GERRA UKRAINAN

Bielorrusiak estatuko indarren alerta handitu du

Herritarren eskubideak murrizteko aukera edukiko du Minskek. Khersonetik ebakuatutako lehen zibilak gaur dira Errusiara iristekoak.

Emakume bat bere etxean, Iziumen, Kharkiv eskualdean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 14a
13:51
Entzun

Bielorrusiak jakinarazi du «terrorismoaren aurkako operazioen erregimena» ezarri duela. Aleksandr Lukaxenko herrialdeko presidenteak kazetariei esan die alerta handitzeko erabakia hartu dutela, Ukrainako gerraren bueltan egoera «larritu» egin delako. Presidenteak hori esan du Astanan (Kazakhstan), Sobietar Batasuna desegin ondoren sortutako EBE Estatu Burujabeen Erkidegoaren goi bilera bat bukatu denean, baieztatuz Vladimir Makei Atzerri ministroak Izvestia Errusiako egunkarian egin dioten elkarrizketan esandakoak.

Salbuespenezko neurri hori ezarriz, hortaz, herritarren eskubideak murrizten dira, eta estatuko indarren eskumenak handitzen dira atxiloketak egiteko, eta komunikazioak zein herritarren joan-etorriak kontrolatzeko. Aste honen hasieran Lukaxenkok adierazi zuen Ukraina Bielorrusiaren aurkako eraso bat prestatzen ari dela. Kievek ukatu egin du. Nolanahi ere, Bielorrusiako presidenteak esan du alerta handitu denez armada herrialdean tropak hedatzen hasi dela.

Gerra frontean, Ukrainak jakinarazi zuen, atzo, hegoaldeko Kherson hiri estrategikoaren bueltako bost kokagune berreskuratu dituela. Errusiak partzialki okupatuta dauka Kherson eskualdea, eta Kremlinek han daukan gobernadoreak eskatu zien herritarrei eskualdetik alde egin zezatela. Moskuk adierazi zuen, gainera, eskualdea ebakuatzen lagunduko duela, eta TASS Errusiako berri agentziaren arabera, lehen zibilak gaur dira Errusiako Rostov eskualdera iristekoak.

Errusiak Ukrainan partzialki okupatuta dauzkan eskualdeen artean, Kherson da, ziurrenik, estrategikoena. Batetik, Krimeako penintsulara Ukrainatik bidez iristeko handik pasatu behar delako; eta, bestetik, Kherson hiritik igarotzen delako Dnipro ibaia —Ukraina bitan zatitzen du— Itsaso Beltzean itsasoratu aurretik.

Ukrainak iturri ofizialek adierazi dute, bestalde, Errusiak jarraitzen duela herrialdeko «ezinbesteko azpiegiturei» eta zibilei eraso egiten. Azken orduetan dozenaka aire eraso kontatu ditu Mikolaiv eta Nikopol hirietan, Zaporizhia eskualdean eta Kiev eskualdean, besteak beste. Kieven esanetan, Errusiaren erasoen helburua da energia azpiegiturak txikitzea. Erasoaldia handitu egin da joan den larunbatean Krimeako anexioaren ikur den zubia hondatu zutenetik.

Ikusi gehiago:  Krimeako anexioaren ikur den zubiaren zati bat hondatu dute

Erdogan, prest

Vladimir Putin Errusiako presidenteak planteatu du Turkian «gas gune handi bat» egitea, eta, hartara, Nord Stream gasbideetarako aurreikusitako gas hornikuntza Turkiarantz birbideratzea, handik zabaltzeko. Hori jakinarazi zuen, atzo, Astanan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin bildu eta gero. Eta Astanatik bueltan Erdoganek kazetariei adierazi die agindu diola Energia eta Baliabide Naturalen Ministerioari Errusiakoarekin batera lan egin dezala aukera hori aztertzeko.

Ikusi gehiago:  Bake elkarrizketez aritu ordez, gasaz aritu dira Putin eta Erdogan

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.