igortzen zuen; hala, zerga iruzurra zuritzen zuen Baudryk, akusazioaren ustez. Bestalde, bere ondasunak ez osoki aitortzeagatik epaitu dute. Izan ere, kargu politikoa duen orok ondasunak aitortu behar ditu hautatua izan aitzin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.