Hilberria

Laura Martin hil da, GALek hildako Juan Carlos Garcia Goenaren alarguna

Garcia Goena 1987an hil zuen GALek. Ordutik, kasua argitzeko lanean aritu zen Martin.

Laura Martin, artxiboko irudi batean. @BERDINTASUNEJGV
2022ko urriaren 15a
18:05
Entzun

Laura Martin, GALek 1987an hil zuen Juan Carlos Garcia Goenaren alarguna, hil da. «Laura beti izango da memoria, justizia eta egia bidea diren adibide», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailak, sare sozialen bidez. Besteak beste, Martin Coviteko zuzendaritzako kide eta presidenteorde izan zen, eta urte luzez lan egin zuen Garcia Goneraren hilketa argitu zedin.

Maria Jauregik, ETAh hildako Juan Mari Jauregiren alabak, adierazi du egun «tristea» dela: «Laurak utzi gaitu justiziaren berri izan gabe. Jakin dezazula zure borroka geurea ere badela eta zure alaben ondoan izango garela. Betirarte Laura!».

Uztailaren 24an bete ziren 35 urte GALek Garcia Goena hil zuenetik. Talde armatu haren azken biktima izan zen. Ez zen ohiko iheslaria: ez zuen erakunde batean militatzen, eta ideal politiko argirik ere ez zitzaion ezagutzen; soldadutzatik ihesi joan zen Ipar Euskal Herrira.

Maria Garcia alabak hala adierazi zuen urteurrenean: «35 urte dira GALek nire aita, Juan Carlos Garcia Goena, hil zuenetik. 35 urte justiziarik gabe, 35 urte egiarik gabe, 35 urte errekonozimendurik gabe, 35 urte memoriarik gabe, Baina, gure historia ere errelatoaren parte da, eta gogoratzen jarraituko dugu». Izan ere, Martinek egindako lana izan zen Espainiako Auzitegi Nazionala bultzatu zuena Garcia Goenaren hilketa berriz ikertzera. 2016an izan zen hori, baina ez zen urrats gehiago egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.