Siemens Gamesak oraindik ez du argitu non egingo dituen kaleratzeak

Enplegu mahaia osatuta, sindikatu bakoitzeko hiru kide izendatu dira, eta hurrengo bilera urriaren 25ean egingo dute.

Siemens Gamesaren Zamudioko egoitzan bildu dira sindikatuak eta zuzendaritza. LUIS TEJIDO / EFE
joxerra senar
2022ko urriaren 13a
19:15
Entzun

«Ez eduki zalantzarik sindikatuon lehen galdera dela non egin nahi dituen kaleratzeak». 15:00etan batzartu dira Zamudion (Bizkaia) Siemens Gamesako zuzendaritza eta sindikatuak, baina konpainiak ez du argitu nola banatuko diren bulegoetan egin nahi dituen 352 kaleratzeak.

Irailean jakinarazi zuen Siemens Gamesak munduan 2.900 langile kaleratuko zituela, horietatik 475 Espainiako eta Euskal Herriko lantokietan. Gerora jakin denez, 475 kaleratze horien artean daude kontratua berrituko ez zaien Agredako (Soria, Espainia) 80 behin-behineko eta aurretik ere desagertzea espero ziren errotazioko beste 42 lanpostu.

Horrek esan nahi du Siemens Gamesaren plana bulegoei begira egingo dela eta 352 kaleratzeak egingo dituela Zamudion bertan, Sarrigurenen (Iruñea, Nafarroa) eta Madrilen.

Dena den, CCOOko Miguel Garcia Adanerok azpimarratu duenez, kaleratzeak nola banatu nahi dituen zehaztu gabe jarraitzen du enpresak. Ez die esaten ere zer ataletan egin nahi dituen, horrekin ondoriozta baitezakete langileen ordezkariek non izango diren. «Susmoa dugu Nafarroan asko izango direla, baina ez dakigu zenbat», aipatu du Garcia Adanerok.

CCOOko ordezkariaren arabera, «lanpostuak ez daude soberan». Garcia Adanerok ez ditu ulertzen enpresak emandako argudioak. Euren planteamendua da, arrazoiak aztertu ostean, enpresaren lan eskaintzak ez kanporatzea eta bertako langileekin betetzea; eta, behar izanez gero, erretiro aurreratuekin eta borondatez lana utzi dutenekin estaltzea hori.

ELAren eskaera

ELAk berretsi du lehen enplegu mahaia osatuta ez dakitela oraindik nola eragingo duen Euskal Herriko bi lantokietan. Datu gehiago biltzeko eskaera formala egin du, Europako Batzordean aurkeztu zen informazio ezagutzeko asmoz. Sindikatuak gogoan hartu du 2018tik hirugarren doikuntza plana aurkeztu duela enpresak eta horrek «tentsioa areagotu» besterik ez duela egiten langileen artean.

ELAk enpleguaren egonkortasuna bermatu dezala galdegin dio, eta horretarako industria plan «sendo bat» aurkez dezala. Siemensetan eta Gamesaren arteko bat egitetik enplegua etengabe suntsitu dela gaitzetsi du.

Urriaren 25ean, hurrengoa

Ikusi beharko da hurrengo enplegu mahaian datu gehiago ematen dituen zuzendaritzak. Urriaren 25ean dira biltzekoak. Sindikatu bakoitzeko hiru ordezkari joango dira bigarren bilkura horretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.