Turkia

Gutxienez 40 meatzari hil dira Turkian ikatz hobi bat lehertu ostean

110 langile ziren meatzean eztandaren unean; 11 lagun ospitaleratu dituzte. Amasran jazo da ezbeharra, Turkia ipar-mendebaldean.

Osasun langileak, erreskatatu duten langile bat artatzen. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko urriaren 15a
11:58
Entzun

Eztanda bat izan zen atzo Turkiako ikatz hodi batean, eta gutxienez 40 hildako eragin ditu, Suleyman Soylu Turkiako Barne ministroak baieztatu duenez. Hain zuzen, Amasra herrian jazo zen ezbeharra, Turkia ipar-mendebaldean, 18:15 zirenean. 110 meatzari zeuden lanean eztandaren unean, 49, eztandaren lekuan, 300 metroko sakoneran. 60 lagun inguru beren kabuz atera dira edo erreskatatu dituzte hobitik. 11 lagun ospitaleratu dituzte, Istanbulen zein Bartin hirian; horietatik bost egoera kritikoan dira.

Oraindik ez dira argitu leherketaren kausak. Fatih Donmez Turkiako Energia ministroak, ordea, adierazi die medioei grisu gas sukorra dela-eta gertatu dela eztanda —ikatz meatzeetan egoten den gas bat da hori—. Bere aldetik, Bartin probintziako fiskaltza nagusiak ikerketa bat abiatu du ezbeharra ikertzeko. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ere Amasrara bertaratzekoa da, erreskate lanak zuzentzeko.

Meatzari batek bizitakoa kontatu du: «Ez dakigu ezer. Hautsa eta kea zegoen, ezin izan genuen ikusi gertatutakoa. Neure kabuz iten nintzen ni. Leherketaren presioa sentitu genuen [leherketaren lekutik] urrun samar geundenak, baina ezin izan genuen ezer ikusi».

Ikatz hobia Turkish Hard Coal Enterprises enpresa estatalarena da, eta Evrensel egunkari turkiarraren arabera, lehertzeko arriskua zuten gas filtrazioak erregistratu zituen Sayistay kontuen epaitegiak, 2019an. Turkia ikatz eta lignito meatzeetako istripu gehien gertatzen den herrialdea da. Atzera eginda, 2014an, 301 langile hil ziren Somako meatzeetan, herrialdeko halako istripurik handienean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.