Osasuna

ELAk salatu du Osakidetza anestesistak «behartzen» ari dela Arrasaten lanean hastera

Sindikatuaren arabera, kontratua ez berritzeko «mehatxupean» estutzen ditu profesionalak; LEParen irregulartasunak salatu zituzten profesionalek utzitako hutsuneak bete ezinik dabiltza

arantxa iraola
2022ko urriaren 14a
18:32
Entzun

ELA sindikatuak salatu duenez, «mehatxupean behartuta» kontratatu nahi ditu Osakidetzak anestesistak Arrasateko Ospitalerako. Hutsune agerikoak dituzte erietxe horretan; bertako hiru anestesistak salatu zituzten 2018an Osakidetzaren LEPean izan ziren irregulartasunak, eta bik lana utzi dute hilabeteotan. Iragan maiatzean utzi zuen batek lana, eta hilabete honetan jakin da bestearen erabakiaren berri: lanpostua utzi du, eta urteotan pairatzen ari den «jazarpen eta tratu txar instituzionala» erabakiaren atzean dagoela esan du, gainera. Hirurek salatu dute lan egoera zaildu zaiela irregulartasunen berri eman zutenetik. Hutsune horiek bete ezinean dabil orain Osakidetza ELAren aburuz, eta estu hartzen ditu langileak Arrasatera lanera joateko; salatu dute, adibidez, Bizkaian ari zen langile bati kontratua berritu gabe utzi diotela ez duelako joan nahi izan Arrasatera lanera.

Sindikatuak gogoratu du aspaldi ari direla Osakidetzako lantaldeen «urriaz» ohartarazten, eta horrek dakartzan ondorioak gero eta «agerikoagoak» direla. «Orain arten lehen mailako arretako medikuen eskasia izan da argiena, baita erizain eta emaginena ere, baina orain beste espezialitate batzuetan ere agerikoa da: adibidez, anestesisten artean».

Eskasia horren ondorioz, Arrasateko erietxean anestesisten lan egoera «negargarria» dela esan du sindikatuak. Eta horrek ondorioak dituela. Aditzera eman duenez, lantaldean bost profesional daude, eta horietako hiruk utzi egin dute azkenaldian; utzi dutenetako bi, hain justu, LEParen irregulartasunak salatu zituzten profesionalak dira. ELAren arabera, bi anestesista bakarrik daude orain erietxe osorako, eta horregatik dabil orain Osakidetza profesional gehiago eramateko ahaleginetan.

Araudiaren kontra

Bide okerretik ari da Osakidetza, ELAren arabera. Lan baldintzak «duindu» beharrean «mehatxuka» langileak estutu nahi dituela deitoratu du. Sindikatuaren arabera, behin-behineko kontratuak dituzten langileei esaten diete, Arrasaterako proposamena onartzen ez badute, ez dietela gehiago kontraturik berrituko. Langileak kontratatzeko araudiaren arabera, horrelakorik ezin dela onartu gogoratu du sindikatuak, eta arbuiagarria dela guztiz portaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.