Azpiegiturak

AHTaren kudeaketan «norabide aldaketa» eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

Oraindik gutxienez 5.000 milioi euroko kostua izango duten lanak egitea falta dela dio EH Bilduk, eta diru hori politika publikoetan inbertitzeko eskatu du.

Ezkio-Itsasoko AHTaren getokiko lanak. GOTZON ARANBURU / FOKU
inaut matauko rada
2022ko urriaren 14a
15:33
Entzun

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuari zuzendutako interpelazio bat egin du gaur EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta Euskal Y-aren kanpoko loturen egoerari buruz galdetu diote. Izan ere, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako AHTa «irla bat» izango dela, «kolokan» daudelako Ipar Euskal Herriarekiko lotura, Santanderrekikoa (Espainia), Burgosekikoa (Espainia) eta Nafarroarekikoa. Fernandez de Betoñoren arabera, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko lotura ez da lehentasun bat Frantziako Estatuarentzat, eta plataforma berria egin beharrean, Bordele-Hendaia zatia modernizatzeko hautua egingo duela nabarmendu du.

Hori da, hain zuzen ere, EH Bilduko eledunak Eusko Jaurlaritzari eta Arriolari eskatu diona: oraindik eraiki gabe dauden AHTaren zatietan —Miranda del Ebro (Espainia)-Gasteiz-Altsasu, adibidez— plataforma berriak egin beharrean, egun dauden instalazioak modernizatzea eta AHTra moldatzea: «Uste dugu momentua dela lotura horietan milioiak eta milioiak bota ordez, inbertsio politika publikoen norabide aldaketa indartsu bat egiteko».

AHTaren lanen eta denbora tarteen inguruan ere hitz egin du Fernandez de Bretoñok, eta gezurretan ibiltzea egotzi dio Jaurlaritzari: «Atzerapen berri bat ezagutu dugu egunotan. Arriola sailburuak hemen bertan, duela urte bat, esan zuen 2026 amaieran edo 2027 hasieran amaituko zirela, baina Espainiako ordezkariak esan digu 2028a dela data berria, dena ondo bidean». Horren aurrean, Arriolak Fernandez de Bretoñori gogorarazi dio AHTa «interes orokorreko azpiegitura» bat dela, eta, beraz, Espainiako Gobernuaren esku dagoela, ez Eusko Jaurlaritzaren esku. «Konplexutasun handiko» lanak direla ere adierazi dio sailburuak EH Bilduko legebiltzarkideari, eta koalizio abertzaleari esan dio AHTarekin «obsesionatuta» dagoela.

Bestalde, Arriolak adierazi du Eusko Jaurlaritza «guztiz» konprometituta dagoela AHTaren lanekin, eta hainbat lan egoki egiten ari direla esan du, Atotxako geltokiko lanak eta Hernani-Astigarraga (Gipuzkoa) zatiko lanak, esaterako. Horrez gain, sailburuak dio Jaurlaritza lanean ari dela AHTaren Bilboko eta Gasteizko sarrerak egiteko.

Euskal Y-Nafarroa lotura

Oraindik ez dago garbi non egingo den Nafarroako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako AHTen arteko lotura. Fernandez de Betoñok adierazi du Jaurlaritzak «urteak» daramatzala lotura Ezkio-Itsason egingo dela, baina gehitu du Espainiako Gobernuak 2018an Altsasu eta Gasteiztik lotzeko alternatiba ere mahaigaineratu zuela, eta alternatiba hori egokiena zela esan: «Beste gezur bat, beste txapuza bat», leporatu dio EH Bilduko eledunak Jaurlaritzari. Santanderreko eta Burgoseko loturetan ere arazoak daudela nabarmendu du.

Horri erantzunez, Arriolak berriro ere Fernandez de Betoñori gogorarazi dio Euskal Y-Nafarroa lotura Espainiako Gobernuaren esku dagoela, eta oraindik ez dutela erabaki lotura Ezkio-Itsason edo Gasteizen egitea: «Nire sailaren jarrera ezaguna da: aldeen artean adostutako erabaki bat hartu behar dugu, hainbat irizpideren araberako analisi baten laguntzaz: tekniko, ingurumen, ekonomiko eta sozial».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.