Lan gatazkak

Burdinberri enpresan lan ituna egin dute 27 greba egunen ondoren

ELAk jakinarazi du KPIari lotutako soldata igoerak lortu dituztela Gasteizeko aeronautika alorreko enpresa horretan.

Gasteizen egindako aeronautika sektoreko protesta bat. JAIZKI FONTANEDA / FOIKU
xabier martin
2022ko urriaren 14a
13:11
Entzun

Bukatu dira mobilizazioak Burdinberri enpresan. KPIa jasotzen duten soldata igoerak eta «hobekuntza nabarmenak» txertatuta egin dute lan hitzarmena langile batzordeak eta zuzendaritzak, ELA sindikatuak ohar baten bidez ezagutarazi duenez. «27 greba egunen ondotik dator hitzarmena», gogorarazi du sindikatuak.

Aeronautikaren sektorean, Arabako metalgintzaren barruan lan egiten duten 60 langile ditu Burdinberrik. «Azken urteetan, enpresak langileak kaleratu ditu, eta aldi baterako lan erregulazioak gehiegikeriaz erabili ditu», salatu du ELAk. Baina 2022. urtean jarduera jada martxan zegoen aeronautika suspertu ondoren, eta lan karga handitu zuen. «Batzordeak irabazien inguruko proposamen egokia egin zuen langileek sortutako aberastasuna banatzeko, soldata duina eta KPIren araberako igoera izateko», esplikatu du sindikatuak.

Zuzendaritzak ezezkoa eman zuen, ordea, eta langile batzordeak astebeteko greba egin zuen uztailean, eta irailean ere jarraitu zuen lanuzteekin; are, greba mugagabea bihurtu zen joan den astean. «Greba horri esker eta batzordeak eta grebalariek etsi ez eta indarra eduki izanari esker lortu da akordioa», esan du langile batzordeak. ELA sindikatuko ordezkariek osatua da langileen ordezkarien organoa.

Azkenerako, gaur sinatu dute enpresa Ituna Burdinberrin, eta hauek dira hobekuntzak: KPIaren igoerak 2022, 2023, 2024 eta 2025. urteetarako; 250 euroko ordaina langile bakoitzari sinadurarekin batera; ituna ez aplikatzeko klausula. «Hori garrantzitsua da enpresak ez dezan balia Zapateroren eta Rajoyren erreforma hitzarmena ez betetzeko aukera», azaldu du ELAk.

Horrez gain, 2023rako lanaldi jaitsiera 1.727 ordura artekoa izango da. «Arabako metalean soldata igoera duinak lortu daitezkeela erakusten duen adibide bat da Burdinberri, batez ere langileak antolatu, mobilizatu eta grebarako aukera eskaintzen bada», erantsi du ELAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.