Irak

Presidente berria dute Iraken: Abdelatif Raxid kurdua

Hauteskundeak egin eta urtebetera jarri dira ados Irakeko indar politikoak estatuburu berria hautatzeko.

Abdelatif Raxid Irakeko presidente berria (eskuinean) herrialdeko parlamentuan, gaur. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 13a
19:49
Entzun

Irakeko Parlamentuak Abdelatif Raxid izendatu du gaur herrialdeko presidente. Parlamentuko 329 eserlekuetatik 162ren babesa jasota, Raxidek hartu dio lekukoa Barham Salehri Irakeko estatuburu gisa. Gaurkoaren aurretik beste hiru saio eginak zituzten parlamentuan presidente berria hautatzeko. Hirurek porrot egin ostean, laugarrenean jarri dira ados alderdi politikoak Raxid presidente izendatzeko.

Izendapena publiko egin bezain pronto, Mustafa al-Kazemi Irakeko lehen ministroak «arrakasta» opatu dio «bere zereginean». Indar politiko guztiei eskatu die «elkarrekin kooperatzeko eta presidente berriari babesa eskaintzeko».

Iazko urrian egin zituzten hauteskunde parlamentarioak Iraken, eta urtebete behar izan dute presidente berria hautatzeko. Dena den, gobernu berria ez dute osatu oraindik.

Saddam Husseinen aroa amaitu zenetik, parlamentuko presidenteak sunita izan behar du; lehen ministroak, xiita; eta presidenteak, berriz, kurdua. Raxid ere Kurdistangoa da, eta PUK Kurdistango Batasun Abertzalearen ingurukoa. PUK da Iraken menpeko Kurdistango alderdi nagusietako bat.

Irakeko presidentetza ez da Raxidek izan duen lehen ardura Irakeko Gobernuan. Ur Baliabideen ministro izan zen 2003tik 2010era. Orduan, Irakeko Presidentetzako aholkulari nagusi izateko utzi zuen kargua. Jalal Talabani, Fuad Masum eta Saleh presidenteen aholkularia izan da gaur arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.