Lan gatazkak

FVEMen eskaintza berriak ez du indargabetu Bizkaiko metalgintzako greba

CCOO, LAB eta UGT «mugimendu bat egiteko prest» agertu dira, patronalak neurri erregresiboak kentzen baditu

Bizkaiko metagintzako grebar berri emateko afixa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 13a
17:23
Entzun

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek hilabete amaierako greba deialdiari eutsi diote oraingoz. FVEM patronalak lan ituna berritzeko bere azken eskaintza hobetu arren, sindikatuen ustez «ez da nahikoa», eta urriaren 27rako, 28rako eta azaroaren 2rako eginiko greba deialdiak mantendu dituzte. Hala ere, CCOO, LAB eta UGT —ordezkaritzaren %59,5 dute— «mugimendu bat egiteko prest» daude FVEMek baldintza erregresiboak kendu eta erosteko ahalmen osoa bermatuko duen proposamen berri bat egiten badu. ELAk, berriz, nabarmendu du greba egunak aktibatzen eta prestatzen jarraitu behar dela. Hurrengo bilera hilaren 19an izango da.

Astiro eta apurka bada ere, badirudi jarrera batzuk mugitzen ari direla Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioan. FVEMek eta sindikatuek negoziazio txanda honetako hamahirugarren bilera egin dute, eta patronalak bere azken eskaintza hobetu du. Proposamen berriaren arabera, horrela eguneratuko lirateke soldata taulak: %4,5 2022an; %3 2023an; eta %2,5 2024an. Era berean %2rainokoa izan daitekeen eguneratze bat eskaini du itunaren indarraldiaren amaieran, betiere hiru urte horietako KPI bateratua aurrez adosturiko igoera finkoak baino handiagoa bada. Era berean, eta FVEMen arabera, malgutasun eskariari dagokion urteko lan ordu kopurua murriztu du.

Sindikatuentzat, baina, ez da nahikoa. CCOOrentzat, LABentzat eta UGTrentzat eskaintza horrekin oraindik ere ez dago bermatuta langileen erosteko ahalmena. Era berean, ez datoz bat patronalarekin malgutasun orduak murrizten direla ondorioztatzean. Haien ustez, hori ez da FVEMek mantentzen duen baldintza erregresibo bakarra. Esaterako, sendagiria jaso osteko osagarrien ordainsariak baldintzatu nahi ditu. Sindikatu horiek, dena den, mugimendu bat egiteko prest agertu dira FVEMek «arduraz jokatu» eta bere eskaintza hobetzen badu. Hurrengo bilera 19an da, eta orduan ikusiko da deialdiari eusten dioten ala ez.

ELA, irmo
ELAk —%40,5eko ordezkaritza—, ordea, atzoko bileraren balorazio gogorragoa egin du: «Igoera eskaintza ez da nahikoa. Adibidez, 2022rako eginikoak kanpoan uzten ditu sektoreko langile gehienak». Sindikatuaren ustez, FVEMen eskaintzak «urrun» daude metalgintzako langileek behar dutenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.