Ehunka lagunek Onkologikoa bizirik nahi dutela aldarrikatu dute Donostian

Donostiako kaleak hartu dituzte, Onkologikoak zentro monografikoa izan behar duela eta jarduera handiagoa eduki behar duela aldarrikatzeko.

Onkologikoaren alde egin duten manifestazioa, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 15a
17:44
Entzun

«Onkologikoak bizirik jarraitu dezala, guk bizirik jarraitu ahal izan dezagun». Olatz Mercaderrek hitz gutxitan laburbildu du gaur goizean Donostian Onkologikoaren alde egin duten manifestazioaren arrazoi nagusia. Onkologikoko pazienteen eta erabiltzaileen elkarteko presidentea da Mercader, eta «erabat bikaina» izan den Onkologikoaren eredua galbidean ikusten duela esan du protesta hasi aurretik egindako adierazpenetan: «Onkologikoko eredu bikain hori ez galtzea eta berreskuratzea nahi dugu». Aldarri berarekin, ehunka pertsona bildu dira Onkologikoa bizirik. Monografikoa leloa zeraman pankartaren atzean.

Mercaderri berari Onkologikoan artatu diote minbizia; beraz, gertutik bizi du egoera. Onkologikoko arta aldatuta dagoela ikusi du, eta zentroaren izaera monografikoa defendatu du: «Erabat bikaina izan den arta eredu bat ezagutu dugu Onkologikoan, gertukoa, azkarra, goxoa, ondo programatutakoa; orain, osasun zentroetan sakabanatuta gaude». Zentro batetik bestera gaixoek «ginkanak» egin behar dituztela gaitzetsi du: «Benetan ez dakit norbait gure lekuan jarri den eta gai diren baloratzeko horrek zein kalte dakarkion gure osasunari».

Baina pazienteak ez daude bakarrik, langileek ere bat egiten dute eskaerekin. Jon Galfarsoro da enpresa batzordeko idazkaria, eta hark xehatu ditu manifestazioaren helburu nagusiak: Onkologikoaren erabilera areagotzea, onkologian erreferentziazko zentroa izatea eta Osakidetzen erabat integratzea.

Egun, ospitalea «gainbeheran» dagoela nabaritzen du Galfarsorok. Lehen, Kutxa fundazioarena zen Onkologikoa, baina, Galfarsorok azaldu duenez, lau urte igaro dira Osakidetzan integratu zenetik; ez guztiz, ordea: «[Eskatzen dugu] erabateko integrazioa izan dadila, estrukturala eta organikoa. Orain arte, integrazio funtzionala bakarrik egin da». Esaterako, langileak Kutxa fundazioarenak dira oraindik.

Ez da hori arazo bakarra. Onkologikoa gutxiegi erabiltzen dutelakoan dago: ospitaleratzeen solairuaren erabilera txikiegia da, %10-15ean baitago beteta, eta ez daukagu aktibitate kirurgikorik. Hiru-lau ebakuntza gela dauzkagu, eta ez da ia ezer egiten». Halaber, tratatzen dituzten paziente horiek «beren osotasunean» tratatu behar lituzketela uste du: «Izan dadila ospitale bat tratatuko dituena pazienteak beren osotasunean, patologiaren hasieratik amaieraraino: diagnostikoa, kontsulta, tratamendu terapeutikoa, kirurgia eta alta». Haren hitzetan, lehen hala egiten zuten; orain, aldiz, ez.

Behin manifestazioa hasita, oihu bat izan da nagusi: «Onkologikoa bizirik». Bulebarretik Zuloaga plazara egin dute ordubete pasatxoko ibilbidean baina, Kutxa fundazioari eta zuzendu zaizkio oihuka: «Kutxa, entzun, Onkologikoa borrokan». Baita Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari ere: «[Gotzone] Sagardui, gezurrik ez».

Bere begiz ikusi du azken urteetako aldaketa manifestazioan pankartari eusten joan den Axun Totorikaguenak. Orain zortzi urte atzeman zioten gaitza, eta azkar tratatu zuten: «Hilabetean ebakuntza eginda nengoen, erradioterapia hartuta...». Tratamendua «ti-ta» jaso izana eta eskainitako babesa eskertu ditu. Oraindik ere jarraitzen du kontsultara joaten, eta aldatuta nabaritzen du: «Ikusten da ez dabilela jenderik lehengo moduan, eta, alde horretatik, pena izugarria da».

Mattina Etxeberriak, berriz, egungo eredua baino ez du ezagutu bertatik bertara. Urtarrilean ebakuntza bat egin behar izan zioten, bularreko minbizia zeukalako, eta hiru astez jaso zuen erradioterapia tratamendua. Bere kasua «ondo» joan dela esan du, baina ospitaletik Onkologikora eta Onkologikoik ospitalera ibili behar izan du: «Ebakuntza ospitalean egin zidaten, eta beste gauza batzuk Onkologikoan egin dizkidate». Argi dauka manifestazioan egon beharra daukala: «Lehendik ere entzuna nuen murrizketak egiten ari zirela Onkologikoan, eta nola gertuagotik sentitu nuen, pentsatu dut babestu behar dela».

Erakundeei zehaztasun eske

Pazienteen hitzak berretsi dituzte manifestazio amaieran gaixoen eta langileen ordezkariek irakurri duten oharrak. Onkologikoa 2019an Osakidetzarekin lotu zutenetik «gutxiegi» erabilitako zentro bat dela nabarmendu dute: «Baliabideak gutxiegi erabiltzea lotsagarria da itxaron zerrenda onartezinak pilatzen dituen osasun egoera batean». Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Kutxa fundazioari galdegin diote lau urteko prozesua igaro denean, zehaztu dezatela Onkologikoaren «asistentzia eredua» eta langileen jarraikortasuna, «estilo monografikoa errespetatuz eta langileak organikoki Osakidetzaren egituren barruan integratuz». Langileen eta pazienteen ordezkariek ez ezik, EH Bilduk eta Ahal Duguk ere bat egin dute manifestazioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.